Bloga

“Donemiliagako glosak” Oiartzunen

XVIII. mende hasierako euskarazko oharrak

            Oiartzungo artxiboak euskararen ezagutzarako duen materialaz behin baino gehiagotan aritu gara. Bertan gordetzen den aspaldiko dokumentazioak gure hizkuntzaren nondik norakoak aztertzeko euskarri garrantzitsua da.  Horren lekuko ditugu euskara aintzat hartuta burutu ditugun bestelako berriak, azken egunetan aurkeztu den 1743ko euskara hutsean idatzitako eskutitza ahaztu gabe.

            Euskarazko printzak horren ugariak izatea, dokumentazioaren beraren osaeran datza, akta-liburuen eduki anitzari esker. Datuen bilaketa bide desberdinetatik iristen da: batzuetan erraz, lehen kolpean, topa daitezke; bestetan, berriz, begia zorroztu beharra dago, oharkabean igarotzeko aukerak handiak baitira. Oraingoan, azken horietako batzuei leku egingo diegu. Gainera, Abenduaren 3a ospatzeko modu aproposa dela deritzogu. Bigarren aldia da Oiartzungo udal-aktek Euskararen Egunaren baitan ekarpenen bat egiteko aukera ematen digutela. Duela urte gutxi batzuk euskararen debekua hizpide izan genuen; orain, berriz, hizkuntzaren indar eta beharra islatzen dituztenak jorratuko ditugu.

1. Eliza eta euskara

            Sortetan gordetzen diren agirien artean, bikarioari zuzendutako idatziak daude. Bertan, udalbatzak adostutako agindu, erabaki eta xedapenak elizan argitaratzeko eskaera egiten zitzaion parrokoari. Pentsa daitekeenez, argitara eman beharreko kontuak hagitz desberdinak ziren: errenten eta basosail edo mendisailen enkanteak, udalbatza irekietarako deialdiak, produktuen prezio edo salneurrien inguruan adostutakoak eta abar.

            Meza garaia jende andana biltzen zuen unea izaki, ezin egokia zen xedapenen berri emateko. Hartara, auzo eta biztanle gehienek beraien berri izango zuten, arau-hausteen aurrean ezjakintasuna aitzakia moduan ezin erabiliko zelarik. Jakinarazpen hauek guztiak euskaraz egiten ziren (1). Halakoak ia hasiera-hasieratik ikus daitezke. Oiartzungo lehenengo akta liburuan, 1658ko horretan, urtarrilaren 6ko batzarrean adostutako neurria elizan jakinarazi ziren: “en alta e inteligible voz, en lengua bascongada”, Orokorrean, horrelako oharrekin moldatu behar dugu, hots, ez dugu egindako itzulpenaren zantzu fisiko edo idatzirik. Badira, ordea, salbuespen batzuk, eta noiz edo noiz udalak hartutako erabakien testua euskaraz idatzita egotea suertatu da. Horren lekuko dugu 1822 urtean burututako bat (2).

            Badira, halaber, muturreko bi egoera horien erdibidean dauden agiriak. Izan ere, bikarioarentzat ziren idatzi horietako zenbaitetan, euskarazko ohar argigarriak azaltzen dira, hau da, gaztelaniazko kontzeptuak azaltzeko erabilitako hitzak; glosak, azken finean. Ez dira euskaraz  hutsean burututako testu luzeak, apunte ñimiño batzuk baizki. Hala eta guztiz ere, gure hizkuntzaren Historian sakontzeko baliagarriak direlakoan gaude.

Horien ingurukoak aipatu baino lehen, ohar pare bat egin beharrean gaude, Erabili ditugun iturriak, ohikoa denez, udal-akten hustuketa prozesuari lotuta daude. Horrek esan nahi du orain arte landu diren liburuetan jarri dela begirada. Lerrooi dagokienez, 1742koetara artekoak hartu dira, hori barne. Badaezpabada, bilaketak 1750 urtera arte zabaldu ditugu, baina, lehen begiratuan, emaitzak antzuak izan dira. Edonola ere, material horretan guztian sakonduz, etorkizunean ohar gehiagoren berri izatea gerta daitekeela uste dugu.

Halaber, paragrafo hauen helburua ez dela azterketa filologiko sakon bat egitea, ezta gutxiago ere. Hasteko, esparru horretan dugun formakuntza hutsaren hurrengoa delako. Bigarrenik, lerro hauek ematen digutena baino tarte gehiago eta denbora luzeagoa erabili beharko litzatekeelako. Gure xedea hitzak aditzera ematea da, besterik gabe.

2. Oiartzungo “glosak”

Aldeak alde, ohar berezi horiek euskarari buruzko lehen esaldi idatzietara garamatzate, hots, oihartzun handia izan duten X. mendeko Donemiliaga Kukulako glosetara. Batzuek zein besteek itxura antzekoa agertzen dute eta biek, funtsean, helburu berari heltzen diote: erdarazko testu batean agertzen diren hitz batzuei argi ematea. Hala, gaztelaniazko hitz jakin batzuen alboan edo goialdean euskarazko kontzeptu bat gehitzen da, azalpen moduan. Oiartzunen, 1742ra arteko liburuetan topatu direnak I Taulan ikus daitezke, gazelaniazko zein euskarazko hitzak agirietan agertzen diren bezala jasotzen ditugularik. Irudiak, berriz, artikuluaren amaieran ikus daitezke.

I Taula

Bikarioari zuzendutako jakinarazpenetan dauden euskarazko ohar edo glosak

Gaztelaniazko hitzaEuskarazUrteaSignatura
AlechoYraze1710A-1-15-1, 97 au.
SelSaroe1710A-1-15-1, 97 au.
AceboGorost1711A-1-15-2, 101 au.
CortarSatice1711A-1-15-2, 165 au.
MontesOy? (Ay?)1711A-1-15-2, 165 au.
Robles y castaños recién plantadosLandareas1711A-1-15-2, 165 au.
BodasEstayes1712A-1-16-1, 107 au.
LamaPlanch1712A-1-16-1, 39 au.
SuegroGuiarraba1712A-1-16-1, 107 au.
PresnoLirarra1715A-1-17-1, 211 au.
YunqueUngudea1716A-1-17-2, 221 au.
YunqueYngudea1716A-1-17-2, 247 at.
JunioEreyaroa1721A-1-20-2, 193 au.
En çinco viberosMiteguitan1737A-1-36-1, f.g. (57 au.)
YunqueYngudia1737A-1-36-1, f.g. (57 at.)
MazoCabia1738A-1-37-1, 541 au.

Topatutako glosak testuen garaikideak direla esan behar dugu; ez dira gerora idatzitakoak. Lerrorik nagusienetan, oharrak 1710-1716 artean burutu ziren, baina ondoren egindakoak ere azaldu zaizkigu. Data horietatik gertu, 1721ean, “erayaroa” dugu. Une honetan aurkitu ditugun azken hiruak, berriz, hamabost urte beranduagokoak dira: horietako bi 1737an idatzi ziren eta beste bat, 1738an. Aipamen kopuru handiena 1710-1712 urteetan eman zen, bederatzi. Gerora, oharrak urritzen joan ziren: 1715 eta 1721 artean lau aipamen ditugu, horietako bi urte berekoak (1716). Orduz geroztik isiltasuna da nagusi, harik eta 1730eko hamarkada amaieran berriz agertu arte.

Zerrendan bildu ditugun hamasei oharren artean, lurrari eta bereziki basoari lotutako hiztegia da islarik nabarmenena duena. Mundu horri bederatzi ohar dagozkio, tartean hilabete baten izena. Landare-espeziei buruzkoak ditugu (iratze, lizar, gorosti, oihan), baita burutzen ziren jardunen ingurukoak ere (sarobe, landare, mintegi). Talde horren barnean sartuko genuke “zatitze” aditza ere, ahuntzei lotuta badago ere, animalia hauek haritz- eta gaztaina-landareak sortzen zuten txikizioari aurre egiteko hartu baitzen. Agidanez, kalte horiek ekiditeko erabaki irmoa hartu zen: animaliei hortzak zatitzea, hau da, errotik kentzea baino, horiek puskatu edu gutxitzea: “mandaron sus merçedes que todos los vezinos y moradores d’este dicho Valle que así tubieron cabras, los agan satice cortar los dientes dentro de dos días d’esta publicata” (A-1-15, 165 au.).

Basoari buruzko multzo honetan bada ilunagoa gerta daitekeen kontzeptu bat, “monte” hitzaren argigarri jartzen dena, hain zuzen ere. Agiriak berak ez du bere irakurketa errazten eta, gainera, ez dakigu osorik dagoen ala ez. Glosa moduan “oy” edo “ay” hizkiak jasotzen dira. Ingurumaria ikusita, ziurrenik “oihan” kontzeptuarekin lotu beharko genuke.

Beste hitzei dagokienez, bostek burdin munduarekin dute lotura (hiru “ingude”, eta “plantxa” eta “gabi” bana) eta, azkenik, gizarteari lotutako bi kontzeptu ditugu: “eztei” eta “giarreba”.

Hitz gehienek, garaiko Oiartzunen hizkuntza-errealitatearen goinafartasunaz dihardute. Orotariko Euskal Hiztegian azaldutakoak aintzat hartzen baditugu, argia da hori. Horren lekuko dira “eztei” eta “ereiaro” kontzeptuak, goi-nafarreraz, lapurteraz edota behe-nafarreraz erabiltzen baitira; errail bera markatzen dute “guiarraba” eta “miteguitan” hitzek ere, eta beste horrenbeste ikus daiteke “iratze” eta “saroe” kontzeptuekin. Agian ohar horiek idazteko beharra, hizkuntzari argibideak ematean zetzan. Erabakiak euskaraz aditzera emateko ardura zuen horrentzako argigarri suerta zedin egingo ziren, Oiartzunen nola esaten zen ez zekielako.

Baina hau guztia hipotesi hutsa besterik ez da. Gainera, euskalkiaren isla logiko honen ondoan, deigarriagoak suertatzen dira “gorosti” (“gorost”) edo “lizar” (“lirarra”) kontzeptuak glosa moduan azaltzea, euskalkietan erabilitako hitzak ez baitira oso aldakorrak: leixar edo korosti, korostu, korosti, goosti, kostei… Beharbada, euskalki desberdina hitz egin baino, komunikatzailearen euskara gaitasunean legoke gakoa; baina ideia ahula delakoan gaude, zer esanik ez bikarioak halako kontuak etengabean aditzera ematen zituenean.

Halaber, glosa hauetako zenbait aldaera ez omen daude Orotarikoan bilduta. Bertan Eraiero edo Eriaro azaltzen diren moduan, Oiartzungo testuan idatzita dagoen Ereiaro (“Ereyaro”) hitza ez da ageri. Adierazgarriagoa gerta dakiguke inguderen kasua, Orotarikoak biltzen dituen 15 aldaeretan, 1716ko glosa batean azaltzen den “ungude” ez baitago. Adibide hau bitxia da, urte berean, eta esku berak, “yngudea” idazten baitu.

3.- Egilearen inguruan, bi ohar

Hitzei erreparatuta, oinarrizko kontzeptuak biltzen dituen hiztegi baten aurrean gaude. Sinpletasun edo ohikotasun hori da, hain zuzen ere, oharren zioari buruzko hamaika galdera sorrarazten dituena: zer behar egon zitekeen egunerokotasunean barra-barra erabiltzen ziren hitzei argibide bat emateko? Nork, norentzat eta zertarako idatzi ziren?

            Oharrak agiri-mota berean agertzen dira beti: udalbatzak bikarioari edo bere laguntzaileren bati zuzendutako idatzietan, hain zuzen ere. Hortaz, testuaren egilea eta hartzailea beti berdinak dira. Idazleari dagokionean, eta udal-agiriak izaki, glosak urte horietako bakoitzean udal-eskribau moduan jardu zuenaren lumatik atera zirela pentsa daiteke. Kargu hori, beste asko bezala, urtero aldatu egiten zen, Bailarako zenbaki-eskribauen artean aukeratuz. Hortaz, oharrak agertzen diren urteak ikusita, guztiak idazle berdinari dagozkion ala esku desberdinek burututakoak izan ziren ondoriozta daiteke.

Hipotesi hau ardatz hartuta, eeta lehen begiratuan, oharrak hiru gizonezkori lotuak azaltzen dira nagusiki: Frantzisko Arpide Mirandakoa, Frantzisko Antonio Urbietakoa eta Frantzisko Zuloagakoa. Momentuz dokumentatua dugun azken oharra, 1738koa, Jose Antonio Altza Fagoagakoarena dugu, 1733 eta 1776 urte bitartean Oiartzungo zenbaki-eskribau izan zenarena.

Azken hori kenduta, hiru eskribau nagusietan oharrik gutxien burutu zituena Frantzisko Arpide izan zen: bi 1716an eta bat 1721ean. Urbietak eta Zuloagak kopuru handiagoak dituzte, bakoitza 6 oharren ustezko egilea baita. Urbietak hiru glosa idatzi zituen 1712an, bi 1710ean eta bakarra 1715ean. Zuloagak, aldiz, lau 1711n eta bi 1737an (II Taula).

II Taula

Eskribauen eta ohar kopuruaren arteko harremana

Udal-eskribauaKontzeptuaUrteaGaia
Urbieta, Frantzisko AntonioIratze1710Basoa
Urbieta, Frantzisko AntonioSaroe1710Basoa
Zuloaga, FrantziskoGorosti1711Basoa
Zuloaga, FrantziskoZatitze1711Basoa / Azienda
Zuloaga, FrantziskoOihan1711Basoa
Zuloaga, FrantziskoLandare1711Basoa
Urbieta, Frantzisko AntonioEztei1712Gizartea
Urbieta, Frantzisko AntonioPlantxa1712Burdina
Urbieta, Frantzisko AntonioGiarreba1712Gizarte
Urbieta, Frantzisko AntonioLizar1715Basoa
Arpide Miranda, FrantziskoIngude1716Burdina
Arpide Miranda, FrantziskoIngude1716Burdina
Arpide Miranda, FrantziskoEreiaro1721Gizartea
Zuloaga, FrantziskoMintegi1737Basoa
Zuloaga, FrantziskoIngude1737Burdina
Altza Fagoaga, Jose AntonioKabia1738Burdina

            Oharren gehiengoa 1710-1716 urte bitartean kokatzen bada ere, ordurako ez Arpide, ez Urbieta, ezta Zuloaga ere, ez ziren hasi berri batzuk. Zuloagaren jarduna bere lehenengo oharra gauzatu baino zenbait urte lehenago hasi zen, 1696 amaieran (A-1-19-1, 80 au.-at.). Orduz geroztik udal-eskribautza askotan lortu zuten: bost aldiz aritu zen 1697 eta 1708 artean eta, hortik aurrera, beste hamabitan jarduteko aukera suertatu zitzaion (III Taula).

            Urbietak eta Arpide Mirandak, berriz, Zuloagak baino lehenago hasi zuten beraien ibilbidea. Oharrak idatzi ziren garairako, eskuak udal-eskribautzan trebatuak zituzten: Urbietak, adibidez, 1710eko oharra baino lehen, 1688-1707 artean, zazpi aldiz aritu zen udal-liburuak idazten. Arpideren eskarmentua handiagoa zen. Bere 1716ko idatzietan lehenengo oharrak azaldu aurretik, hamarkada luzetan zehar aritzeko parada izan zuen: udal-eskribau moduan dakusagun lehenengo urtea 1674koa da, eta ordutik beste 15 urtez lanbide horretan jardun zuen. Urterik gehienak glosak burutu aurretik eman zituen: hamabi aldiz izan zen udal-eskribau 1716 baino lehenago (III Taula). Urbietaren eta Arpideren jarduna beraien azken oharrak egin eta urte gutxira amaitu zela ematen du. Arpideren amaierako udal-eskribautza 1721ekoa izan zen, bere heriotza 1723 amaieran jazo zelarik. Urbietari dagokionez, 1718ko abenduan zendu zen, udal-eskribautzan ikusten dugun urtea 1715ekoa delarik.

III Taula

Oharrei lotutako eskribauen udal-eskribau jarduna*

EskribauaUdal-eskribautza
Zuloaga, Frantzisko (1696-1737)1697, 1701, 1702, 1706, 1708, 1711, 1714, 1717, 1718, 1720, 1722, 1723, 1724, 1726, 1728, 1730, 1733, 1737.
Urbieta, Frantzisko Antonio (1685-1718)1688, 1692, 1693, 1696, 1700, 1705,  1707, 1710, 1712, 1715.
Arpide Miranda, Frantzisko (1673-1722)1674, 1678, 1682, 1683, 1686, 1689, 1691, 1695, 1699, 1704, 1709, 1713, 1716, 1719, 1721.

* Azpimarratutako urteak glosak azaltzen direnak dira.

Alabaina, horren udal-jardun nabarmena duten eskribauek ohar gutxi batzuk egitea, eta hauek hainbat urtetan pilatuta egotea, ez du ageriko logikarik. Batetik, itzultzen diren hitz horietako gehienak etengabean agertzen direlako, izan bikarioari zuzendutako agiri horietan zein beste batzuetan. Bestalde, oharretako hiru protagonista nagusiek horiek egin baino lehen eta ondoren ere udal-eskribau jarduna burutu zutelako. Euskarazko  hitzak, ordea, eta salbuespenak badaude ere, oso epe kronologiko laburrean idatzi diren. Ondorioz, glosak idatzi ziren unean behar bereziren bat sortu zela pentsa daiteke.

Hau guztia, jakina, oharren egilea edo egileak eskribau horietako bat izan zenaren ideia babesten baldin badugu. Hipotesi honek, ordea, zenbait ahulezia ditu. Orain aipatutakoez gain, 1742ko ohar batek zalantzak areagotzen ditu. Bertan gaztelaniazko bi hitz agertzen zaizkigu, informazio gehigarria edo testu nagusia idazteko garaian ahaztua geratu zena jartzeko asmoz: “…para fin de obrar vna porsión de tabla p(a)ra cuba, y suplica…” (I Irudia). Eta glosaren hizki moldean begirada jartzen badugu, Urbieta edota Zuloagaren testuetan ageri diren oharrak burutu zituen esku berak 1742ko hau egin zuela deritzogu. Ordurako, ordea, gure hiru hautagai nagusiak mundu honetatik joanak ziren.

I Irudia

Euskal idazlearen gaztelaniazko jarduna (1742) (A-1-41-1, 341 au.)

            Argi dago hizki molde bera edo antzekoa 1710-1742 urte bitartean ikusteak, analisia zaildu egiten duela. Glosen egilearen ingurukoak aztertzeko, ohar horien idazkeran begiak zorroztu beharrean gaude, eta eskribau desberdinek aurkezten dutenarekin alderatu. Esker txarreko lana da, luzea, korapilatsua eta errazetik uste baino gutxiago duena; ondorioz, lerro hauetatik haratago doan egitekoa dugu. Dena den, ez genuke hasierako gerturatze bat egiteko aukera galdu nahi.

Esan bezala, oharrak dituzten lau eskribauak desberdintzea ez da samurra. Alderik agerikoena aurkezten duena 1738ko “cabia” da; kasu honetan, badirudi eskribaua eta oharraren egilea pertsona bera izan zirela, hots, Jose Antonio Altza Fagoaga.

Urbieta, Zuloaga eta Arpideren dokumentuetan azaldutakoak argitzea, berriz, beste upel bateko sagardoa da. Behin baino gehiagotan hiruen idazkerak oso antzekoak dirudite. Egoera hau prozesu natural baten baitan txerta daiteke, jaso zuten hezkuntza edo trebatzeko modua antzekoa izan zela pentsatuz. Baina badago hizki parekotasun hori adieraz dezakeen beste arrazoi pisuzko bat: udal-eskribau jakin bati dagokion urtean, eta titularrak dokumentuari sinadura ematen zion bitartean, testua beste batek idatzi izana, hain zuzen ere. Adibide bat “ezteiak” eta “ginarreba” kontzeptuak azaltzen diren 1712ko dokumentuak osatzen du. Teorian Urbietak idatzia da, eta berak sinatua dago, baina agiriaren lehenengo zatia, eta euskarazko glosak dituena, Arpidek idatzi zuela argi eta garbi azaltzen da; azken honek bere udal-jardunean burututako testuak ikusi besterik ez ditugu egin behar, hori hala izan zela frogatzeko. Halaber, 1737 urteko oharrak, Zuloagaren jardunari dagozkionak, beste pertsona batek idatzitako testu batean ageri dira. Kasu honetan, idazle desberdintasuna liburuaren hastapenetik nabari da: urteko lehenengo udalbatzarrari dagozkion hasierako 6 folioak ez ditu Zuloagak idatzi, beste esku batek baizik, nahiz eta Zuloagak berak sinatu; ondoren datorren pisuzain berrien zina, aldiz, Zuloagak berak izkiriatua da.

            Oharren egiletasunaren inguruan beste hipotesi bat ere mahaigaineratu daiteke, gaia gehiago korapilatuz. Honen arabera, idazlea eskribau zibilen mundutik at eta hartzailearen esparruari lotuta legoke, erran nahi baita, Oiartzungo elizgizon batek egin zituela. Hemen ere, matazak zenbait hari-mutur aurkezten ditu. Ohar gehienak burutu ziren garaian, Fausto Zuaznabar izan zen Bailarako bikarioa. Kargu horretan aritu zen gutxienez 1704tik. Zoritxarrez, bere egiletasuna baztertu behar dugu, 1718ko uztailaren 3an zendu baitzen (AHPG-GPAH, 3/2162, 60 au.). Pulpitutik aditzera emateko ardura bikarioarena bazen ere, bere ordezkoren batek ere egin zezakeen eta, beraz, garai haietan eliz kapitulua osatzen zuten beste kideen inguruan ikerketa grafologiko bat egin beharko litzateke.

            Jesukristo hil eta piztu zenaren sinesmena bezala, oharrek beste misterio bat azaleratzen digute. Ikertzaileek, beraz, badute zer aztertua.

IV Taula

Ohar edo glosak

Iago Irijoa Cortes

***

(1) Ikus MADARIAGA ORBEA, J.: Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII. Bilbo: Euskaltzaindia, 2014, 314-329 orr. eta ald. LEKUONA, Del Oyarzun antiguo (monografía histórica). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1959, 103 orr. Elizgizonak ez ziren komunikatzaile lanak egiten zituzten bakarrak. 1658ko urtarrilaren 13an ospatu zen udalbatzar irekian, adibidez, eskribauak gaztelaniaz eta euskaraz jakinarazi zuen sisa berri bat ezartzearen inguruan Bailarari zuzendu zitzaion errege-probisio edo mandatua: “yo, el escribano, les leí e hize notorio la real prouisión (…) dándoles a entender su contenimiento en la lengua castellana y en la natural bascongada de la tierra para que, comprendido su tenor, diga cada vno su sentir y parecer” (A-1-1-1, 6 au.). Beste adibide bat 1718an topa daiteke, Bailaran ostatu hartuko zuen baitailoiarentzako hornigaiak prest izateko Probintziak zuzendutako idatziaren baitan: “y dado a entender el contenido de dicha carta a todos los vecinos una y más vezes en lengua bulgar de bascuenze y comprendido por ellos…” (A-1-18-2, 50 au.-53 au.).

(2) MADARIAGA ORBEA, J., aip. lan., 327-328 orr. eta, bereziki, https://klasikoak.armiarma.eus/testuak/testuak19009.htm.