Bloga

Harresiak itota

Getaria,
hiribildu harresitua izan zen. Erdi Aroko harresia lehenik eta baluarte
modernoa ondoren. Harresiak babeserako elementu garrantzitsua izan dira
historian zehar; kanpoko erasoak saihesteko modurik egokiena. Getariako
orografiak babesgune naturala eskaini arren, kostako eta lurreko hegalak izan
ziren gehien sendotu zirenak.

1859an,
harresia oraindik babes elementu bezela ikusten zen Getarian. Hau botatzeko
errege aginduaren aurrean, Getariarrek mendebaldeko eta hegoaldeko haizeetatik
babesteko baliagarria zela argudiatu zuten. Urte gutxi batzuk geroago, ordea,
haizetik babestea baino garrantzitsuagoa zen behar bat agerian geratu zen.
Historian zehar modu eraginkorrean hiribildua babestu eta defendatu zuten
pareta horiek, elementu itogarri bilakatu ziren. Horrela irakur daiteke 1881eko
agiri batean:

“…en
atención al aumento de población que se nota hace algunos años, se hacía ya
preciso darle algún ensanche para poder edificar casas en que puedan habitar
los vecinos que se hayan aglomerados en viviendas sumamente reducidas, y que al
efecto convenía se solicitase del Gobierno de Su Magestad el Rey el derribo de
sus murallas.”

Eskaera honek
erantzuna izan zuen. 1885eko espediente batean Getariako lurreko hegaleko
harresia eta honen kontra eraikitako kuartela eraisteko baimena aurki daiteke.
Kuartela eta harresia bota ondoren libre geratzen ziren lurrak (268m luzeran
eta 2m zabaleran) udaletxeari eman zitzaizkion bide publikoa zabaltzeko aukera
izan zezan. Udalak berriz, elementu
hauek eraisteko lanen gastua bere gain hartu zuen. Bestalde, eraikuntza hauek material
erabilgarri ugari eskaintzen zuten. Material hau, ingeniari militarrek tasatu
ondoren, enkante publikoan saltzeko eta jasotako diruaren zati bat Gerra
Ministerioari emateko agindu zen. Gainera, libre geratuko ziren lursailean
Udalak eraikitzeko erabakia hartuko balu, eraikitzeko partzela bakoitzaren
salneurriaren %3a Estatuari entregatzeko klausula zehaztu zen. Urte bereko
ekainaren 27an burutu zen tasazioa: lurreko hegaleko harresi zatiak emango zuen
materiala 537,50 pezetetan estimatu zen eta kuartelarena 1.394 pezetetan.

Lehenik
kuartela bota zen. Materiala Sebastian Etxanizek eskuratu zuen abuztuaren 2an
egindako enkante publikoan eta tasatutako prezioan. Lurreko hegaleko harresiak,
ordea, tente jarraitu zuen. 1906ko azaroaren 24ko udalbatzarrean hartu zen hau
eraisteko erabakia. Egoera txarrean
zeuden herri-bideak konpontzeko beharra zegoen eta betelanerako materialak
harresitik ateratzea pentsatu zen. Gainera, horrela, Kale Nagusia libre
geratzen zen, plazatik eta errepidetik eliza ikusten zelarik. Gertakari honek
Getariaren zabaltzea eta lotura ekarri zituen. Baina ez pentsa lurreko hegaleko
harresi zati osoa desagertu zenik! 1907an, harresiko materialen jabe zen Juan Eizagirre
harginak zati bat frontoia egiteko eman zuen. Gaur egun, frontoiaren atzealdeari
erreparatzen bazaio, honen paretak lurreko harresiaren zati bat aprobetxatuz
eraiki zirela ikus daiteke.

Oihana Artetxe