
“Plater
bakarraren eguna”, horrela deitu zitzaion 1936ko Urriaren 30ean
Espainian dekretuz hartu zen neurria. Erabakia Gobernadore Zibilek
jakinarazi zieten lurraldeko Udalei eta Azaroaren 15ean jarri zen
martxan. Getarian Azaroaren 14ko udalbatzarrean jakinarazi zen. Baina,
zer zen “Plater bakarraren eguna”?
Gerra Zibilean altxamendua burutu zuen bandoak ezarri zuen neurria izan zen. “Plater bakarraren eguna” delakoa hilabeteko lehenengo eta hamabosgarren egunean ospatzen zen. Egun horietan taberna, jatetxe, ostatu eta hoteletan plater bakarra jateko eskaintza egiten zen menu oso baten kostuan. Hau da, bezeroek lehenengo eta bigarren platerra eta postrea jango balute bezala ordaintzen zuten, baina praktikan plater bakarra jaten zuten. Eskaintzen zen platera zopa, haragia, arraina edo edozein eltzekari izan zitekeen. Bezeroak horietariko bat hautatu behar zuen eta postrearekin laguntzen zen.
Otordu horietan lortzen zen etekina ongintzara bideratzen zen. Diru-bilketa hurrengo hilabeteko bigarren egunean egiten zen, legea betetzeko agindua zuten establezimenduetan eta etxe partikularretan. Ordaindu beharrekoak, gutxienez, egun horretako irabazien %25a izan behar zuen eta, gainera, otorduak ematen zituztenek egun bakoitzeko bezeroen zerrenda osatzeko agindua zuten, inolako iruzurrik egon ez zedin.
Getariako lehen “Plater bakarraren eguneko” diru-bilketa 180,75 pezetakoa izan zen. Egun hori ordea, ez zen hilabetero bete. 1937ko urtarrilean diru-bilketa hori egiteari utzi zitzaion, besteak beste, Udalak Laredotik ihesean etorritako errefuxiatuak eta, portua itxirik mantendu zen bitartean, herriko arrantzale pobreak laguntzeko diru-bilketa berezia egin behar izanagatik. Otsailean eguna berriro martxan jarri eta 350 pezeta bildu zituzten. 1939ko ekainetik abendura bitartean berriro etenda egon zen. Orduan, diru-bilketa egiteko ardura zuen herriko Sección Femeninak ez zuelako eginbeharra bete. Udalbatzarrak, egoeraren jabe, sei hilbeteengatik badaezpadako 460 pezetako ordainketa egitea erabaki zuen. Izan ere, “Plater bakarraren eguna” ospatzeari muzin eginez gero “Mugimenduaren” kontrakotzat hartu eta zerrenda beltzetan sartzeko edo isuna jasotzeko arriskua zegoen.
Oihana Artetxe
*Irudia: "Plater bakarraren egunaren publizitate kartela (Iturria: http://www.elespanol.com)"
- Log in to post comments