Bloga

Taberna giroan…

Gabonak etxean, familia giroan, igarotzeko egunak izan ohi dira, baina azkenaldian gero eta gehiago dira etxetik kanpo edo festagiroan lagunartean gozatzeko aukeratzen dituztenak. Izan ere, badago gure herrian ospakizunak gertukoekin gozatzeko nolabaiteko tradizioa. Sarritan elkarte gastronomikoak eta tabernak aukeratzen ditugu topaleku. Gustura egon eta erraza izaten da festagiro hori kalean luzatzea eta horrek zenbait arazo sortu izan ditu kaleko ordena mantentzen. Zarata izan ohi da horrelakoetan kexarik arruntena. Hau dela eta, tabernak zabalik izateko ordutegiak zehaztu eta mugatu izan dituzte Udalek. Baina hau ez da kontu berria.

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran taberna ugari zabaltzeko eskaerak jaso ziren Getarian. Hazkunde honekin batera, taberna hauen ordutegia arautzeko beharra sortu zela dirudi. 1902koa da establezimendu mota hauen itxiera ordutegia zehazten duen lehen agindua. Hala ere, badirudi neurri hau ez zela betetzen eta Udalak lehen neurri zorrotzak hartzeko beharra ikusi zuen orain ehun urte. 1914ko dokumentu batean garbi agertzen da bizilagunen arten zegoen ondoeza ordu txikitako kale zaratak zirela eta. Etengabeko kaleko algara horien errua tabernen itxiera berantiarrari leporatzen zioten Getariako bizilagunek eta horren aurrean, Udalak, zenbait neurri hartzea erabaki zuen.

Alde batetik, udaberri eta uda garaian tabernak gaueko hamaiketan eta neguan gaueko hamarretan ixteko agindua eman zuen, beti ere, herriko jai egunen salbuespenarekin. Kasu horietan, itxiera ordutegia aurretik adostearen egokitasuna ikusi zen. Bestalde, behin tabernen itxiera ordua jota, debekatuta geratzen zen kalean kantuan eta algara sortzen ibiltzea. Bi neurri hauek ez betetzeak bost eta hogeita bost peseta bitarteko isuna jasotzea supatu zuen aurrerantzean.

Oihana Artetxe