Bloga

Gipuzkoako kostaldea Erdi Aroan: Roger Howden eta Mediterraneoko kartografia

Iago IRIXOA CORTÉS (Ereiten K. Z.)

Sarrera[1]

Itsasoak protagonismo berezia jaso du euskal historiografian. Bertako zein atzerriko ikertzaileek euskaldunen papera azpimarratu dute, garai aspaldikoenetatik leku guztietan eta indar handiz daudenaren irudia burura etor dakigukeelarik.

Maila apalagoetara jaitsita, ordea, ideia horrek ñabardurak azaltzen ditu; errealitate desberdinen aurrean aurkitzen gara. Azken finean, iragana ez da unibertso geldo bat, dinamika ugariz zeharkatutako mundua baizik. Itsas herriek ibilbide desberdinak jorratu izan dituzte denboraren joan-etorrian, jarduera bati edo besteari leku eginez eta harreman-sare desberdinak garatuz.

Horiek ikustea ez da erraza izaten, bereziki informazioa eskasa denean. Alabaina, gurean falta zaizkigun datuak gertuko zein urrutiko beste lekuetan aurki ditzakegu[2]. Gure lana bideratzeko, historialariko testu idatziak baliatzen ditugu nagusiki, baina badaude bestelako ituriak ere, hala nola kartografikoak, Behe Erdi Arotik euskal kostaldearen berri ematen digutenak baina orain arte gutxi erabiliak izan direnak.

Ondorengo lerroetan, beraz, mapa horiei leku egingo diegu, Gipuzkoako kostaldearen inguruan aurkezten zuten egoera azaleratuz. Horretarako XIII. mendetik XV. gizaldiaren erdira arteko lanak jorratuko ditugu. Garai hori Gipuzkoaren egituraketa politiko-administratiboa garatzen joan zen aroa da eta, hortaz, kostaldeko komunitateen hastapenetan jarriko dugu begirada. Itsasgizonei buruz egin diren baieztapen zabalen aurrean, eta herrien barne-ibilbide horiei heldua, beraien leku edo hierarkiaren inguruan hausnarketa bat burutu nahi dugu, egungo ikerkuntza-ildo batzuei jarraituz[3].

Funtsean, orain arte gurean erabili diren iturri jakin batzuek iragana aztertzeko duten baliotasun eta baliagarritasunaren inguruko hausnarketa bat egingo dugu. Oraingoan lehenengo pausoa besterik ez dugu emango. Material kartografikoetan begirada jarriko dugu, datu nagusiak azpimarratuz eta horiek ematen diguten irudia azalduz.

Mapa horiek aztertu baino lehen, ordea, hiribilduen sorrera aurretiko egile bati leku egingo diogu. Gure ibilbidea XII. mende amaierako idazle batekin hasiko dugu, Gipuzkoako kostaldearen ikuspegi interesgarri bat ematen baitigu, duela gutxi arte oharkabean igaro dena eta kartografian nolabaiteko isla izan zuena.

1. Hastapenak: Roger Howdenen hitzak

          Gure lehenengo pausoak XII. mendeko Ingalaterrara doaz. Bertan dugu Roger Howden, 1201-02 aldera zendu zen diplomatiko, historialari eta kronikaria[4]. Duela gutxi arte bi ziren berari lotutako idatziak. Alde batetik, 1169 eta 1192 artean Ingalaterrako errege izan ziren Endrike II.aren eta Rikardo I.aren arteko ekintzak biltzen dituen liburua, “Gesta Henrici II et Gesta Regis Ricardi” izenekoa. Bigarren lana 732-1201 epea hartzen zuen Ingalaterrako historia bat dugu, “Chronica magistri Rogeri de Hoveden” zeritzona. Bi obrak ezagunak ziren gure artean, XVII. mendean  Arnaut Oihenartek erabili zituenetik. Alabaina, eta haren gerizpean zenbait ikertzailek zuberotarraren hitzei ohar edo ñabardurak egin bazizkieten ere, XIX. mende hasieratik aditu gutxik erreparatu diote egile ingelesari.

1.1. Ekarpen berri bat: “De Viis Maris”

Azken urteetan Howdenek protagonismo berria lortu du, haren eskuei beste hainbat lan batzuk lotu zaizkielako. Horien artean dago 1191-1193 inguruan idatzitako “De Viis Maris” izenekoa. Lan horrek portulano edo itsas portuen ibilbide bat jasotzen du, eta izaera honek egiten du guretzako interesgarri. Izan ere, bere bi lan klasikoekin alderatuz gero, euskal kostaldearen irudi osatuago bat eskaintzen du.

Oihenartek egile ingelesa erabiltzeko izan zuen arrazoia, erresuma desberdinen mugen aipamenetan zetzan. Howdenek, Baionako konderriaren eta Nafarroako erresumaren arteko muga jorratzean, “portum qui dicitur Huarz” edo “Huuiartz” izeneko bat aipatzen zuen zedarri bezala, “qui diuidit terram Comitis de Baionia a terra regis Nauarre”. Halaber, Nafarroa eta Gaztelaren arteko muga “aquam quae dicitur Castre” zegoela zioen, egungo Castro Urdiales. Lan hauekin alderatuta, “De Viis Maris” lanak ekarpen handiagoak egin ditu, izen-zerrenda luzeagoa baita:

Deinde in terra regis Navarie est mons magnus qui dicitur Funtrabi, et distat ab Huarcha per tria miliaria. Deinde est bonus portus qui dicitur Sanctus Sebastianus de Navarre, et ad introitum illius portus est magna turris lapidea. Deinde est insula que dicitur insula de Catharie, et est ibi bonus portus et profundus, et predicta insula debet dimitti a dextris intrantium. Deinde est aqua de Castre que dividit terram regis Navarre a terra regis Castelle, sed non est ibi portus nec anchoratio”.

Testua nahiko ulergarria da, nahiz eta zalantzak planteatu dituzten bi izen egon. Lehenengoa, Baionako kontearen lurretan dagoen “Mundacie” mendia izan da, egun argitu gabe jarraitzen duena[5]. Bigarrena “Huarcha” dugu. Azken honi dagokionez, ikertzaileek beraien begirada Ustaritzen, Oiaso-Hondarribian, Oiartzun-Pasaian edota Oiartzun aldeko mendateren batean jarri izan dute, baina aho bakarreko iritzirik lortu gabe.

Iñigo Ruizen ekarpenek argi eman diote zalantza horri. Ikertzaileak toponimoa egungo Oiartzunekin lotzen du, baina kokapena Bidasoa-Irunen jarriz. Izenak agertzen duen aldaerari dagokionez, “Oiartzun” toponimoaren forma gaskoia litzateke, gizatalde horrek garai haietan Gipuzkoa ekialdean izandako garrantzian oinarrituz[6]. Modu honetan, Howdenek gure kostaldearen inguruan ematen zuen informazioa Baionako biztanleek garatu zuten kabotaia-nabigazioaren ondorio zatekeen[7].

1.2. Ikuspegi goiztiarra

Aldaera gaskoiaren hipotesiak indarra duen bezala, Oiartzungo portu hori Irunen jartzeak ere logika du. Historiografiak nahiko argi dauka Goi Erdi Aroan Oiartzungo Bailarak gaur duena baino hedadura zabalagoa zuela, Hondarribia eta Bidasoaraino iristen zelarik. Egia da, hala ere, 1180-1237 urteetan Donostia eta Hondarribiaren arteko esparruan eraldaketa sakonak eman zirela eta horiek Howdenek esandakoekin talka egin dezaketela, bai behintzat ingelesaren esanak 1190 aldean egindakotzat hartuko bagenitu.

Izan ere, “De Viis Maris” laneko testuak 1191-1193 inguru gauzatu baziren ere, gure zonalderako agertzen duten errealitateak lehenagokoa ematen du. Bildutako toponimo gipuzkoarrak kutsu hiritarrik gabe deskribatzeak, esan nahi baita hiribildu moduan edo antzeko hitzen bat erabilita, Donostiari forua eman aurretiko garaira eraman gaitzake, 1180 urtea baino lehenago. Halaber, ingurumari politikoa aintzat hartuz gero, Gaztela eta Nafarroako erresumen arteko muga Castro Urdiales jartzeak 1190eko hamarkadaren aurretiko egoera bat parez-pare izango genuke.

Garai haietan inguru horiek egoera nahiko korapilatsua bizi izan zuten. Gaztela eta Nafarroaren arteko gatazkek, XII. mende erdialdetik aurrera eremu zabal bati eragin zioten[8]. Gaztelak Nafarroa mendebaldeko lurraldea bereganatzeko kanpainari ekin zion 1173an, eta 1177-1179 arteko epai eta hitzarmenen ondotik, Gaztelako erresumaren mugak Itziar eta Durangoraino zabaldu ziren[9]. Hortaz, Howedenen testuetan Castro mugakide moduan azaltzeak, 1191 baino lehenagoko egoera ez ezik, 1173 urte aurrekoa azalduko zukeen.

Hipotesi hau berresteko, Howdenek Castrori buruz esandakoak ditugu. Leku edo “ur” hori portu eta ainguralekurik gabekotzat jotzen du eta, halaber, Castro hori “burgus qui dicitur Ordialis” delakotik desberdintzen ditu. Patrick Gautier Dalchéren ustetan, “burgus” kontzeptu horrek berriki sortutako guneei erreferentzia egingo lieke[10]. Castro Urdialesen kasuan, Gaztelako Alfontso VIII.ak 1163 urtean forua eman ziola babestu izan da[11], eta kronologia hau Howdenek emandako ikuspegiarekin bat egingo luketeelakoan gaude. Ez dugu ahantzi behar kronikari ingelesak portu-ibilbidearen Ingalaterratik Marseillarako zatia ez zuela bere bizipenen ikuspegitik burutu, iturrietan oinarrituz baizik; ziurrenik, informazio zaharragoa edo aldez aurretiko errealitate bat islatuko zuten iturriak[12].

1.3. “Uartza” portuaren lekualdaketa

Howdenen “Uartza” toponimoaren atzetik Oiartzun irakurri behar badugu, kokapenaren arloa da argitu beharreko kontua. Horri heldu nahi diogu, labur bada ere.

Historiografiaren ildo nagusiak, Donostiari emandako foruak Oria eta Bidasoa arteko eremuak hartzen zituela babestu du. Egoera horrek zenbait zalantza zor ditzake Oiartzunen eliz egoera aintzat hartuz. Dakigunez, Goi Erdi Aro amaieratik, XI. mende amaieratik gutxienez, eta XVI. mende erdialdera arte, Baionako gotzain-barrutiak Nafarroako eta Gipuzkoa ekialdeko hainbat eskualde hartu zituen, horien artean Oiartzun bailara eta Hondarribi[13]. Hori ikusita, ez du oso logikoa ematen bi gotzain-barrutietan banatutako lurraldeak Donostiari eman izana. Zenbait ikertzailek zalantzak azaldu dituzte, eta, Donostiako muga Bidasoan izan ordez, Oiartzun ibaia zela babestu dute. Hemendik ekialdera arteko lurraldea Oiartzungo Bailarak hartuko zuen, Hondarribiaren hiribildu tituluak batasun hori hautsiko zuelarik[14].

Mugen inguruko ildo bati zein besteari jarraituz, argi dago Donostiari forua eman ondorengo errealitate berriak zenbait mugimendu ekarri zituela. Dokumentazioak berak horren zantzuak ematen dizkigu. Lehenengo eta behin, Donostiatik Bidasoara arteko esparruaren inguruan eskumenak zituzten gotzain desberdinek egindako mugatzeak ditugu, bakoitzak zituen ahalmenak argitze aldera.

Baionako gotzainari Gipuzkoan eskuduntzak aitortzen zizkioten informazioek 1096 eta 1105ean emandako bulda banatara bagaramatzate ere, bietan ala bietan Oiartzun bailara ez da esplizituki agertzen. Halaber, 1186-1193 aldera Iruñeko gotzainak Gipuzkoako eta Nafarroa iparraldeko zenbait leku Baionakoaren esku uzten zituenean, besteak beste Donostia, Labaien, Goizueta eta Hernani aipatzen zituen baina ez Oiartzun.

Isiltasun horren aurrean, Bailara bi aldiz aipatua da XII. mende amaiera horretan. Lehenengoa 1186-1189 aldera dugu, Nafarroako Antso Handiak Iruñeko elizari ondasun guztiak 1015 urtean berrezartzen zizkion agiri faltsuan, Lerin haranarekin batera. Bi bailarak urte gutxiren buruan berragertuko zaizkigu, baina oraingoan Baionako elizbarrutian, honen lurraldea berresten zuen 1194ko aita santuaren bulda batean. Gauzak honela, 1186-1193ko dokumentuan Oiartzun ez aipatzeak, 1186-1189 aldera Iruñeko gotzainak hartu nahi zuen eremu horrek oinarri juridiko sendorik ez zuela adieraziko luke, hots, Baionak Oiartzunen gainean zituen eskumenak argiak zirela. Elizbarrutiek XVI. mende erdialdera arte izandako banaketa ikusita, eta XII. mende amaiera honetan Hondarribia leku-izen gisa agertzen ez dela aintzat hartuta, “Oiartzun” toponimoak izen bereko ibaitik Bidasoara arteko eskualdea hartzen zuela pentsa daiteke. Donostiako forutik ematen ari ziren mugimenduen aurrean, inguru horiek hobeto zehazteko Oiartzunen agerpen esplizitua beharrezkoa zatekeen, bera baitzen Donostiako barrutiarekin muga egiten zuena, ez Hondarribia.

Zonaldeak ezagutuko duten eraldaketaren bigarren zantzu nagusia esparru zibilari dagokio, eta Hondarribiari 1203an luzatutako hiri-gutuna izango da. Ordurako eliz mugak nahiko ondo finkatu baziren, udalbatza berriari egokitu zitzaion lurraldearen ondotik zenbait arazo izan ziren. Hala, XIV. mende amaierako arazo batzuk iradokitzen dutenez, Hondarribiaren hiri-gutunak aldez aurretik Donostiak, Oiartzunek eta Hondarribiak amankomunean ustiatu edo gozatzen zituzten zenbait lur Bidasoako hiribilduarentzat utzi ziren[15]. Ez hori bakarrik. Badirudi, hiri-gutunaz gain, Alfontso VIII.ak eskualdea Oiartzun ibaira arte handitzen zuen gutunen bat ere eman ziola Hondarribiari[16]. Egoera berri horri aurre egiteko, 1209 urte aldera Oiartzunek eta Donostiak hitzarmen bat burutu eta erregearen aurrean zenbait eskaera agertu zituzten[17].

Bestalde, Hondarribiak eta Donostiak lurraldearen ustiaketaren eta mugen inguruan XIII. mende hasieran zituzten arazoak konpontzeko, zenbait hitzarmen egin eta errege-agiri lortu zituztela ematen du. Alde batetik, Alfontso VIII.ak, Hondarribiko barrutia Oiartzun ibaiak muga zezala epaitu omen zuen. Bestetik, Donostiak eta Hondarribiak zenbait mendiren inguruan zituzten eztabaidak konpontzeko sinatu zuten hitzarmena dugu, gerora Fernando III.ak berretsi zuena, ziurrenik 1237an; noiz eta 1214an zendu zen Alfontso VIII.ak Oiartzuni emandako pribilegioak Bailarari berretsi zizkion urte berean.

Hipotesiak hipotesi, Howdenek bere testuak idatzi eta urte gutxiren buruan, 1209 urte aldera, hiru barruti izango ditugu Gipuzkoako ekialdean: Donostia, Hondarribia eta Oiartzun, bakoitza bere portuarekin. Diplomatiko ingelesaren aipamenek “Uartza” hori Bidasoa inguruetara eramaten zuten bitartean, Hondarribiaren 1203ko hiri-gutunak toponimoaren lekualdaketa ekarriko du. Agiri horretan, erregeak Asturiaga portua Hondarribiari eskualdatuko baitio, hiribilduaren portu lehenetsi bihurtuz. Hala, Hondarribiak Asturiaga izango zuen bezala eta Donostiak hirigune ondoko portua, Oiartzungo bailarak “Uartza” izango du. Modu honetan, leku-izenak Bidasoa aldeak utzi eta Pasaiako badiarako jauzia egingo du XIII. mende hasieran; ez soilik bertakoen artean, baita nazioartean ere.

2. Gipuzkoa Erdi Aroko kartografian

Howdenen begietara, lau ziren Gipuzkoa kostaldeko puntu deigarriak. Horietako hiru portuak izatea, eta “portu onak” gainera, nahiko adierazgarria dela deritzogu, nahiz eta egile ingelesaren ikuspegiak, itsas ibilaldi baten isla izanik, horrelakoak azpimarratzeko joera izango zuen.

Kronikari ingelesak ibilbide hori idatziz ematen bazuen, denboraren poderioz itsasoan aritzeko argibideen baitan bestelako tresnak garatu ziren, hala nola iturri grafikoak. Hauen azterketak ildo historiografiko interesgarri bat osatzen du, baina oso gutxi erabiliak izan dira prozesu historikoak aztertzeko. Zenbait egilek printza batzuk eman dituzte, gure artean adibiderik nagusiena Iñigo Ruiz izan delarik, Howdenen “Uartza” hori argitu nahian[18].

Hortaz, iturri horien erabilgarritasunaz galdetu diogu gure buruari. Gipuzkoako kostaldea irudikatzeko duten moduak bestelako datuekin bat datozen ala ez neurtu nahi dugu, hau da, euskal kostaldearen azterketa historikoa egiteko iturri baliagarriak diren ala ez.

Horretarako, ondorengo lerroek bi euskarri nagusi izango dituzte. Batetik, Ramón J. Pujades i Batallerrek 2007an argitara eman zuen “Les cartes portulanes” lana, Iñigo Ruizen oinarrietako bat ere izan dena[19]. Bestetik, 2017 eta 2022 artean Lisboako Unibertsitatetik garatu den eta eguneratzen doan MEDEA-CHART proiektua hartu dugu, material andana eta horren inguruko ohar ugari Interneten kontsultagarri egotea ahalbidetu baitu[20].

2. 1. Lehenengo begirada bat

Pujadesen lanean, Mediterraneo inguruak irudikatzen dituzten 1470 arteko 148 portu-gutun eta atlas aztertu eta eranskin moduan ematen dira. Kartografia hori, salbuespenak salbuespen, Erdi Aroko hiru eskola nagusietan ekoiztutakoa da, Genovan, Mallorcan eta Venezian.

Guri dagokigunez, maparik antzinakoena Gutun Pisarra dugu, izen hori izan arren ziurrenik jatorri genoarrekoa den mapa. Orokorrean, 1290 aldera egindako materialtzat hartu da, nahiz eta azken azterketek ekoizpena bi hamarkadatan aurreratu duten, 1270 urte ingurura[21]. Bertan, Kantauri itsasoko ertza oso modu eskasean deskribatua dago, eta euskal kostaldearen inguruan lau bat izen azalduko dira: “Gasconia, Boiona, Sancto Sabastiano, Ordialesi” (I Irudia).

I Irudia

Euskal kostaldea eta inguruak Gutun Pisarra delakoan (c. 1270)

Mapa horretan Atlantikoa hala moduz irudikatzearen arrazoia mundu horren eta Mediterraneoaren arteko itsas harremanen ahulezian datza. Europa Iparraldea zehatz-mehatz islatzeko mediterraneokoek zuten datu edo jakintza eza adierazten du. Oroi dezagun Sevillaren konkista 1248an eman zela eta horrek ekarri zuela Gibraltar itsasartearen bi aldeen arteko harremanen sendotzearen mugarririk nagusienetako bat, Mallorca eta Genovako itsasgizonei atlantikoko ateak zabalduz eta atlantikoei Mediterraneoa, bereziki 1270eko hamarkadatik aurrera[22].

Denborak aurrera egin ahala, Gutun Pisarreko hiru gune horiei beste batzuk batuko zaizkie. Hasieran, berrikuntzak oso xumeak izango dira. Lehenengo lekuko kartografiko horren ondoren dugun bigarren adibidea 1300-1310eko Avignongo Gutuna da. Egiletasuna ezezaguna da, baina hau ere Italiari lotua dago. Maparen egoera ez da ona; haustura ugari ditu eta Iberiar Penintsularen zatirik handiena falta zaio. Zorionez, euskal kostaldearen eremua ikusgai dago eta, zailtasunekin bada ere, lehenengo eraldaketa agerian uzten du: Donostia eta Castro arteko bidean Hondarribia izango dugu, bere estreinako agerpena delarik (II Irudia).

II Irudia

Avignongo gutuna (c.1300-1310): Baionna, Fun[…]rrabia, S[an] Sebastian, […]diales

Kontserbatu den hirugarren materialik aspaldikoena Genovako eskolari lotutako Gutun Riccardiarra da, 1300-1325 aldera gauzatutakoa. Honek esanahi berezia du guretzat, ekarpen bat ez ezik, hainbat egingo baitizkio euskal kostaldeari. Gipuzkoari dagokionean, Getariari ateak irekiko dizkio, baina baita Donostia eta Hondarribiaren artean dagoen eta ezinbestean Howdenen garaietara garamatzan “Uartza” delakoari ere. Ildo berritzaile horrek beste zenbait urtez jarraituko du eta, hala, beste genoar batek, Pietro Vescontek, 1327an egin zuen gutunean Higer lurmuturra gehituko dio.

Modu honetan, zenbait eraldaketa eta datu berri gehitu ondoren, 1327rako Gipuzkoako kostaldeak XIV. mendean ekoiztutako materialetan agertzen dituen bost puntu nagusienak finkatuak izango ditugu (I Taula). Horietan guztietan boskote hori (Hondarribia, Higer, Uartza, Donostia, eta Getaria) bakarrik azalduko zaigu, modu batera ala bestera, 1370-80ko hamarkadara arte.

I Taula

Gipuzkoako kostaldea itsas gutun mediterraneotan (c.1270-1400)[23]

UrteaErref.Hond.HigerUar.Don.Get.Mutr.
c.1270C1x
1300-10xx
1300-25C4xxxx
1325-50[24]C9bisxxOx
1327C5xxxxx
1330C7xxOx
1339C8xxxOx
1339-50C9xxxOx
c.1350C11xxxOx
1367C13xxxOx
c.1375C16xxxOx
1375-1400C18xxxOx
1375-1400C21xxxO??[25]
1375-1400C19xxxOxx
1368-85C14xxxOxx
1385C17xxxOxx
XIV. amaieraC22xxxOOx

Tokien aipamenez gain, gutun nautiko hauek lekuak irudikatzeko dituzten moduak ere beren garrantziaren lorratza ematen digu. Maila handiagoa dutenak edo erakargarriagoak direnak kolore gorriz markatuak agertuko zaizkigu, besteak beltzez idazten diren bitartean. Gipuzkoari dagokionez, Donostia da mapa gehienetan kolore biziagoz ageri den bakarra, Getaria noiz edo noiz hala adierazten bada ere, hala nola Mallorcako eskolari lotutako XIV. mende amaierako anonimo batean (C22).

          Alabaina, ez gaude geldirik dagoen dinamika batean. Gipuzkoako herrien egoera politiko-administratiboak garapen bat biziko du 1380ko hamarkada arte, bereziki hiribildu gehiagoren sorrerarekin. Kostaldeko sarea nabarmen garatuko da, Oiartzungo lurretan sortuko den Errenteriarekin (1320), Itziarren Debarako lekualdaketarekin (1343), Zumaiako hiri-gutunarekin (1347) eta Orioren hiribildu tituluarekin (1379).

Horrek guztiak kartografiari ekarpena egin zion. Lehenengo zantzuak Gillen Soler mallorcarrak 1368-1385 aldera burututako marinel-gutunean ditugu (III Irudia). Lapurdi eta Bizkaia arteko kostaldea erreferentzia gehiagoz ageri zaigu, Gutun Pisarrean ikusten genituen hiru puntuak hamalaura iritsi direlarik. Gehienak Bizkaiari dagozkio baina mapa horrek ere Gipuzkoari eragin zion, Mutrikuren lehen agerpena jasoz; aipu berantiarra, hiri-gutuna 1209an lortu zuela aintzat hartuz gero.

III Irudia

Mutrikuren lehen aipamena (c.1368-1386): Gillen Soler mallorcarraren gutuna

(“Baiona de Gasconya, San Iohan, Fontarabia, Figo, Vuarza, San Sebestiá, Cataria, Mortrigo, Lechaeto, Bremeo, Placencia, Birbao, Galleto, Castro”)

Egoerak garapen nabarmenagoa izango du XV. mendean, bereziki 1425-30 urteetatikaurrera (II Taula). Ezin bestela izan, aipatutako hiribildutze prozesua amaitzeaz gain, euskaldunen itsasoarekiko lotura areagotzen joan baitzen. Orduz geroztik, aurreko gutun nautikoetan azaltzen ziren Hondarribia, Higer, Uartza, Donostia eta Getariari Deba eta Mutriku gehituko zaizkie ia etengabean. Biak elkarrekin ikusteko lehen aukera 1403ko gutun batek eskaintzen digu, aurreko urteetan Bartzelonan jardun zuen Francesco Beccari genoarrak Savonan egindako horrek[26]. Alabaina, bien agerpen hau ez da finkatuko bi hamarkada igaro arte, 1409-1423 arteko gutunetan ez baitira agertuko. Mutriku 1424an azaleratuko da berriz, baina Zumaiarekin batera egingo du, hiribildu honen estreinako aipua izango den mapan; lehenengoa eta bakarra gure kronologian. Debari dagokionez, 1426an berragertuko da. Orduz geroztik, biak ala biak kartografiako leku-izenen zerrendari batuko zaizkie.

II Taula

Gipuzkoako kostaldea material kartografikoetan (1403-1468)[27]

UrteaErref.Hond.HigerUar.Err.Don.Or.Ge.Zu.De.Mut.
1400-50C54xOx
1403C25xxOxxO
1409C27xxxOx
XV hasieraC28xxxOx
1413[28]C30xxOx
c.1420C31xxxOx
1421C32xxOx
1422C33xxxOx
1423C34xxxOOx
1424C35xxOxxx
1426C36xxxOxxO
1435C39xxOxxO
1439C40xxxOxxO
c.1440C41xxxOxxO
1447C44xxxOxxx
1447C45xxxOxx
1448[29]C46Ox?OO?O?
1425-50C50xxxxOx
1425-50C51xxxOxxO
1455C57xxxOxxO
1456C58xxxOxx
1456C59xxxOxxx
1461C62xxxOxxO
c.1461C63xxxOxxO
1462C64OxPasagaOxOOx
1464C65xxxOxxx
1465C66xxxOxxx
1466C67xxxOxxx
1468C68xxxOxxx
1468C69xxxOxxO

Gutun nautiko horien artean, Zumaia agertzen den eta  Zuan Pizziganori ustez egokitu zaion 1424koa berezia da, islatzen dituen informazio eta hizkuntza eraginengatik[30]. Italieraz badago ere, katalanaren eskua nabari da, eta portugaldarren datuak ere profitatu zituen. Hala, Zumaiaren aipu horrek Veneziako eraginetik kanpo ikusi behar dugu, ziurrenik, gipuzkoarrek gehiago bisitatu zituzten Portugal edo herrialde katalanetako batean begirada jarri beharko genukeelarik.

Alabaina, kostaldeko gune guztiek ez dute protagonismo bera izango. Aipatu berri dugun Zumaiaren adibide bakarrari beste zenbait herriren isiltasun egoera gehitu behar zaie. Orio behin dugu jasota, 1462ko Pere Rosell mallorcarraren mapan. Errenteria ere, behin aipatua dagoela ematen du, 1425-50eko anonimo batean azaltzen den “Teraroia” edo “Retaroia” aldaerarekin. Pasaiaren agerpena ere, bakarra da, 1462koa. Zarautzi buruzko arrastoak, berriz, hutsaren hurrengoa dira[31].

Argi dago, beraz, kartografian Gipuzkoa kostaldeko guneak ez zeudela maila berean. Batzuk etengabe azalduko diren bitartean, beste zenbait tarteka-marteka egingo dute eta, halaber, batzuk ez dira (ia) inoiz azalduko. Hutsunez betetako irudi hau, euskaldunen itsas garrantziaz esan digutenen aurrean  kontraesankorra ematen du. Zilegi da, beraz, kartografiak ematen duen ikuspuntua benetakoa zen ala ez galdetzea.

2.2. Gutun nautikoak, errealitatearen adierazle?

Kontserbatzen den kartografiaren inguruan hamaika hausnarketa egin dira, tartean, beren erabilgarritasunari buruzkoak. Historiografiaren ildo batek itsasoaren egunerokotasunean praktikotasunik ez zutela babestu du, helburu ikusgarria zutela eta luxuzko oparitarako baliatzen zirela nabarmenduz. Apaindura ugariek eta antzinako izen eta egoerak islatzeak, itsasoan aritzeko erabilgarritasun eskasa emango zien.

Ideia hauen aurrean, azterketa berriek elementu kartografikoen baliagarritasuna agerian utzi dute. Dokumentazioan ehunka gutunen aipuak azaleratu dira eta, horrez gain, bezeroen artean hamaika taldetako ordezkariak zeudela erakutsi du, goi-mailako pertsonaia edo merkatariekin batera marinelak, pilotuak, patroiak eta istinkariak baitzeuden[32].

Dena den, ez da ahaztu behar iritsi zaizkigun mapak Mediterraneo aldean burututako tresnak direla eta, hortaz, mundu horretako praktika bat aditzera ematen dutela. Ondorioz, mapetan ageri den kostalde atlantikoa mediterraneokoek garatu zuten esperientziarekin lotu behar da. Euskal kostaldea Mediterraneokoen interes nagusietatik at zegoen eta, beraz, logikoa zen horrenbesteko irudikapenik ez izatea. Alabaina, lantegietan bildutako informazioa agerian uzten du gure inguruen berri bazutela. Itsas merkataritzaren baitan sortu ziren sareen garapenak, pertsonen mugimenduak eta datuen joan-etorriak, mapen hobekuntza edo hauetan aldaketak egitea ekarriko du[33].

2.2.1 Koloreak eta izenak

Informazioaren areagotzeak eremu geografikoak zehaztasun handiagoz irudikatzea posible egingo du. Toponimia ugariagoa, izenak idazteko koloreen aldaketa edota leku-izenen idazkera desberdinak ikusi ahal izango dira. Desberdintasun hauek dira, hain zuzen ere, mapei balio erantsia ematen dietenak, prozesu historiko batzuen isla izan baitaitezke. Halaber, aldaketek, kronologia oso zehatza ez duten gutunen datazioa gehiago zehazten lagun gaitzakete. Gipuzkoako kostaldeari dagokionez, III Taulan ageri diren datuek, aipatutako berrikuntzen ondotik, hausnarketarako aukera ematen dute.

III Taula

Gipuzkoa kostaldearen irudikatzea, Donostia, Higer eta Hondarribia kenduta (1375-1468)

UrteaErref.UartzaErrent.OrioGetariaZum.DebaMutriku
1375-1400C21x??
1375-1400C19xxx
1368-85C14xxx
1385C17xxx
XIV amaieraC22x·x
1400-50C54x
1403C25xxx·
1409C27xx
XV hasieraC28xx
1413C30xx
c.1420C31xx
1421C32x
1422C33xx
1423C34x..x
1424C35xxx
1426C36xxx·
1435C39xx·
1439C40xxx·
c.1440C41xxx·
1447C44xxxx
1447C45xxx
1448C46xx·?·?
1425-50C50xxx
1425-50C51xxx·
1455C57xxx·
1456C58xxx
1456C59xxxx
c.1460?C74xxx·
1461C62xxx·
c.1461C63xxx·
1462C64Pasagax··x
c.1462-65?C70Pasage··x
1464C65xxxx
1465C66xxxx
1466C67xxxx
1468C68xxxx
1468C69xxx·

Lehenengo bi aldaketak, toponimia ugaritzea eta tinta desberdinen erabilera, Mutriku eta Debaren kasuetan gorpuzten dira. Oroi dezagun Mutriku XIV. mendeko azken laurdenean agertzen hasi zela. Deba, berriz, 1403an lehenengo aldiz ikusiko dugu, baina ez da finkatuko 1426 arte.

Koloreei erreparatuz, 1468 urtera arteko kartografia gehienak Mutriku gorriz islatuko du, Deba beltzez ageri den bitartean. Bi hiribilduak agertzen zaizkigun gutunak hemezortzi dira. Horietako hamarretan Mutriku gorriz ageri da eta Deba, beltzez. Egoera hau lehen unetik dago, 1403 urtetik, eta hurrengo hamarkadetan errepikatzen joango da, hala nola 1426, 1435, 1439, 1455, 1461 edo 1468an. Aldiz, elkarrekin agertzen diren hemezortzi mapa horietatik bi hiribilduak beltzez ikus ditzakegun uneak zazpi izango dira, 1447 eta 1468 artean. Azkenik, Rosellek 1462an egin zuenak errealitate deigarriagoa irudikatzen du, egoera irauli baita: Mutriku beltzez azaltzen den bitartean, Debak gorriz egiten du. Egoera bera dugu 1460-65 inguruan datatu dezakegun Rosellen lantegiko C70 gutun nautikoan. Hemezortzi gutun horiez gain, C58 izenekoa ere aipatu beharrean gaude, Bertran eta Ripoll mallorcarrek apaindura ugarirekin 1456an gauzatu zuten hori. Hor Deba bakarrik agertzen da, Mutriku gabe.

Bi hiribilduen tintaren erabilera desberdin horrek, 1450-75 aldera datatu diren Pujadesen C70 eta C74 gutun nautikoak burutu ziren garaia gehiago zehazteko balio digulakoan gaude. Lehenengoa Rosell mallorcarraren tailerretik atera zen; bigarrena, berriz, Veneziako Benincassatarrenetik. Azken honetan Mutriku gorriz azaltzen den bitartean, Deba beltzez irudikatzen da, aurreko hamarkadetako joera errepikatuz. Gutun mallorcarrean, aldiz, koloreak irauli dira, Deba gorriz idatziz eta Mutriku, beltzez. Beraz, Debaren margo gorriak bere pisuaren nagusitasun handiago bat erakutsiko luke, kronologikoki prozesu modernoago bat islatuko lukeelarik.

Dena den, ikuspegi hori eskolaren araberakoa dela ematen du. Izan ere, Debaren izaera gorria irudikatzeko joerak Mallorcari lotutako mapetan gehiago ageri da material italiarretan baino. Benincassak Venezian eta 1468an egindako batean (C69), Mutriku gorriz agertzen da, baita egile beraren lantokiari lotuta baino anonimoa den 1450-1475eko beste batean ere (C74). Ondorioz, eskola desberdinek garai bertsuetan burututako gutun nautikoek errealitate desberdinak aditzera ematen dituzte. Venezian ingurumari zaharrago bat islatzen duen heinean, Mallorcak errealitate gaurkotuago bat irudikatzen duela dirudi.

Argi dago C70 gutunak prozesu edo dinamika gaurkotuagoen berri ematen duela, C74 delakoak baino. Eta C70 hori informazio gaurkotuagoa jasotzen duenaren zantzu gehiago daude. Alde batetik, kolore gorria leku gehiagori ematen die: Hondarribia, Donostia, Getaria eta Debari; C74k aldiz, Donostia eta Mutriku bakarrik aurkezten ditu tinta bizi horretan. Bestetik, izenak ditugu. Kartografian horren ohikoa den “Uartza” toponimoaren ordez, C70ek “Pasage” aldaera jasotzen du. Izen horren erabilerak, beherago ikusiko dugunez, mapa 1460ko hamarkadan burutu zela esan nahiko luke, zenbait egilek eman dioten 1465eko datazioa berresteko aukera legokeelarik[34].

Hipotesi hau Rosellek berak 1462an gauzatutako C64 izeneko gutuna ikusita indartu daiteke. Bai horretan zein C70en, gorriz irudikatutako leku-izenak ohi baino gehiago dira (Hondarribia, Donostia, Getaria eta Deba) eta, halaber, Oiartzunen ordez “Pasaia” da badiarako erabiltzen den aldaera. Horrek guztiak bi gutunak elkarri estuki lotuak zeudela ondorioztatuko luke, urte bertsukoak liratekeelarik. Hala ere, bada desberdintasun txiki baina aipagarri bat: C64k, C70ek ez bezala, Orio ere aipatzen du; herri horrek Erdi Aroko kartografian duen aipamen eskasenetako bat.

Gutun horietan pilatutako ezagutzak, bereziki C64ri dagokionean, 1489an burutu zen Veneziako Cornato atlasean biltzen diren Rosellen mapetan azaltzen diren datuak azalduko lituzke (Pujades, COR4). Hemen ere Orio eta “Pasaga” azaltzen dira eta Mutriku beltzez ageri zaigu; deigarria da, ordea, Deba ez agertzea. Atlas bilduma baten aurrean egonik, hiribildu hori ez jasotzeak mapak berak iturri moduan erabilitako gutunaren araberako informazioa izango zuen[35].

Datuen kontraesan edo bitxikerien beste adibide bat Zumaiak ematen digu. Esan bezala, 1470 arteko kronologian berari buruzko aipamen bakarra dago, 1424koa. Zuane Pizzigano veneziarrari egotzi zaion gutunean ageri zaigu. Atlantikoari buruz ematen duen irudiagatik ezaguna den mapa da, baina zenbait egilek Frantzia eta Iberiar Penintsulako toponimian egiten duen ekarpena ere azpimarratu dute, Zumaia horren lekuko delarik[36]. Eskola italiar horretan aipatzea deigarria da, ez baitugu Zumaia eta Veneziaren arteko harremanen inolako daturik. Alabaina, deigarriena, bere aipamenak inolako jarraipenik ez izatea da. Argi dago Zumaia nolabaiteko oihartzuna izan zuela une horretan, gerora isiltasunik beltzenean mantenduko bada ere.

Edozein modutan, gutun nautikoen berezitasun hauek errealitate bat islatzen dutelakoan gaude, eta ez zirela ausaz edo zoriz burututakoak izan, testuinguru jakin baten baitan baizik. Nazioarteko nabigazio baten ikuspegitik, material kartografikoetan Gipuzkoako kostaldean hierarkia bat dakusagula argi dago; aipamenak eta aipamen ezak lekuko adierazgarria dira eta, hortaz, aipatu dugun euskaldunen itsas protagonismoaren inguruan esan direnak berrikusi beharko lirateke.

2.2.2. Kasu berezi bat: Pasaiako badia

Kartografiari zorrotz erreparatuz gero, egoera bitxi bat ageri da Gipuzkoako ekialdean, Pasaian, hain zuzen ere. Eskualde hori izendatzeko, mapek “Uartza” toponimoa darabilte dute goiz-goizetik eta ia etengabean. “Pasaia” toki-izenak, aldiz, oso aipu eskasak ditu. Beste horrenbeste gertatzen da badiaren gibelean baina itsas hiribildu moduan har dezakegun Errenteriarekin ere.

Kontsultatu ditugun 1468ra arteko 47 gutun nautikoak ezin argiagoak dira. Pasaiako badia adierazten duten 40 mapetan, “Uartza” edo antzeko aldaerak 39 aldiz idatzita daude; “Pasaia”, berriz, behin bakarrik azaltzen da, 1462an Pere Rosell mallorcarrak burutu zuen gutun nautiko batean (C64). Horrez gain beste bi adibide ditugu (C70 eta COR4), data zehatzik gabekoak baina biak ere Rosellen lantegiari lotutakoak eta, gure ustez, 1460ko hamarkadan gauzatutakoak. Horietan “Pasaga” edo “Pasage” aldaerak idazten dira[37].

Bestalde, Pasaiako badiari lotuta beste bi toponimo azaltzen dira kartografian. Batetik, Grazioso Benincasak 1468ko atlasean jasotzen duen “Aioarço” (A39) dugu, ohiko “Uartza” edo antzeko izenekin alderatuta, “Oiartzun” aldaera euskaldunetik gertuago dagoena. Bestetik, 1425-50 inguruan datatua dagoen anonimo italiar bat dugu (C50). Bertan, “Vuarsa” aldaeraz gain, beste toponimo adierazgarri bat dakusagu: “Teraroia” edo “Retaroia[38].

Lehen begiratuan, izen-dantza hau harrigarria gerta dakiguke, baina eskualde gipuzkoar horren testuinguru historikoan sakonduz gero, aldaketa kartografikoek logika dutela jabetuko gara. Izan ere, badiak eta bertako komunitateek bizitako historia gorabeheratsuan esparru onomastikoak ere lekua izan zuen, eta ez behin bakarrik. Izen-borroka horrek bi ildo jarraitu zituen. Batetik, Errenteria eta Oiartzunen artekoa dugu, duela gutxi arte oharkabean igaro dena[39]. Bestetik, eta badiari lotuta, Donostiak Errenteria eta Oiartzunen aurka mantendutako talka dago. Azken bi horien joera nagusia badia edo portuari “Oiartzun” izena ematea izango da, Erdi Aroko errealitatearekin bat eginez. Donostiak, ordea, “Pasaje” izenaren alde egingo du, badiaren gaineko nagusitasuna bermatu nahian. Prozesu horretan, bereziki XIV. mende amaieratik garatzen ari ziren eta XV. mende erdialderako guztiz finkaturik zeuden bi komunitate pasaitarrak funtsezkoak izango dira[40].

Datazio horrek bat egiten du gutun nautikoen irudiarekin. Horietan, izenaren eraldaketa 1470-1500 urteetan emango da. Rosell eta bere lankideen 1460ko hamarkadako ekarpenek ez zuen berehalako jarraikortasunik izan, ezta beren arten ere. Garai bertsuan beste zortzi gutun nautiko burutu zituzten, eta guztietan “Uartza” agertzen da (Pujades, C65-C69 eta C71-C73). Trantsizio fase baten aurrean gaudela dirudi, nahiz eta 1460ko material horiek badiaren inguruan zenbait aldaketa ematen ari zirenaren zantzu argia diren.

Ondorengo urteetan etorriko da izen-iraultza. Une jakin batean, 1460ko hamarkadan, Kartografia-eskoletan jasotako datuak kontraesankorrak gerta zitezkeen, “Pasaia” eta “Uartza” garai berean eta leku berari aipamena egiteak, gunea irudikatzeko zalantzak sortuko zituelarik. Horren aurrean, hiru bide hartu ziren: antzinako izena mantendu, toponimo berriari leku egin edo, agian adierazgarriagoa dena, zonaldea izenik gabe utzi[41].

Kartografo batzuk toponimo zaharrari eutsi zioten oraindik 1480ko hamarkadan, hala nola Arnau Doménech-ek (1486) edo Albino Canepa italiarrak (1489)[42]. Ez zuen ordea, luzaroan iraun. Jorge Aguiar portugaldarrak 1492an “Pasaia” izena jaso zuen, bere ama-hizkuntzan (“Pasagem”)[43]. Mende berriarekin batera, “Pasaia” izenak ahanzturan utziko du “Uartza”. Horren adibide ditugu egile portugaldar ezezagun batek 1502an egindako planisferioa; 1504-06 inguruko anonimo italiarra; Egiptoko Judha Abenzarak 1505 urtean burututako gutuna edo Vesconte Maggiolok 1511 eta 1519an egindakoak[44].

Azken hitza

Erdi Aroko kartografiak hiru hiribildu nagusi azaldu dizkigu: Donostia, Hondarribia eta Getaria. Beraiek izan ziren hiri-gutuna jaso zuten Gipuzkoako lehenengo herriak eta horrek arrazoitzen du, hein batean, beren protagonismo goiztiarra. Alabaina, garrantzia ere aldez aurretik izan zuten, XII. mendearen bigarren erdialdetik itsas bazterreko nabigazioan erreferentzia baitziren. Beraiekin batera beste bi puntu azpimarratu behar dira: Higer eta Oiartzun, mapetan “Uarza” edo antzeko aldaerekin identifikatua. Eta hauek ere, nolabait, Roger Howdenen usadioarekin lotu behar ditugu.

Hiribilduen sorrera prozesua gauzatzen joan zen heinean, beste gune batzuk gehituko zaizkie. Alabaina, azaleratze hau ez berehalakoa eta gune guztietara indar berean zabalduko. Hiru protagonista nagusiekin batera, Mutriku da gunerik errepikatuena. Goiz sortua izanagatik ere, denbora bat emango du mapetan azaltzeko. Lehenengo zantzuak XIV. mendearen azken laurdenean agertzen dira, eta ez dira 1420ko hamarkada arte finkatuko. Berarekin batera, XV. mendearen bigarren herenetik aurrea, Deba ageriko da.

Beste zenbait guneren kasuan ematen den isilunea benetan deigarria da, hala nola Errenteria, Orio, Zarautz eta Zumaiari dagokionez. Agidanez, itsas bazterrean egonagatik ere, ez zuten kanpoan arrakasta handirik izan.

Itsasertzeko komunitateen garapen hau zenbait modutan agertzen zaigu kartografian, hala nola izenak irudikatzeko moduan edota toponimia ugariago batean. Hala, hierarkia maila handiago bat irudikatzen duen kolore gorria gune gehiagoren izena idazteko erabiltzen da. Leku-izenei dagokienez, toponimo berriak azaltzearekin batera, beste prozesu deigarri bat ematen da: Pasaiak aditzera ematen duen toki-izenen ordezkapenarena.

Gutun nautikoek, ordea, ikuspegi jakin bat ematen digute. Antzinakoenak Mediterraneoko merkataritza-gune garrantzitsuenetako batzuetan sortutako eskoletan egindakoak dira, hots, euskaldunak aritzen ziren inguruetatik nahikoa urruti zeuden lekuetan. Mediterraneoko begiradatik eginda daude eta, hortaz, zenbait hiribilduk duten aipamen eskasa, eremu horrekin garatutako lotura ahul batean oinarritu daiteke.

Ondorioz, kartografiak aditzera ematen digun irudia errealitatetik gertu dagoen ala Mediterraneoa eta Atlantikoaren arteko harreman-sarea irudikatzeko modu hutsal, sinboliko edo abstraktu bat besterik ez den aztertu behar da. Historiografiaren ildo nagusiek esan dutenari kontrajartzen bazaio ere, herrien agerpenak, isiluneak, garaiak eta irudikatzeko moduak nahikoa esanguratsuak direla iritzi diogu. Kartografiarengandik jasotzen dugu irudiak Gipuzkoaren itsas paperaren berrazterketa ekarri beharko luke; bai behintzat, zenbait hiribildurena. Horretarako, beste iturrietara jotzea ezinbestekoa zaigu; gertu ditugunetara baina baita, eta hemen datza benetako lana eta ekarpena, kilometro askotara dauden horietara ere.


[1] Oraingo lerroak lan luzeago baten moldaketa laburtua dira. Jatorrizko testuaren luzera dela eta, hori murriztu beharrean aurkitu gara. Lan originala etorkizunean argitaratzea espero badugu ere, eta informazio asko kanpoan gelditu bada ere, hori guztia gauzatzea posible egin dutenei esker onak emateko aukera aprobetxatu nahiko genuke. Lehenengo eta behin, David Zapiraini, honako lerroak burutzeko gonbita luzatzeagatik. Ikertzaileen artean Margaret Condon, Bart Fransen eta Jesus Lorenzo Fernandez aipatu behar ditugu, baita David Igual Luis, Jesús A. Solórzano Telechea eta Imanol Vitores ere. Azkenik, artxibo desberdinetako profesionalei eskerrak luzatu beharrean gaude, tartean Gloria López (Archivo de la Corona de Aragón) eta Peio J. Monteanori (Nafarroako Agiritegi Orokorra). Guztie, mila esker.

[2] Honen paradigma, zalantzarik gabe, honako lana dugu: FERREIRA PRIEGUE, E.: Galicia en el comercio marítimo medieval. Coruña: “Pedro Barrie de la Maza”-Universidad de Santiago, 1988.

[3] Ikus, adibidez, SOLÓRZANO TELECHEA, J. A.: “Integración económica, competencia y jerarquización de los puertos atlánticos del Norte de España (siglos XIII-XV)”. In: AEM, 48 (2018), 213-242 orr.

[4] Orain esango ditugunentzako, ikus GAUTIER DALCHÉ, P.: Du Yorkshire à l’Inde : une “géographie” urbaine et maritime de la fin du XIIe siècle (Roger de Howden?). Genève: Librairie DROZ, 2005; RUIZ ARZALLUZ, I.: “Vasconia en el siglo XII: Roger de Howden, el ‘De Viis Maris’ y la extensión del vizcondado de Bayona”. In: ASJU, 52 (2018), 697-712 orr.; eta RUIZ ARZALLUZ, I.: “De ‘Oiasso’ a ‘Huarcha’: testimonios sobre un puerto medieval en el Bidasoa”. In: Príncipe de Viana, 79 (2018), 505-526 orr.

[5] Lanaren beste leku batean honakoa zioen: “Deinde est Baonia que est civitas episcopalis de dominio comitis Pictavie, et ibi est portus cum mare fuerit bene ascensum. Deinde est mons magnus qui dicitur Mundacie in terra comitis de Baonia. Deinde est bonus portus qui dicitur Huarche, qui dividit terram predicti comitis a terra regis Navarie”.

[6] Gaskoien eraginaren inguruan, ald. IRIXOA CORTÉS, I.: “Gipuzkoa eta gaskoi hizkuntza: 1310 eta 1316ko bi dokumentu eta zenbait ohar”. In: BEHSS, 52 (2020), 19-112 orr.; MÚGICA, S.: “Los gascones en Guipúzcoa”. In: Homenaje a D. Carmelo de Echegaray (miscelánea de estudios referentes al País Vasco), Donostia 1928, GFA, 2-29 orr ; TENA GARCÍA, Mª. S: La sociedad urbana en la Guipúzcoa costera medieval: San Sebastián, Rentería y Fuenterrabía (1200-1500). Donostia: Dr. Camino, 1997.

[7] GAUTIER DALCHÉ, P., aip. lan., 96 eta 115-121 orr.; TENA GARCÍA, Mª. S., aip. lan., 384-388 orr.

[8] Testuingururako, ikus FORTÚN PÉREZ DE CIRIZA, L. J.: “La quiebra de la soberanía navarra en Álava, Guipúzcoa y el Duranguesado (1199-1200)”. In: EINA, 45 (2000), 439-494, bereziki 447-457 orr.

[9] Nafarroaren erreklamazioetan muga Santander arte jartzea izan bazen ere, badirudi negoziazio-taktika baten baitan ezarri zela (Ibidem, aip. lan., 453 orr.). Akordioak zekartzan mugen inguruan, BARRENA OSORO, E.: La formación histórica de Guipúzcoa. Transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época medieval. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1989, 332-337 orr.

[10] GAUTIER DALCHÉ, P., aip. lan., 126-127 orr. Esan bezala, Gipuzkoako leku-izenek ez dute isla hiritarrik adierazten duen kontzepturik.

[11] AÑÍBARRO RODRÍGUEZ, J.: La implantación urbana medieval en la costa de Cantabria: ¿Creación original o herencia del Pasado?. Santander: PUbliCAN, 2010, 45-68 orr.; eta SOLÓRZANO TELECHEA, J. A.: “La recuperación del fuero de Castro Urdiales de 1202”. In: DEL VAL VALDIVIESO, M.ª I.; MARTÍN CEA, J. C.; eta CARVAJAL DE LA VEGA, D. (arg.): Expresiones del poder en la Edad Media. Homenaje al profesor Juan Antonio Bonachía Hernando. Valladolid: Universidad de Valladolid, 2019, 341-350 orr. Hiribilduratze aurretiko Castro Urdialesen inguruan, ikus.

[12] Ald. GAUTIER DALCHÉ, P., aip. lan., 118 orr.; eta RUIZ ARZALLUZ, I.: “Vascona en el siglo XII…”, aip. lan., 699 orr.

[13] Testuingururako, BARRENA OSORO, E.: La formación histórica de Guipúzcoa. Transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época medieval. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1989; MARTÍNEZ DÍEZ, G.: Guipúzcoa en los albores de su historia (siglos X-XII). Donostia: GFA, 1975, 81-85 eta 141-148 orr.; MÚGICA, S.: “El obispado de Bayona con relación a los pueblos de Guipúzcoa adscritos a dicha diócesis”. In: EINA, VIII (1914-1917), 185-229 orr.; ORELLA UNZUÉ, J. L.: “Relaciones medievales entre Gascuña y Guipúzcoa: la diócesis de Pamplona y de Bayona”. In: Azkoaga, 11 (2001), 93-212 orr.; ORELLA UNZUÉ, J. L.: “La vida eclesiástica de Hondarribia en el marco geográfico del arciprestazgo de la Diócesis de Bayona”. In: Lurralde 37, 2014, 39-96 orr.; OSTOLAZA, M.ª I.: “La organización eclesiástica guipuzcoana durante la Edad Media”. In: Donostiako Forua eta bere garaia Kongresua. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1982, 149-192 orr.

[14] Honen alde azaldu dira, besteak beste, AYERBE IRIBAR, M.ª: “Notas acerca del fuero de San Sebastián: su expansión, vigencia y modernidad, y análisis de sus textos”. In: IRUJO, X.; eta ÁLVAREZ BERASTEGI, A.: Los fueros de Estella y San Sebastián. Donostia: Iura Vasconie, 2020, 255-333 orr.; eta LEKUONA ILUNDAIN, A.: San Sebastián y la tierra de Hernani entre los siglos XI y XIII Aproximación a la comprensión de la articulación del espacio a través del estudio crítico de las fuentes y de la identificación de los topónimos. Donostia: GFA, 2021, bereziki 81-84 orr. Barrenak, berriz, Donostiako barrutia Hondarribiraino hedatzen zuen, baina Oiartzungo bailara kanpo utziz (BARRENA OSORO, E., aip. lan., 343-347 orr.).

[15] Ikus IRIXOA CORTÉS, I.: Documentación medieval de los archivos municipales de Pasaia y Lezo (1361-1520). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2013, 52 orr ; eta LARRAÑAGA ZULUETA, M.; eta TAPIA RUBIO, I.: Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo I (1186-1479). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1993, XVI dok.

[16] LARRAÑAGA ZULUETA, M.; eta TAPIA RUBIO, I., aip. lan., XVI dok.

[17] Honen inguruan, IRIXOA CORTÉS, I.: “Ospakizunak hastapenetara eramanez: Oiartzualdea, 1209?-1320”. In: Oarso, 2020 (2020), 112-126 orr.

[18] Material hauen erabilerarako, ald. BOCHACA, M.; eta ARÍZAGA BOLUMBURU, B.: “Ports, havres et mouilages de Bayonne (Gascogne) à Bayona (Galice) d’après les routiers de la fin de Moyen Âge”. In: GARCÍA HURTADO, M. R.; eta REY CASTELAO, O. (arg.): Fronteras de agua. Las ciudades portuarias y su universo cultural. Santiago de Compostela: Universidade de Santiago de Compostela, 2016, 47-58 orr.; FERREIRA PRIEGUE, E., aip. lan., 46-56 eta 275-277 orr. Euskal Herriko kostalderako, ald. NOAIN MAURA, M.ª J.: Hondarribiko hiriaren sorrera Erromatarren garaitik 1400.era. Hondarribia: Hondarribiko Udala, 2005; ORELLA UNZUÉ, J. L.: “Relaciones medievales entre Gascuña…”, aip. lan., 186 orr.; ORELLA UNZUÉ, J. L.: “Geografías mercantiles vascas en la Edad Moderna (III). Las relaciones vascas con Inglaterra, siglos XIV-XVI”. In: Lurralde, 28 (2005), 85-152.

[19] PUJADES I BATALLER, R. J.: Les cartes portolanes. La representació medieval d’una mar solcada. Bartzelona: Institut Cartogràfic de Catalunya, 2007.

[20] https://www.medea-chart.org. Bi iturri nagusi horiei beste hainbat batu dizkiegu, hala nola CAMPBELL, T.: “Portolan Charts from the Late Thirteenth Century to 1500”. In: HARLEY, J. B.; eta WOODWARD, D. (arg.): The History of Cartography. Volume One: Cartography in Prehistoric, Ancient, and Medieval Europe and the Mediterranean. Chicago eta Londres: The University of Chicago Press, 1987, 371-463 orr; MOLLAT DU JARDN, M.; eta LA RONCIERE, M. de: Les Portulasn. Cartes maries du XIIIe au XVIIe siècle. Fribourg: Office du Livre, 1984;: eta etengabe eguneratzen doan Tony Campell adituaren “Map History / History of Cartography” izeneko webgunea (http://www.maphistory.info/index.html).

[21] Datazio berriaren inguruan, ikus GASPAR, J.: “Chart of the Week. Carte Pisane, anonymous, circa 1270” (2021/03/18ko artikulua. esteka honetan kontsultagarri: https://www.medea-chart.org/single-post/chart-of-the-week-carte-pisane-anonymous-circa-1270).

[22] HINOJOSA MONTALVO, J.: De Valencia a Flandes. La nave della frutta. Valentzia: Generalitat Valenciana. Fundació Jaume II el Just, 2007, 26 orr.; ORTEGA VILLOSLADA, A.: El reino de Mallorca y el mundo atlántico (1230-1349). Evolución político-mercantil. A Coruña: UNED-Netbiblo, 2008, 199-202 orr.

[23] Iturri nagusia Pujadesen lana izan denez, egile honek emandako izenak “Erreferentzia” izeneko zutabean jarri ditugu. Zerrendatutako bigarren elementua 1300-10 inguruko Avignongo Gutuna da, eta MEDEA bidez kontsultatu dugu. Legenda: · Gorriz irudikatua; x: Beltzez irudikatua.

[24] Higer ez azaltzeak, data zehatzik gabeko gutun honen kronologia gehiago zehaztu daitekeelakoan gaude. Orain arte XIV. mendeko bigarren laurdenean egina zela uste izan da, baina ziurrenik 1325-1330 aldera kokatu beharko genuke, bai behintzat, 1339 urtea baino lehen.

[25] Anonimo veneziar honetan, Donostia eta Castroren artean hiru leku-izen besterik ez daude: irakurketa zaila duen bat, Bermeo eta Matxitxako. Azken honen “Marcyaco” (?) aldaera eta Donostiaren ondoan dagoena oso antzekoak dira; azken horri dagokionez, “Murcycun” (?) moduko bat irakurtzen dugu. Grafiaren antzekotasun honen ondotik bi hipotesi plantea daitezke: izenaren errepikatze-akats bat, edota gutxi ikusten den toponimoa Mutriku izatea. Logikoagoa litzateke tradizio handiagoko Getaria izatea, Gutun Riccardiarretik aurrera beti irudikatua egongo baita. Alabaina, irakurketa zaileko toponimo horrek “Mutriku” izenarekin antzekotasun handiagoak dituela dirudi, Getariarekin baino. Gutuna bertatik bertara kontsultatzeak edo bere irudi hobe batek zalantzak argitzen lagunduko liguke.

[26] Beccari Bartzelonan aritu zen gutxienez 1399-1400 artean, Pujadesek bere egonaldia 1403ra arte luzatu zela uste duelarik. Ikus PUJADES I BATALLER, R. J., aip. lan., 237 eta 261 orr.

[27] Esker bereziak eman nahi dizkiogu Jesus Lorenzo Jimenezi, C54 jatorri tunisiarreko maparen interpretazioa helarazteko agertu duen abegikortasunagatik. Bestalde, Beccari genoarraren lantegiak 1425-50 aldera burutu zuen C53 gutuna hemen ez sartzea erabaki dugu, eskuragarri izan dugun digitalizazioak izenen irakurketa ez baitu ahalbidetu. Pujadesen C70 gutunari dagokionez, 1450-1475 ingurukotzat hartu da, nahiz eta, azalduko dugun moduan, 1462-65 aldera gauzatu zela uste dugun.

[28] Badirudi izenak kolore gorriz jartzeko garaian akatsen bat egin zela. Donostia, adibidez, Matxitxako eta Portugalete artean idazten da (azaltzen ez den Bermeoren lekua hartuz), “Vuarça” eta “Cataria” arteko tartea hutsik dagoen bitartean. Baiona eta Hondarribia ez dira aipatzen.

[29] Gutun honek badu berezitasunik. Uartza ez aipatzeaz gain, zenbait toponimoren hurrenkera nahastua dagoela ematen du. Jarraitzen duen ordena honakoa da: “Ataribia, Figuer, S. Sabastian, Gueraria, Getaria, Lequentio, Moercho, Marchachco, Vermeo, Galeto, Bilbau”. Gipuzkoari dagokionez, “Gueraria”, “Getaria” eta “Moercho” dira zalantzak sortzen dituztenak. Deba eta Mutriku 1448rako nahikoa finkatuak daudela aintzat hartuz, “Moercho” Mutrikurekin lotu behar dela uste dugu. Zailagoa da “Gueraria” eta “Getaria” horien izen eta koloreen atzetik zer herri dagoen antzematea. Garai honetan Deba eta Getaria gorriz irudikatzea ezohikoa da. Ordura arte kasu bakarra dugu eta Getariari dagokiona (C22). Alabaina Getariak Debak baino tradizio kartografiko handiagoa duenez, gutun honetako “Getaria” gorri hori Getariari erreferentzia egitea zentzukoagoa irudi dezake. Hala balitz, “Getaria” horren aurretik beste “Gueraria” beltz hori argitzea geldituko litzaiguke. Debari buruzko aipuak ikusita, hiribildu honen kokapen oker batean pentsa dezakegu. Bada, ordea, beste aukera bat: C50an dakusagun “Retaroia” edo “Teraroia” aintzat hartuta, kokapen akats baten ondorioz, “Gueraria” horrek, egiaz, Errenteria adierazi nahiko luke. Uartza ez agertzea oso arraroa ez bada ere, agian izena jartzea ahaztu zitzaien C46 honetan eta “Gueraria” (= Errenteria) hori Donostia baino lehen jarri ordez, ondoren jarri zuten. Campbellek, bere aldetik, Getaria eta Mutriku bakarrik aipatzen ditu.

[30] PUJADES I BATALLER, R. J., aip. lan., 237 eta 267 orr.

[31] Mapa solteez gain, badira bilduma moduan Atlasetan jasota dauden gutun nautikoak. Pujadesek biltzen dituen lehenengo 41 mapei erreparatuz gero, 1313-1468 epea hartzen dutenak, gutunen ildo nagusiak errepikatzen da. Hondarribia, Higer, Uartza, Donostia eta Getariaren nagusitasuna erabatekoa da. Mutrikuren aipamenak, berriz, beranduago ditugu, 1420ko hamarkadan (Pujades, A25 eta A27). Orio, Zarautz eta Zumaiari buruz, atlasek ez dakarte inolako aipamenik: salbuespena 1489an burutu zen “Cornaroren Atlasa” delakoa da, biltzen duen Pere Rosell XV. mende erdialdeko gutunean Orioren agerpen bakarra dakarrelarik (COR4). Bestalde, Benincasak 1468an egindako atlas batean (A39), “Uartza” moduko aldaera azaldu ordez, “Aioarço” forma ageri zaigu, jatorrizko Oiartzunengandik gertuago dagoena.

[32] PUJADES I BATALLER, R. J., aip. lan., 60-127, 144, 273-289 edota 338 orr.

[33] Mapa-egileek erabilitako iturrien inguruan, Beccarik bere 1403ko gutunean emandako oharra adibiderik adierazgarriena da, informatzaile gisa itsasontzi-maisuak, itsasontzi-jabeak, pilotuak eta marinelak aipatzen baitzituen. Ikus CAMPBELL, T., aip. lan., 427-428 orr. Elisa FERREIRA PRIEGUEk berak (Galicia en el comercio…, aip. lan., 47 eta 51 orr.) italiarren materialek “ikuskatze zuzena” eta zehaztasuna islatzen duela aipatzen zuen.

[34] Ikus SABATER REBASSA, T.; JUAN VICENS, A.; eta CERDÀ GARRIGA, M.: “Las cartas naúticas de la escuela cartográfica mallorquina. Aspectos artísticos y contexto productivo”. In: Hortus Artium Medievalium, 22 (2016), 331-342 orr.

[35] Oroitu behar dugu Rosellek bere 1462ko gutun nautikoan Orio eta Pasaia irudikatzen zituen bitartean, 1464 eta 1468 artean ekoiztu zituen beste batzuetan informazio zaharragoa erabili zuela, Orio bazteertuz eta “Uartza” zaharra idatziz (Pûjades, C65-C68).

[36] Ikus CAMPBELL, T.: “Portolan Charts…”, aip .lan., 421 orr.

[37] Bi adibide horien datazioari dagokionez, XV. mende erdialdekoak direla aipatu izan da. C64 horren informazio oso antzekoa dugu 1489ko “Cornaroren Atlasa” bilduman biltzen den COR4 izenekoan; hortaz, garaikidetzat jo behar ditugu. Bestea, hainbat alditan aipatu dugun C70, 1450-75 urte bitartekotzat jo izan da, zenbait egilek 1465ekoa dute eta, ikusi dugunez, guk ere 1460ko hamarkadan landutakoa delakoan gaude, agian 1462 aldera.

[38] Eskerrak eman nahi dizkiogu Aragoiko Koroaren Artxibategiko erreferentzia saileko buru Gloria Lópezi, irakurketaren inguruan emandako azalpenengatik. Bere ustetan, “Teraroia” izena da irakurtzen dena.

[39] Prozesu honen hipotesiaren planteamendu eta garapena Luis Elberdini zor zaio. Ikus ELBERDIN, L.: “Orereta / Errenteria” izen bikoitza onartzeko Udalbatzari aurkeztutako eskaera. Errenteria: Oreretako Herri Memoria artxiboa, 2022

[40] Hauen garapenerako, ikus IRIXOA CORTÉS, I.: Pasaia: hastapenak (XIV-XVI. mendeak)/ Pasaia: orígenes (siglos XIV-XVI.) Pasaia: Pasaiako Udala, 2009; IRIXOA CORTÉS, I.: “Contingentes cantábricos en el poblamiento de Gipuzkoa en la Baja Edad Media: El caso de la bahía de Pasaia”. In: SOLÓRZANO TELECHEA, J. A. eta MARTÍN PÉREZ, F. (arg.): Las rutas de comunicación marítima y terrestre en la Península Ibérica en la Baja Edad Media. Madril: La Ergástula, 2020, 313-377 orr.

[41] Isiltasun joera horren lekuko ditugu 1471 aldera burututako Portugalgo eta Italiako anonimo bana; Pedro Reinel portugaldarrak 1484-1492 aldera egin zuen gutuna; eta, azkenik, Kristobal Koloni egotzi zaion mapa, 1492 urtearen ondoren egindakoa.

[42] Hurrenez hurren, https://medea.fc.ul.pt/view/chart/598 eta. https://medea.fc.ul.pt/view/chart/152.

[43] Joera bera erakutsi zuen 1476-1500 aldera datatu den eta ustez Salvat de Pilestrinari egotzi zaion gutunak. Bertan, “Passagio” hitza azaltzeaz gain, Gipuzkoako kostaldeko herrigune guztiak jaso ziren, Zumaia, Orio eta Zarautz barne (https://medea.fc.ul.pt/view/chart/678). Lan hau, ordea, tentuz hartu beharko litzateke, egiletasunari eta kronologiari buruz usteak gehiago direlako ziurtasunak baino. Kostaldeko herri guztiak ikusteak zalantza handiak sortzen ditu, ez baitator bat XV. mendeko lanekin. Halaber, Pilestrinaren ekoizpena 1XVI. mendearen lehenengo herenean datatu da, adibiderik garbienak 1511 eta 1533koak direlarik. Hori aintzat hartuz, XV. mende amaierako mapa hau bi data horien artean jarri beharko litzatekelakoan gaude. Pilestrinaren inguruan, ikus https://en.wikipedia.org/wiki/Salvatore_de_Pilestrina

[44] Ikus, hurrenez hurren: https://medea.fc.ul.pt/view/chart/1; https://medea.fc.ul.pt/view/chart/8; https://medea.fc.ul.pt/view/chart/190; https://medea.fc.ul.pt/view/chart/347 eta https://medea.fc.ul.pt/view/chart/1405.