Liburuaren eguna dela eta aste osoko egitaraua Hondarribiko liburutegian

Hondarribiko Liburutegiak Twitter bidez sustatutako BookCrossing-a, bisita gidatuak eta ipuin kontaketa saioa eskainiko ditu apirilaren 23ko astean, Liburuaren Egunaren ospakizunen harira


Liburuaren Eguneko ospakizunak luzatzea erabaki du, aurten, Hondarribiko Udal Liburutegiak. Honela, apirilaren 23tik 28ra, Twitter bidez sustatutako BookCrossing ekimena jarriko du abian. Liburuak, komikiak, haurrentzako ipuinak, DVDak… 50 bat ale izango dira, orotara, askatuko direnak eta, horien artean, Sisifo maiteminez, El perro de los Baskerville edo The Name of the Rose bezalako izenburuak topatuko dituzue, baita Kika Superbruja saileko aleren bat ere, besteak beste.

Astebetez, Hondarribiko kale eta plazak Liburutegi bilakatzeko helburua du ekimenak, berritasun batekin, gainera: egunero-egunero, ale horiek askatu ahala, liburu, komiki edo DVDak aurkitu ahal izateko, ale bakoitzaren kokapena asmatzeko pistak eskainiko dira. Liburutegiko langileek Twitter sare soziala baliatuko dute jolas moduko hau sustatzeko. Gainerakoa ezaguna izango da, agian, zuetako askorentzat. Nolanahi ere, BookCrossing-ean askatutako liburuak erraz identifikatzeko moduan egongo dira: pegatina bereziak izango dituzte eta argibideak ere utziko dira liburuan bertan. Nagusiki, BookCrossing etiketa daraman liburua aurkitu duenari, honakoa eskatzen zaio: webgune ofizialean sartu (http://www.bookcrossing-spain.com) eta liburua non topatu duen adieraztea. Horrekin batera, BCID edo identifikazio zenbaki bat ere sartu beharko du irakurleak, eta �”berriz ere askatu aurretik�” liburuari buruzko iruzkinen bat uzteko aukera ere izango du. Izan ere, BookCrossing-a, izatez, muga geografikorik ezagutzen ez duen doako liburu klub erraldoi baten gisakoa da, liburuak trukatzeaz gain, beste irakurle batzuekin iritziak trukatzeko aukera ere ematen duena. Aipatutako ekimenean parte hartzera animatzen zaituztegu eta, jakina, gure Twitter kontuko txioei erantzuteko gonbita ere luzatzen dizuegu.  


Bisita gidatuak eta ipuin kontaria

Baina ez hori bakarrik. Asteartean, apirilaren 24an (18:00), Lupe Lekuona ipuin kontariaren saioa izango dugu 4-7 urte bitarteko haurrentzat. Sarrera librea da, aretoko 40 lekuak bete arte.

Horrez gain, eta Liburutegiko ateak parez pare zabalik dituzuela ikus dezazuen, 8 bisita jasoko ditugu apirilaren 23ko astean. San Jose Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako haurrak, apirilaren 23an, 24an, 26an (10:00) eta 27an (10:00 + 11:00) hurbilduko dira Zuloaga Etxea ezagutzera. Datorren astean, guztira, adin ezberdinetako 130 bat haur ibiliko dira Liburutegian barrena.    

Astelehenean (11:15), Liburuaren Egunean bertan, Talaia Institutuko gazte talde bat ere Liburutegira txangoa egitekotan da. Ikasle askok ezagutzen dute eraikina eta bertan eskaintzen diren zerbitzuak, baina egun ezin aproposagoa hautatu dute Liburutegira etorri eta irakurketarako tarte bat hartzeko. Institutuko Yoseba Peña irakasleak gidatzen duen irakurketa klubeko topaketa ere Kale Nagusiko gure egoitzan egingo da apirilaren 23an (bilkura hauek Institutuan egin ohi dituzte, hilero).   

Eta adin guztietako irakurleak ditugunez, Nagusilan eta Kasino Zaharra elkartekoak ere bisitan etorriko zaizkigu Liburuaren Egunaren aitzakian. Bi talde hauek apirilaren 24an (11:30), Opila Egunaren bezperan, etorriko dira Liburutegira.

Opilekin bezainbeste gozatuko dugu liburu artean; ziur gaude.