Artxiboak

Urte amaierako ezkila-hotsa

Gainean
dugu Abenduaren 31, gainean urtearen amaiera. Egun horretako azken
minutu eta segundoak noiz iritsiko zain egoten gara urte zaharrari agur
esan eta berriari ongietorria emateko. Gauerdian, elizako ezkilek 12
aldiz dilin-dalan jotzen dituztenean da unea.

Ezkila-hotsa,
ordea, urte osoan entzuten dugu. Denbora zehaztu eta aditzera ematen
du. Bizi erritmoa markatzen du gailu hauen soinuak. Horri jarraiki ekin
diogu Zumaiako Udal Artxiboan guretzat aurtengo azken idatzia izango
dena osatzeari.

Lehen
dilin-dalan hotsak 1770. urtera garamatza. Zumaiako kanpandorrearen
egoera nahikoa tamalgarria zen une hartan. Hori zela eta, mugakide zuen
Debari, kanpandorrea eta teilatua osatzeko beharrezko materialak
prestazio komunetik bidaltzeko eskaera luzatu zion. Lanek aurrera
jarraitu zuten eta lau urte geroago, 1774ko urtarrilean, parrokian
zegoen eta “Santiago” izenez ezagutzen zen ezkila saltzeko batzorde bat
sortu zen. Dirudienez, nahikoa kanpai bazen herrian eta hau sobra
zegoen. Modu horretara salmenta bidez diru apur bat ateratzea erabaki
zuten. Hauxe da Zumaiako parrokiko ezkilei buruzko lehen berri zuzena.
Izan ere, aitortu beharrean gara, parrokiko ezkila-hotsei dokumentazioan
jarraitzea ez da batere erraza izan. Gezurra dirudien arren, mendetako
isiluneak topatu ditugu. 1844koa dugu hurrengo aipamena. Urte horretako
uztailaren 21ean, San Telmo baselizako kanpaia parrokiara lekualdatzeko
adostasuna jaso zen.

Bi
aipamenak laburrak baina adierazgarriak dira. Alde batetik, ezkila
bakoitza izendatu egiten zutela ematen zaigu aditzera. Beste aldetik,
ezkila hauek berrerabili edota birziklatu egiten zirela. Nahiko ohikoa
izaten zen ezkila zaharra edo matxuratua kanpaigile-maisuari bidali eta
hura urtuaz berri bat egiteko eskaera egitea. Aintzat hartu beharra dago
garai haietan metalak izan zezakeen balioa eta kanpai berri bat
egitearen kostua ez zirela nolanahikoak izango.

XX.
mendearen hasierara egin behar dugu salto ezkila-hots ozenak berriz
entzuteko. 1914an jasota dago Zumaiako parrokoak eskerrak ematen
dizkiola Udalbatzari ezkila berri bat edo bi erosteko diru-bilketari 100
pezetarekin hasiera emateagatik. Hori horrela, agerikoa da Zumaiako
parrokia ezkila berrien beharrean aurkitzen zela. Hala ere, ez da
harritzekoa, dokumentazioak gezurrik esaten ez badu behintzat, eta
bertako isiluneak aintzat hartzen baditugu, parrokiko ezkilek mendeetan
makina bat dilin-dalan emanak izango ziren eta!

Ezkila-hotsak
atzean eta ezkila-hotsak aurrean. Urte amaiera eta urte hasiera.
Mitologia erromatarreko Jano jainkoaren gisan. Urte amaierak etorkizuna
baikortasunez begiratzeko uneak biltzen dituela esan dezakegu. Guk ere
horrela bukatu nahi dugu 2017a, urte berrian tarte hau zuekin
partekatzen jarraituko dugula eta bertan topo egingo dugula pentsatuz.
Zumaiako Udal Artxiboan muturra sartuta, gai berrien ezkila-hotsen
atzetik topatuko gaituzue datorren urtean ere.

Goza ditzazuela Urtezahar gaueko dilin-dalan soinuak eta 2018 oparoa izan dezazuela!

Oihana Artetxe