Bloga

Pello Errota bertsolariaren sinadura

Gaur egun denek dakigu nor de Pello Errota. Asteasuko
bertsolari handia. Denek dakigu izena nondik datorkion ere. Errota
batean bait zuen bere ogibidea. Hainbat libururi esker dakigu 1840
urtean jaio eta 1919an zendu zela. Bertsolari bikaina zela eta, bigarren diru sarrera bat
lortzen zuen plazatan arituaz. Askok dakigu ere bere benetako izena
Pedro Jose Elizegi Maiz zela.

Baina,
zer dugu Asteasuko artxiboan bere inguruan? Erroldatan azaltzen da
noski. 1885 urtean bere emazte eta seme-alabekin Ekialdeko 18.garren
etxean erroldatua zegoen orduan. Irakurtzen eta idazten bazekien.
Errolda horren arabera, familia osoan bakarra zen ordea, emazteak eta
seme-alabek ez bait zekiten. Hori bai, denak errotako langile bezala
seinalatuak ziren.

Baditugu artxiboan Pello
Errotaren beste sei agiri. Denak auziak. Bat izan ezik, denak diru
kontuak tartean. Bi bereziki bitxiak. Pedro Jose Elizegik Agustin Elola
deitu zuen ahozko auzi batera diru zor batengatik, bi egun beranduago
ordea, Agustin Elolak Pedro Jose Elizegik berdina eskatu zuen Pedro
Joseren aurka, honek ere diru kontuengatik. Agustinek dio bere aita dela
etxea gobernatzen duena eta berari dirurik ez eskatzeko, gainera Pedro
Josek duela zorra berarekin. Pello Errotak dio Agustini diru asko utzi
diola eta berarekin zorrik ez duela. Bietako inork benetako frogarik
aurkeztu ez eta epaileak bertan behera utzi ditu auziak.

Bigarren
auzi “bitxi” bat ere badugu. Lursail baten alokairuaren ingurukoa.
Pello Errotak bere jabeari ordaintzen zion urteroko alokairuaren dirua.
Baina bigarren alokatzaile bat ere azaldu zen, etxea eta lursail guztiak
berak alokatu zituela esanaz, eta Pello Errota lursail hartatik
botatzeko eskatuaz. Pellok argudiatu zuen alokairua jaberari ordaintzen
ziola eta jabearen aginduak bakarrik beteko zituela.

Gainontzeko
auziak diru kontuengatik sortutakoak dira. Denak 1880 eta 1885 urteen
bitartean gertatutakoak. Ez lehenago, ezta ondoren ere ez da beste
arazorik jasotzen. Agian artxiboan ez direlako gorde, agian urte horiek
izan zirelako beretzako txarrak. Batek daki…

Bukatu
dezagun beste bitxikeria batekin. Bere sinadura. Pedro Jose Elizegi
Maizek normalean Pedro Elizegi bezala sinatzen zuen, nahiz eta behin
Pedro Jose Elizegi ikusi dugun. Hortxe bere eskuz sinatutako ohar bat.

Amagoia PiĆ”