Bloga

Zurruta, politika eta bertsoak: kartzelan amaitzeko konbinazio ederra!

Hondarribia, 1871. urteko
otsailaren 16a eta Ostegun Gizena. Apezpiku kaleko sagardotegi-tabernan,
Frantzisko Higos tragoxka bat hartzen ari da. Garaiko giro politikoa ez
zen bat ere lasaia: hamaika gorabeheren ondoren, ordurako Espainiako
Koroa Amadeo I.goa erregearen buru gainean zegoen. 1868ko “La Gloriosa”
altxamenduak Isabel II.a erregina Donostian udapasan harrapatu, eta
handik amen batean ospa egin eta hiru urtera, Espainiak monarkia
Konstituzional itxura zuen gobernua sortu zuen; Borbondarrak kendu eta
hamaika lekutan erregea bilatzen ibili ostean, Aostako Duke titulua zuen
Amadeo Saboyakoa italiarra monarka berri moduan aukeratua izan zen:
Espainiako Amadeo I.goa.

Hautagaia,
ordea, ez zen ahobatez erabaki. Parlamentuan ordezkaritza zuten hainbat
taldek errege berriaren aurkako bozka eman zuten, tartean karlistek.
Agidanez, Hondarribia ondoko Hendaian, erbesteratutakoak konspirazioan
zebiltzan, eta propaganda hedatzeko modu bikaina bertsoak sortu,
paperetan idatzi, moldiztegietara eraman eta bertatik hamaika lekutara
zabaltzea izan zen. Izan ere bertsoak garaiko komunikabide ederra ziren,
edozein motako berriak zabaltzeko tresna, Gipuzkoako gizartearen
gehiengoa alfabetatu gabea eta euskaldun elabakarra zen hartan.
Lehenengo Karlistaldian protagonismo nabarmena izan zuten bertso-paperak
indarberritu ziren 1868an ireki zen aro berrian, eta Espainiako
Gorbernuaren eraketaren ildotik alderdi bakoitza, liberala zein
karlista, nor baino nor zela erakutsi nahian.

Halako
borroka propagandistikoa benetan eraginkorra zen, eta Isabel kanporatu
ondoreneko hilabeteetan itxura hartzen hasi zen, Euskal Herriko II.
Gerra Karlista izango zena hasi baino ia lau urte lehenago. Horren
lekuko, Hondarribiko udalak 1871ko Ostegun Gizen hura baino hainbat
hilabete lehenago hartutako erabakia dugu: Espainiako erakundeak
iraintzeko asmoz sortzen zihoazen kantu eta bertsoak galaraztea, hain
zuzen ere. Hondarribiko alkateak halakoek hautsak harrotu zitzaketela
uste zuen, eta delitu moduan ikusten zituen. Zaharrak berri, beraz.

Baina
erabaki horiei izkin egiteko modua egon, bazegoen. Festa garaia
aproposa zen erakundeei adarra jotzeko edo nolabaiteko protestak eta
ezinegonak plazaratzeko; zer esanik ez jaiak Inauterien baitan zeudela
aintzat hartuta. Jakina denez, egun horietan gizarte-egituraketa irauli
egiten zen, sinbolikoki bazen ere. Jai eta mozorro giroan, eta egun
guztia edo lanaldia amaitu ondoren taberna batetik bestera ibilita,
jendeak barren-barrenean gordeta zituenak plazaratzeko aukera zegoen.
Hori izan zen Frantzisko Higosen kasua: marinela ogibidez, Ostegun Gizen
egunaz gozatzen ari zen, baxoerdi bat baino zerbait gehiago edanaz;
modu honetan, eta orditze bidean, txantxan aritzeko aukera izan zuen.

Arratsaldeko
7ak jota zirenean, jai giroak eta alkoholak barnean zituen koplak
abesteko aukera eman zioten; zer eta garai haietan barra-barra zebilen
konposizioa: “Milla ta sorsireun da / iruruguei-ta amargarren / urtia
isango da / gaudela barenen, / españolac isandu guiñarela len. / Bañan
icusten dana, / desgraciaz aren, / ytaliano biurtu / nai gaituste emen”.

Higos-ek
halako abestiaren estrofa bakarra abesteko denbora izan zuen. Santos
Jauregik “Primec nai izatia / ez-tegu guc basta, / erregue nombraceco, /
Duque de Aosta” Higos-i abesten entzun ondoren, isiltzeko esan zion.
Honek jaramon egin ziola dirudi, baina kargu hartzea egin eta gutxira,
alguazila eta Fermin Berrueta mikeletea agertu ziren. Justizia lanak
betez, eta alkatearen aginduz, Frantzisko atxilotu eta preso sartu
zuten. Eta hemen hasi zen benetako kalapita.

Alkateak
atxilotzeko ardura hori bere gain hartuta, Hondarribiko Bake-epailea
kartzelara gerturatu eta Higos askatzea agindu zuen. Bere ustetan, udal
karguak ez zuen atxiloketak egiteko inolako eskumenik eta gainera, ezin
zitzaion inorri nahi zuena abestea debekatu: “el alcalde no podía
detener a nadie ni prohibir que se cantase lo que a uno le diese la
gana, y que únicamente él era la verdadera autoridad, gritando en
público a la muger del alguacil que abriese inmediatamente la puerta al
detenido”.

Gainera,
abestia oso ezaguna zen eta iraganareko pasarteak zituen hizpide.
Amadeo I.goaren hautaketa zuen gai nagusitzat, Prim generalak
bultzatutakoa eta azken hau, dagoeneko, hilda zegoen. Gainera, Inauteri
garaia zen, eta orduan halako txantxak agerikoak ziren:

“vi
a un joven [Frantzisko, alegia] que estaba ebrio al parecer y habiendo
sabido que el motivo que daba lugar a su prisión era el de haber una
canción ya muy oída en esta Ciudad, de que aun cuando el hoy difunto
general Prim quisiera no obligaría a ser Rey de España D. Amadeo de
Saboya. Teniendo en consideración que dicho canto era referente a tiempo
pasado, ningún mal efecto podría causar en la población y mucho menos
por un joven y en día como el Jueves Gordo, que por razón de su
proximidad a Carnaval la gente se alegra y toma a broma y algaravía, me
persuadí de que el hecho no constituía delito sino aún quizás una (…)
falta y por ello hice poner en libertad al joven Francisco Higos”.

Fiskala
ere iritzi berekoa zen. Bere ustetan ez zegoen inolako delituren
zantzurik, ezta txikienik ere. Abestiaren gaia aspaldikoa zen eta
halakoak abestea zeharo hedatua zegoen: “ni aun quizá una simple falta
si se atiende a lo generalizado y mucho tiempo que hace se vienen
cantando las canciones en cuestión”.

Baina
horrez gain, epaileak aitortu egin zuen Frantzisko libre uztea
tentsioen igoera saihesteko burutu zuela. Izan ere, atxiloketaren
ondorioz, animoak berotzen hasi zirela ematen du:

“…advertí
en la calle en donde está situada la cárcel bastante gente agrupada y
con señales de disgustos por el hecho de haber sido encarcelado el joven
Higos a consecuencia de un cántico repetido por multitud de veces en
época anterior en esta Ciudad (…) prefirió sacar de la cárcel a
Francisco Higos, (que) a dar lugar a que cualquier persona mal avenida
con la actual situación se prevaliese del encierro de éste y hubiese
podido dar lugar a hechos de más graves consecuencias por la irritación
de las pasiones”.

Badirudi,
beraz, gizarte barruan hikamikak ematen hasi zirela. Are gehiago:
lekukoren batek adierazi zuen askatu eta hurrengo egunean, Frantzisko
Hondarribiko Kale Nagusian barrena eta erregearen aurka eta Karlosen
alde kantuan zihoan taldeko partaide zela.

Hartutako
informazioek, ordea, ez zuten gaia oso argi utzi eta lekuko gehienek
erantzun zalantzagarriak eman zituzten. Azkenean Donostiako epaileak
auzia amaitutzat eman zuen, Higos-ek egindakoa delitutzat ezin zitekeela
hartu adieraziz.

Esan
bezala, Higos-ek abestutako kopla gizartean oso hedatua sartua zegoen
bertso-sorta baten zati zen. Espedientean agertzen denaren arabera,
Manuel Altzak 15 koplaz osatutako bertso-papera kalean topatu omen zuen
eta hau hartu ondoren, “lo llevó a su casa con ánimo de que su muger
copiara su contenido”. Baina azkenean, papera Hondarribiko mikeletearen
eskuetara iritsi zen.

Ezaugarri
hauek bat datoz Antonio Zavala zenak bildutako informazioarekin. Guda
Karlisten garaiko bertsoak biltzeko eta plazaratzeko egin zuen lan
itzelari esker, Hondarribiko artxiboko espediente honetan jasoten diren
koplen inguruan zenbait datu ditugu, edukiaren testuinguru eta azalpen
historikoei buruzko beste azalpenekin batera[1]. Agidanez, abesti hau
famatu egin zen Gipuzkoa guztian, Hondarribian agertu eta handik
lurralde osora hedatu zelarik; sagardotegiak halakoak entzuteko leku
ezinhobeak omen ziren, nahiz eta erakundeek abestea debekatu. Zavalak
ere bertso hauen egile zen Zeferino Ilarratza arabarraren inguruan datu
interesgarri batzuk eman zituen.

Egiari
zor, Higos ez zigortzeko erabiltzen den abestiaren antzinatasunaren
aitzakia halamoduzkoa da, bertsoak ez baitira horren zaharrak. Bertan
Amadeo Saboyakoaren hautaketa prozesua islatzen dute eta biltzen duten
informazioa ardatz hartuta, 1870eko iraila-urri artean idatzi zirela
ondorioztatu daiteke.

Estrofetan
Amadeoren aldekoek indar handiagoa eskuratu zutela islatzen da, eta
Amadeo bera dute jo-muga, 9-11 estrofetan ageri den bezala. Eta
batzuetan, garaiko agintariei eta Amadeo berari adarra erruz jotzen
bazaie, batzuetan bere aldeko hautaketaren aurrean mehatxu itxurak ere
agertzen dira: “Italiano ori / españolen buru, es-ta uci biar / lotsaric
badegu. / Biotzetic esaten / disutet seguru, / descuiduan sartutcen /
icusten badegu, / atzetican arrica / biralduco degu”. Baina bertsoetan
ez da oraindik Amadeoren aldeko hautaketa aipatzen. Ondoren etorriko
lirateke kongresuak errege moduan azaroan onartu zueneko ekitaldia,
Prim-en abenduaren 30eko erahilketa eta Amadeo beraren iritsiera,
1871eko urtarrilean. Laburbilduz, Higos-en gertakariak jazo zirenerako,
bertsoek 5 bat hilabeteko bizitza zuten, eta jendeak oso gogoan zituen.

Bestalde, Juan Carlos Morak Hondarribiko artxiboan topatutako bertsoek (Hondarribiko Udal Artxiboa, E-7-IV-19-F.I.),
Zavalak bertso-sortaren iturrien inguruan esandakoaz hainbat ohar
egitera garamatzate. Ikertzaile tolosarrak koplak bere osotasunean edo
hainbat zati non agertzen ziren aditzera ematen zuen. Iturri hauek
guztiak ordea, bertso-bildumak edota inprimatutako aleak ziren; alegia,
ez zen inolako dokumentu artxibistikorik aipatzen. Ondorioz,
Hondarribiko espedientean dauden bertsoek iturri berri eta ezezagun bat
osatzen dute, literatura eta kantagintzari lotu gabeko esparru batetik
datorkiguna.

Zavalak
erabilitako bertsioa Aita Jose Inazio Arana azkoitiarraren bildumatik
zetorren, honek gordeta zuen eta Baionako moldiztegian argitaratu zen
ale batetik. Eta hemen dator Juan Carlos Morak aurkitu dituen bertsoen
garrantzia; izan ere, Aranarenak kenduta, Zavalak aipatutako beste
iturriek ez dituzte bertso guztiak biltzen eta horrez gain, batzuetan
aldaketa sakonak dituzte. Fakundo Iturriagaren bertsioan, adibidez, 10.
bertsoa oso ezberdina zen; Tolosako Manuel Urretak aldiz, lehenengo 12
bertsoak jasotzen zituen eta hauei beste bat gehitzen zien, jatorrizko
bertsioan ageri ez dena.

Zeferino
Illarratzak idatzitako bertso-sorta Baionan inprimatu zela aintzat
hartuta, eta Hondarribiko espedienteak erbestean idatzitako bertsoei
aipamena egiten dietelarik, artxiboko bertsioa jatorrizkoaren oso
gertukoa zela ondoriozta daiteke; baina Zavalaren bertsioa eta
Hondarribikoa ez datoz guztiz bat. Hori dela eta, azken honetan
idatzitakoa argitara ematen dugu, lehenago gure esker onak Juan Carlos
Morari ematea ahaztu gabe, bertsoak helarazteagatik.


Iago Irixoa

[1] ZAVALA, A.: Karlisten bigarren gerrateko bertsoak. Oiartzun: Sendoa, 1997, 295-302 orr.
[2] Zavalak: “Españiyan ainbeste”. Beste iturri eta aldaerentzako, ibidem, 301- 302.
[3] Zavalak: “Barrunen”.
[4] Zavalak: “gera orain da len”.
[5] Zavalak, pluralean: “agintari ederrak dauzkagu”.
[6] Zavalak: “lituzkenak”.
[7] Zavalak: “frantzesak etzuban nai”.
[8] Zavalak: “Ekarri nai dubana / Juan Prim da seguru / orrek nai izatia”.
[9] Zavalak: “orrengatikan”.
[10] Zavalak: “triste”. Bertsoen gaztelaniazko itzulpenak ere “unos cusntos trastos de liberales” aipatzen du.
[11] Zavalak: “pelira”.
[12] Zalantzazko irakurketa. Gehiago “Italianuari” ematen du.
[13] Zavalak: “ezta ikusi biar”.
[14] Zavalak: “Ilarrazak”.
[15] Zavalak: “onrarako”.
[16] Zavalak: “sartzen”.