Bloga

Istiluak Zumaiako nasen inguruan

Apirileko
idatzian arrantzarako nasak ekarri genituen txoko honetara. Nasa horiek
zer eta nolakoak ziren ikusi genuen, baita hiribilduen ekonomian izan
zuten garrantzia azaleratu ere. Arrantzarako egitura horien kokapenak,
ordea, istilu eta auzi ugari sortu zituzten ibaien erabileraren
inguruan. Gaiari jarraipen txiki bat egin nahirik, nasa hauekin Zumaian
egon ziren zenbait istilu jorratuko ditugu artikulu honetan.

Nasetako
arrantza jarduera handikoa izaten zen, baina gehienbat abendutik
apirila bitarteko hilabeteetan. XV. eta XVI. mendeetan ohikoa zen leinu
handien, eliz erakundeen eta kontzeju eta hiribilduen ondasunen artean
arrantzarako horrelako azpiegiturak topatzea. Aurreko idatzian aipatu
genuen bezala, nasa baten lehen datuak 1416koak dira Zumaian.
Azpiegitura horien hedapenak, ordea, ibaien nabigazioan arazo handiak
sortzen zituen. Alde batetik, ibaian gora kokatzen ziren hiribilduak
kexu agertzen ziren, beren ekonomiarako ezinbestekoa zen burdinolen
jarduera kaltetzen zuelako. Bestalde, ibaien ibilgua ixten zuten egitura
horien erruz, hondoratze eta heriotza asko izan ziren. Hain handia
izanik arazoa, 1484rako Ordiziako Batzar Nagusietan horien egitura,
kokagunea eta forma arautzeko xedapenak zehaztu zituzten. Ibaietako
nabigazioan sortzen zituzten arazoak eta ibaien itxiera osoa saihesteari
begira, nasa guztiek ibaiaren ibilguaren heren bat libre utzi behar
zuten. Arau horri esker, burdinolen industriarako beharrezkoa zen ibai
nabigazioa bermatzen zen, eta arrainek (bereziki izokinek) ibaian gora
egin ahal izatea ahalbidetzen zuen.

Bestalde,
ibaian egiten ziren jarduera anitzak kontuan izanik, ez zen harritzekoa
egurrezko egitura horiek gehienez urtebete irautea. Horregatik,
beharrezkoa zen etengabe ikuskatzea eta behar zenean konpontzea.
Ikuskatze horietako batean aurkitu dugu Zumaiako nasen inguruko lehen
arazoa. 1610. urtean Dornutegiko nasa behar bezala zaindu gabe zegoela
erreparatu zuen kontzejuak. Dirudienez, Dornutegiko errotaren
errentatzaile zen Domingo Arbeztainek nasa kaltetu zuen errotaren
onurarako. Hori zela eta, Domingori nasa konpontzeko gastuak bere gain
hartzea agindu zitzaion eta errotaren jabeari isuna jarri.

Bigarren
istilua 1680an dugu. Kasu horretan Zumaiako kontzejua eta Oikiako
bikarioa topatu ditugu aurrez aurre. Oikiako bikarioak, beste hiribildu
batzuetan eliz erakunde eta jauntxoek egiten zuten moduan, Urola ibaian
nasa propioa eraiki zuen. Gogoratu behar dugu, ordea, Zumaiako 1584ko
udal ordenantzetako 59. puntuak aditzera ematen duen bezala, ibaietako
arrantzaren monopolioa kontzejuak zuela. Beraz, beste hiribilduetan ez
bezala, Zumaian legez kanpokoa zen norbanako batek arrantzarako egiturak
ibaian eraikitzea. Oikiako bikarioak, ordea, udal legeari muzin egin
eta Eskazabal baina gorago nasa bat eraiki zuen. Horren aurrean,
kontzejuak Miguel Elkano, Erramus Arrona eta Martin Beruin bidali zituen
nasa hori ibaitik kentzera. Martxoaren 24ko udal agindu horretan nasa
kentzeko gastuak hiribilduak bere gain hartu behar izan zituela agertzen
da, Oikiako bikarioari nasa eraikitzeko baimena errejidoreak berak eman
ziola eta. Baina kontua ez zen hor bukatu. Oikiako bikarioak kontzejua
probintziako korrejimendura eraman zuen auzitara, berak errejidorearen
baimenarekin eraikitako nasa kendu izanagatik. Gainera, hiribilduaren
esanak bete zituzten Miguel, Erramus eta Martin atxilotzeko agindua ere
jaso zuen aguazil nagusiak. Auziak aurrera jarraitu zuela dirudi, baina
Zumaiako artxiboan ez dugu horren inguruko datu gehiago aurkitu.

Zumaian
nasekin gertatutako arazo eta istilu horiek probintzia osoan
gertatutakoaren isla xumea dira. Nasen jabeen eta ibaian gorako
hiribilduen arteko liskarrak ohikoak izaten ziren. Baita hiribilduen eta
eliz erakunde edo jauntxoen artekoak ere. Hala ere, Ordiziako Batzar
Nagusietako arauditik ia bi mende pasa ziren Probintziak arrantza eta
nasen inguruko araudi berri bat eman arte. Badirudi arrantza jarduerak
bigarren plano batean egon zirela garai hartako oligarkia
ekonomikoarentzat. Izan ere, itsas inbertitzaile handiak ez zuten
arrantzaren inguruan interesik izan ontzigintza eta itsas
merkataritzaren beherakada gertatu zen arte. 1696ko Tolosako Batzar
Nagusietan udalbatza bakoitzak ibaiko arrantzaren inguruko araudia
jorratzeko agindua eman zen, baina udalbatzek muzin egin zioten. Hori
ikusirik, 1709ko Azkoitiko Batzar Nagusian bertako ibai arrantzarako
udal araudia probintziako araudi bihurtzea erabaki zen. Araudi horrek
kainaberarekin eta nasekin egindako arrantza baimentzen jarraitu zuen,
egitura horien errentagarritasuna agerian utziz. Zumaiako artxiboan
topatu dugun aipamen baten arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak nasen
erabilera 1876ko abuztuan debekatu zuela dirudi.

Oihana Artetxe

Irudia: Desagertutako Eskazabal baserria. Argazkia: German Azumendi ; Iturria: Javier Carballo