Pezeratik gure etxeetara

Duela bi hilabete baino gehiago gure ohiko lantokia utzi behar izan genuen “telelana” egiten hasteko, egun batetik bestera antolatu behar izan genuen etxetik lan egiteko, zer eta nola egin, nola burutu planifikatuta zeuden hainbat gauza, eta nola antolatu elkarren arteko komunikazioa… horretan ari gara eta horrela jarraituko dugu ez dakigu noiz arte; bakoitzak, etxean, bere txokoa bilatu eta egokitu dugu, ahal den neurrian, lana burutzeko eta, taldean aritzeko.
Bi hilabete hauetan, gutako bakoitza bere arloan, gauza asko egiten ari da, katalogazioan, artxiboan, datu-baseetan, eta edukien aukeraketan eta osaketan. Hona hemen egindakoa, laburbilduta:

– Bilduman:
Katalogatzen jarraitzen dugu, noizbehinka Ubikera joaten gara materialaren bila, eta katalogoa elikatzen segitzen dugu: Artelekuko bilduma, azken iritsitako berriak, Zinemalditik etorritako filmak, musika esperimentala…
Baina katalogazioaz gain beste lan batzuetan aritzen gara: online edukien irizpideak eguneratu ditugu eta bilduma berri bat sortu dugu, “sareko baliabideak” hain zuzen. Horrekin Ubik, bere espazio fisikotik haratago eramatea lortu da.
Eta ahaztu gabe, katalogoaren birpasaketa eta eguneraketa, autoritatearen kontrola, hau da, katalogoa behar den bezala izateko lan guztia garatzen ari gara.

Makusin, Tabakalerako artxiboan:
Uf! Familia berriak gehitzen goaz Makusin. Familiak, funtsak baldin badira, badauzkagu dagoeneko pare bat kide berri. #TabakaleraEtxean deitu zaion ekimena gehitzen joan gara, Kearen zigarrogileekin lanean jarraitzen dugu eta beste hainbat funtsei ere lekua egiten ari gara.

– Datu-baseetan:
Bulegotik izan edo etxe barruan egon, buru-belarri gaude datu-base ezberdinen makineria zaintzen eta bitamina askorekin elikatzen. Aprobetxatu dugu atzetik zetozen akatsak zuzentzeko baina baita datu-baseak etorkizunera begira jartzeko ere: eduki elektronikoen presentzia areagotu, pertsona autoritateak beste loturekin aberastu eta beti pentsatu… elkarrekin nola hobetu?

– Edukien aukeraketan eta osaketan:
Sukaldeko lanak. Inurri lanak. Inurriei beti gustatu izan zaizkie sukaldeak… lehen eta orain.
Txantxak eta metaforak alde batera utzita, lehengo lepotik burua. Azken hilabeteotako isolamendu garaian ere, lanean jarraitu dugu, jakina, eta, zergatik ez, atzeratuta genituen hainbat lani ere heldu diegu. Ahal izan dugun neurrian, gure ohiko hornitzaileekin lanean jarraitu dugu, eta berriak ezagutzeko aukera ere izan dugu, konfinatuta egoteak “lagun” berriak egiteko ausardia eman digulako. Hamaikatxo eskaera egin dizkiegu (liburuak, fanzineak, aldizkariak, filmak, CDak, bideo-jokoak…). Ubikeko erabiltzaile bazarete, laster izango dituzue eskura eta erabilgarri.
Nabigatu dugu. Nabigatu dugu gure kultura-proiektuaren itsaso zabalean esploratzaile bilakatuz: izaera ezberdina zuten webgune, buletin, bilduma, katalogo eta abarrak begiratu eta aztertu ditugu, behatzaile aseezinaren begiradaz. Talde-lanean aritu gara, sarean (inoiz baino gehiago), eta finkatutako irizpideen arabera, “hau bai, hau ez”, erabakiak hartu eta eskaerak egiten jarraitu dugu, Liburutegian bertan sortutako beharrei erantzunez, eta baita Tabakalerako beste departamentu batzuetatik egin dizkiguten eskaerei toki eginez ere (Zinema, Erakusketak, Hezkuntza…).
Aurrekontu eta faktura artean galdu gara; hori ere bai, nola ez. Ez dakigu azkenaldian barneratu dugun naufrago izaera honek zein hondartzatara eramango gaituen, baina kultura-esparruan mugitzen zaretenongandik gertu segituko dugula… ia seguru dakigu.
Zintzilik geratu den lantxo bakoitzeko (eta motibatzen gaituen esaldi bakoitzeko), post-it bat ipini dugu. Eta horrela, mapamundi zahar bat estali arte. Bidaiatzeko aukerarik ez dugun garai honetan…
Ezetz? Ez duzuela sinesten lanean ari garenik? Challenge-ak gogoko badituzue, egin aproba: Ubikeko erabiltzaile bazarete, desiderata bat (edo bi, edo hiru…) egin dezakezue eta… uste baino lehen jasoko duzue erantzuna, ziur nago 😉

Dauzkagun baliabideekin lan egiteko modu berriak ikasten ari gara, bizitzea egokitu zaigun egoera berri honetara moldatuz…

Ubik-eko Ereiten-taldea