Azaroaren 3tik 6ra, Info Crítica Lab – Información, acción comunitaria e investigación con bibliotecas topaketa egin zen Paiportan (Valentzia).
Aurtengo topaketak esanahi berezia izan zuen, izan ere, Paiporta 2024ko urriko DANAren ondorioz gehien kaltetutako udalerrietako bat izan zen. Testuinguru horretan, informazioa, memoria eta liburutegiak komunitatea elkarrekin berreraikitzeko tresna ere badirela gogorarazi zigun topaketak.
Info Crítica Lab informazioaren, ekintza komunitarioaren eta liburutegien arteko harremana lantzeko eta esperientziak partekatzeko gunea da.
Topaketan, BIBABUH: Una Biblioteca de Barrio de la BUH proiektuan kolaboratzaile gisa parte hartzeko aukera izan nuen. Honen helburua Huelvako Unibertsitateko Liburutegia Agua Viva elkartearekin elkarlanean, auzoko biztanleei informazio erabilgarria, baliabideak eta kultur laguntza hurbiltzea da. Auzo hori gizarte-zaurgarritasunak eta langabeziak markatutako eremua dela kontuan hartu behar da. Honekin liburutegia herritarren ahalduntzerako tresna izan daitekeela, bereziki kultur eta hezkuntza-zerbitzuetara iristeko zailtasunak dituzten pertsonentzat argi ikusten da.
Proiektuaren emaitza gida bat izan da, edozein elkarte edo liburutegiaren eskura, eta erabat erreplikagarria dena. Gida
Info Crítica Lab topaketa ez da soilik ezagutzak eta esperientziak partekatzeko aukera izan. Liburutegiek komunitateetan duten eragina aztertzeko, lankidetza-sare berriak sortzeko eta informazioa gizarte-eraldaketarako tresna gisa ulertzeko gunea ere izan da.

Liburutegiak eta komunitateak elkarrekin!
Nekane Barandiaran Bengoetxea
Liburutegiak