Larrotxene Bideo konfinamenduan
Larrotxene Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxea da, eta 32 urte daramatza ikus-entzunezkoetan formakuntza ematen eta ekoizpenak garatzen. Besteak beste Borja Cobeaga, Jon Garaño, Jose Mari Goeneaga eta Pablo Malo izan dira bertako ikasle. Horietako asko Larrotxeneko irakasle bihurtu dira eta Michel Gaztambideren neurriko zinemagintzako profesionalek zentroaren irakaslegoa osatzen dute. Larrotxenek hainbat ikastaro eskaintzen ditu urtero. Zentroak Ikus-entzunezko ekoizpenaren mundu errealari buruzko formakuntza globala lortzeko diseinatutako ildo pedagogikoa eskeintzen du.
Horrez gain, zentroak aholkularitza-zerbitzua eskaintzen die barneko zein kanpoko proiektuei, gidoiari, ekoizpenari, plangintzari eta abarri dagokienez. Gainera ikus-entzunezko materialaren mailegu-zerbitzua ere badauka.
Itxiera iritsi zenean, konfinamendu-aldian egin beharreko jarduera-plan bat aurkeztea proposatu ziguten. Nolabaiteko abantaila genuen, denbora daramagulako ikastetxean narratiba digitalei buruzko medialab bat eraikitzen, eta, beraz, Larrotxeneko edukiak modu telematikoan ikuslegoari hurbiltzeko programa oso bat teorizatuta geneukan. Egoera berezi hau dela eta bapatean jarri behar izan genuen martxan.
Bistaratzeen estatistikek gora egin dute abiada bizian. Maiatzean Larrotxeneko Youtubeko kanalak %528ko igoera izan zuen; bistaratze denborak berriz 112 orduko gorakada; Facebookeko bisitek %41eko gorakada; orrialdeko “gustokoa dut” %300eko gorakada; Twitterren 17 jarraitzaileko gorakada eta txioak %143,5eko gorakada.
Larrotxenetik prestatu den programazio guztia irekian eta dohainik eskaintzen ari gara. Programazioa hauxe da:
Asteartero: Adobe After Effects tutorialak
Bi asteazkenetik behin: Transmediazine, kontakizun digitalei buruzko bideomazinea. Art Games, ARGak, Ziberliteratura, Murgiltze-antzerkia eta horrelako gaiak jorratu dira.
Ostegunero: Adobe After Effects zuzeneko ikastaroa, ariketak zuzentzeko eta ikasleen galderei zuzenean erantzuna emateko.
Ostiralero: Larroetxean zuzenekoak: Film laburrak ikusi eta egileekin zuzeneko solasaldiak. Larrotxeneko irakasleekin mintegiak ere antolatu dira, Michel Gaztambideren Master Classa bezela.
Ekainaren amaierarako 30 bat bideo esklusibo sortuko ditugu. Eta horrekin batera, urtero bezala Bideoaldia izango dugu. Aurten XXXII. Bideoaldia ekainaren 25ean Antzoki Zaharrean ospatuko dugu, bertan kurtsoan zehar egindako lanen emanaldia burutuz. Sarrera librea eta doakoa izango da, segurtasun neurriak errespetatuz aforoa bete arte.
Nola moldatu gara guzti hau egiteko? Ba ia pandemia aurretik baino hiru aldiz gehiago lan eginez. Jakina, hori konfinamendu-garaian posible da, baina ezininezkoa izango litzateke maila honetan egitea aurrez-aurreko zerbitzua ematen den bitartean. Lan gogorra eta lanaldi osokoa da.
Larrotxene Bideoko Youtubeko kanala