Bloga

Planoak ere, iraganaren irudi

Artxiboetan ez da dokumentazio idatzia gordetzen soilik. Herriaren iragana erakusten diguten beste hainbat iturri ere badira. Horien artean azpimarragarrienetakoak, ezbairik gabe garaian garaiko krokis, mapa, planoak dira. Batzuetan gaur egungo egoera islatzen dute; beste hainbatetan, aldiz, gure begien aurrean dugu herriak beste izan zuen itxura erakusten digute. Edonola ere, bai kasu batek zein besteak, aurreko hamarkada zein mendeetan eman den eraldaketa fisikoa neurtzeko oso erabilgarriak dira; zer esanik ez argazkirik ez zegoen garai baten inguruan direnean edota eraldaketa hori oso handia izan denean.

Horrek, geografia edo geologia arloetan ez ezik, Historian sakontzeko balio digu. Halako tresnek testu idatzietan hizki eta esaldien bidez deskribatzen diren gauzak hobeto ikusten laguntzen digute; honela, gure arbasoen eguneroko egoera, lana, bizitokia eta beste hainbat esparru era osatuago batean irudikatzeko aukera daukagu.

Plano ikusgarri honetan, Zumaiak XIX. mendearen bigarren erdialdean zuen itxura ageri zaigu. Ipar-hegoranzko bidea eginez, kostatik sartalderako bidea erakusten du, ibilaldia Urola ibaiaren bokalean dagoen hiribildutik hasiz eta Iraetaran amaituz.

Irudian Zumaiako barrutia mugatzen duten 26 mugarri azpimarratzen dira. Beste plano batzuetan 27 ageri dira; hemen, berriz, ipar-mendebaldean Pikote baserritik gertu baina kostaldetik gertuago dagoena ez da irudikatzen. Edonola ere, espedienterik gabeko plano honek muga edo mugarritzeen gai horrekin zerikusia duela uste dugu.

Era berean, oso ongi azpimarratzen da ibaiaren alboan, bailara eta mendien behekaldean finkatutako biztanleria eta goikaldean, hainbat metroko alturean ezarri diren bizilekuak; goian, baserriez gain, Santa Klara eta mugaz bestalde dauden San Lorentzo, Ibañerrieta eta Elkano ditugu. Behean aldiz, Iraeta, Aizarnazabal, Oikia eta, azkenik, Zumaia; hauek dira populazio gehien biltzen duten guneak.

Irudi honek kontzeptu bat azpimarratzeko balio badu, lurraldearen handitasuna eta “botere gune” sinbolikoaren txikitasun geografikoa da. Hau da, Zumaiako populazio-guneak zein gune zabala kontrolatzen duen.

Iago Irixoa