Submitted by iab on
Liburutegien eguna Hondarribiko liburutegian 2025

Urriaren 24an, Nazioarteko Liburutegi Eguna ospatu zen Hondarribiko liburutegian, egitarau berezi eta hunkigarria eskainiz. Liburutegiak gizartean duen garrantzia ospatzeko asmoz, programazioa irekia eta partehartzailea izan zen.

Ostiralean, goizeko 11etatik 13:30etara, Lupe Calvok idatzitako Pertsona izatearen balioa: Lourdes Ibañez de Gauna, gizarte-ekintzan aintzindari liburuaren irakurraldia egin zen. Irakurketan liburutegian antolatzen diren literatur eta idazketa tailer guztietako partaideek eta liburutegia egiten duten norbanakoek parte hartu zuten. Guztira 24 pertsonek, gehi Hondarribiko hiru eskoletako gazteek (hauek liburuan agertzen diren presoen eskutitzak irakurri zituzten). Irakurraldiak oso giro hurbila eta dinamikoa sortu zuen, eta gazteek ekarpen garrantzitsua egin zuten ekitaldiaren arrakastan. Garrantzi handia izan zuen generazio desberdinen arteko elkarlanak.

Ekitaldian, Lourdes Ibañez de Gaunaren bizitzaren eta gizartean izan zuen eraginaren inguruko hausnarketa egin zen, eta parte hartzaileek oso positiboki baloratu zuten ekitaldiaren edukiak.

Larunbatean, San Pedro kalean, liburutegiak postu bat jarri zuen azoka egunean. Horrela, liburutegia kalera ateraz eta erabiltzaileengana hurbilduz, Hondarribiko komunitateari liburutegiaren eskaintzak eta gizartean duen garrantzia ezagutarazi zitzaizkion.

Azkenik, igandean, Papillon zineklubarekin elkarlanari esker, Kultur Etxean Deprisa, deprisa pelikularen emanaldia izan zen, liburuan agertzen den pelikula horren protagonistak Lourdes Ibañez de Gaunarekin harremana izan zuelako. Bertan ikusleek Lupe Calvoren liburuaren azalpenak entzuteko aukera izan zuten.

Hondarribian Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatzea aukera paregabea izan zen liburutegia osatzen duen komunitatearekin elkartzeko eta kultura eta gizartearen inguruko hausnarketak partekatzeko. Ekitaldiek arrakasta izan zuten, eta hurrengo urteetan berriro ospatzeko gogoa sortu zuen.

Hondarribia Liburutegiak