Bloga

San Anton egunera atzera eginez

Urtarrilean
San Anton eguna ospatu izan da Getarian. Tradizio handiko eguna da
hau bertakoen artean eta baita inguruko herrietako bizilagunen artean
ere. Gaur egun, Urtarrilaren 17a, Txakolin uzta aurkezteko eguna
bilakatu da, baina udal-akta liburuak hartu eta denboran atzera egin
nahi izan dugu jai hau nola ospatu izan den jakiteko.

Aipamen
zaharrena 1897. urtekoa da, baina idatzian garbi adierazten da
aspaldidanik ospatzen zen ohitura eta tradizio handiko jaia zela. San
Anton egunean eta aste horri zegokion igandean antolatzen ziren
ekintzak, baita egun handiaren bezperan ere. Hain zuzen, udaletxeko
karguek afari eder baten aurrean jai egunari ongi etorria ematen zioten
bezperan. Hala ere, ez zen urtero horrela izan, badirudi ia hogei urte
jarraian egon zirela Getariako Udal karguak San Anton bezperan afari
eder hori ospatu gabe, 1887tik 1906ra bitartean. Azken urte
horretan, udalbatzak Pedro Enbil izendatu zuen afaria antolatzeko
arduradun eta horrela tradizio horri berriro eutsi zitzaion.

Urtarrileko
jai egun hauetan zerbait antolatzen bazen, ordea, herri-kirol eta
bertsolari saioak ziren. Udaletxeak bi edo hiru bertsolari kontrolatzen
zituen eta hauek goizean eta arratsaldean ibiltzen ziren festa girotzen.
1947an Basarri eta Uztapide bertsolariak kontratu zituen Udalak;
aurrerantzean ere horrela izango zen gehie- netan. Getariarren artean
ber- tsolari bikote kutunena zela dirudi. Herri kirolen artean ia
denetarik antolatu izan da, harri-jasotze eta aizkolari apostuak,
idi-probak, herrikoen arteko eskupilota partiduak, lasterketak eta
1953an baita lokotx-bilketa ere.

Urteak
joan eta urteak etorri, ez da San Anton egun bat bertsolari, pilota
partidu eta idi probarik gabe. Beno, bai badira. Hutsune argigarri bat
dago dokumentazioan gerra zibilaren urteekin bat datorrena.
Adierazgarria da gainera, gerra ondorengo urteetako San Anton egunaren
ospakizunak inoizko ospakizun soilenak izan zirela. Batzuetan, jaiak
gizartearen eguneroko loture- tatik askatzeko edota egoera gogorrak
alboratzeko katarsi moduko bat bezala ikusten dira, baina gerra
zibilaren ondorengo urtetako egoera gogorrak hori ere ez zuen
baimentzen. Gerra bukatu eta 10 urte pasa behar izan ziren, San Anton
jaietan antolatzen ziren ohiko ekintzak berreskuratzeko. Baita
berrikuntzaren bat edo beste gehitzeko ere.

Hemendik
aurrera ez dira bertsolarien hitz, ahots eta tonuak festa girotuko
duten doinu bakarrak; bertsolariez gain, dantza solteko txapelketak eta
jazban edo musika bandekin dantzaldiak antolatuko dira. Izan ere, zer da
festa musikarik gabe?

Oihana Artetxe