Artxiboak

Zumaiako hiribildua

Itsas gora, Narrondo eta
Urola ibaiak, hondarrezko haitzak,… itsasoari begira bizitoki bat
antolatzeko grina handia behar zuten gero gure aurrekoek. Behar bada
horregatik Bedua edo Oikiako ibia nahiago zuten. Horregatik ere,
inguruko mendi magaletan nahiago bizi. Beharrak bultzatuta, baina,
ingurune horietan bizi zirenek gune libre bat behar zutela erabaki
zuten. Lege, epaile, arau propio. Itsasoa eta lehorra lotzeko premiak
asetzeko adinekoa. Narrondo eta Urolaren gainean pasatzea ahalbideratzen
zuen zumeetako ibia lehenetsi zuten horretarako: Zumaia, hain zuzen
ere.

1347an
hartutako erabakia izan zen. Horrek ez du esan nahi egungo Zumaia
basamortu bat zenik. Esan nahi duena da gizakiok unean uneko erabakiak
hartzen ditugula, gure beharren arabera. Eta orduko erabakia izan zen
Zumaia izeneko guneari hiribilduaren maila juridikoa ematea.

Erabaki
horren ondorioetariko bat udal artxiboa sortzea izango zen, noski. Eta
artxiboan bertan Zumaia hiribildua izan aurreko agiriren bat gordetzen
da.*

Zeinek
hartu zuen erabaki hori? Zeinek pentsatu zuen Zumaia toki egokia zela
hiribildu gisa antolatzeko? Kokapen on eta egokia topatzea eta
hiribilduaren titulua jasotzea beharrezkoa da bizitoki bat antolatzeko,
noski. Baina ezer baino lehen komunitate baten nahia dugu oinean, Elena
Barrenak hiriko mendeurrenean bikain azaldu zuen bezala. Barrenak berak
Zumaiaren proiektua inguruko biztanleek bultzatua izan zela argitzen du.
Horren harira, hiri berriaren antolakuntza nabaritu ziren hainbat izen
aipatzen ditu berak: Dornutegi, Arteaga, Otxango, Liziobiaga, Matanka.
Hau da, Artadi eta Oikiako biztanleak.

Izaki
politikoak, eta Zumaia berria hala izango da, ez dira ezer ezetik
sortzen, baina hauek sortzeak gizakien borondatea du abiapuntu. Nahiak,
beharrak, itxaropenak, bizimodua hobeto antolatzeko sortzen dira, eta
gizarteak unean uneko horretarako formulak bilatu eta gauzatu egiten
ditu.

Artxiboak hori ere gogoratu ez ezik azaldu eta erakutsi egiten du.

*Argazkian,
hiri gutunaren aurreko agiri zoragarria dugu. Izan ere, Zumaiako
artxiboan gordetzen den dokumentu orijinalik zaharrena ez da herriari
maila politiko berria ematen diona; aitzitik, bertako Andre Maria
monastegiari egiten dio aipamena (“monasterio de Sancta María de Çumaya,
que es en Guipúzcua”), eta 1292koa da. Izatez, dokumentua ez da oso
luzea eta edukiak ez du zehaztasun handirik ematen. Edonola ere, horrek
ez dio inolako baliorik kentzen; aitzitik, hiribildu maila eskuratu
baino lehenagoko garaia eta lurralde antolakuntzaren aztarna bikaina da.

Zumaiako
agiri hau artxiboko zaharrena da, baina ez dago zahartuta. Guregana
egoera oso onean iritsitakoa dugu, tolesdurak tolesdura eta
zintzilikatutako berunezko zigiluaren galera kenduta. Pergaminozkoa da,
kolore biziz apaindutakoa. Zalantzarik gabe erdiko aldea da lehen
begiratuan erakartzen gaituen elementurik nabarmenena, eta berau da
dokumentuaren tipologia definitzen duena. Izan ere, pribilegio
errodatua (“rodado”) dugu eta halako agiriek izen hori eskuratzeko
arrazoirik nagusiena, bere ezaugarri estetikoetatik dator: dataren
ondoren “gurpil” edo borobil handi bat agertzen da, erdian errege-zigilu
edo zeinua/armak dituena. Gurpil horrek, beraz, ematen die izena halako
dokumentuei.

David Zapirain