Santio jaiak: atzera begirako erakusketa

Amasa-Villabonako udalak herriko jaien inguruko erakusketa eredugarria paratu du. Kultura sailak bultzatuta, artxiboan gordetzen diren materialen erabilera interesgarria dugu martxan. Argazki, agiri, jai egitarauak… baita ere buruhandiak eta erraldoiak, eta kuadrillen apaingarriak. Udal artxiboa herritarren eta udalaren gogoa dela berresten du ekimen honek. Bai eta ondaretzat hartu behar duguna harriak eta eraikinak baino askoz gehiago dela erakutsi ere. Halere, artxibo materialak ez ezik, herritarrek utzitakoak dira nabarmentzekoak, kultura eta ondarea norberak bultzatzen eta sustengatzen duen heinean gorpuzten da eta.

Oso gustora lagundu dugu ekoizpenean; are gustorago zainduko dugu Erakusketa.

Gurea erakusketa gelan izango da ikusgai, ekainaren 17tik uztailaren 6ra (astegunetan 18:00etatik 20:30era, eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara).