Hondarribiko Udal Liburutegian aurten Txanogorritxo

Hondarribiko Liburutegian urtero aitzaki bat hartuta eraskusketa, solasaldiak, tailerrak, eta hainbat ekintzez osatutako programa bat aurrera eramaten dugu. Lehendabiziko urtea Mary Shelleyren Frankenstein izan zen, iaz Herman Melville eta Moby Dick izan ziren eta aurten Txanogorritxoren txanda izango da.

Programa prestatzerakoan hainbat gauza kontuan hartzen ditugu: adinak, Hondarribia herriak eskaintzen dituen artistak, idazleak, e.a. Eta baita gaiak lantzerakoan ere, garrantzi berezia dutenak edota momentuan ikuspuntu desberdinak azalarazten lagunduko digutenak hautatzen ditugu.

Aurten Txanogorritxo izango dugu protagonista. Eta zein da burura etortzen zaigun irudia? Pertsona bat, eta emakumezkoa. Beraz Martxoaren 8ko astean emango diogu hasiera.

Zer eskaintzen digu Txanogorritxok? Alor asko jorratzen dira bertan: Txanogorritxo emakumea, Txanogorritxoren sinbologia, Txanogorritxoren indarra… ez dugu ahaztu behar bera bakarrik sartu zela basoan, bere erabakia izan zela! Eta zer esan bere kolore gorriaz? Zerekin lotuko genuke? Eta basoa? Eta otsoa? Amonaren heriotza, zenbat hitz egin daitekeen gai honetaz…

Gure Martxoaren 8aren ospakizunak hasiera emango dio gai horri baina martxoaren 8tik aurrera hauek izango dira liburutegian izango ditugunak:

– Zuhaitz morea: zuhaitza bat eraikiko dugu liburutegian eta bere hostoek idatziak, marrazkiak, arte lanak… hartuko dituzte, nahi duenak parte hartu ahal izango du. Denona izan dadin.

– Itsu-itsuan: dagoeneko gure irakurleek ezagutzen duten dinamika berreskuratuko dugu eta guk egindako liburu aukeraketa izkutatuko dugu, paketeetan bilduko ditugu, kanpoan liburu horrekin lotura duen ideia bat jarriko dugu eta maileguan hartzen duenak ez du jakingo zer eramaten duen. Zer izango da barrukoa?

– Bechdel testa oinarri hartuta gure bideotekan dauden DVD-en aukeraketa bat egin dugu eta Bideotekan horiek jarriko ditugu ikusgai.

– Gure apaletegietan liburu feministez osatutako Txoko morea sortu genuen eta ikustarazi nahi dugu. Horretarako erakusketa bat prestatuko dugu bertako aukeraketa batekin.

– Orain dela bi urte Pikara aldizkariaren harpidetza egin genuen. Martxoaren 9an Pikara aldizkarikoek Liburutegian beraien aurkezpena egingo digute.

Eta urtea aurrera joan ahala sorpresa asko izango ditugu!

Hondarribiako Udal Liburutegiko lantaldea