Bloga

Ongi etorriak izan zaiteztela Zumayako euskal-festetara

Abuztuan,
beste zenbait ospakizunen artean Euskal Jai eguna izaten da Zumaian.
Herri askotan ospatzen den eguna da honakoa, baina non du oinarria jai
honek?

Anton
Abadia Urrustoi (Dublin 1810 – Paris 1897) politikari, diplomatiko eta
euskal kulturaren sustatzaile ezaguna izan zen “Fiestas Euskaras”
izeneko jaien sortzailea. Helburua euskal ohiturak eta folklorea
goraipatzea zen. 1853. urtean ospatu ziren lehen aldiz Urrugnen
(Lapurdin) eta bertan hamar urtez jarraian burutu ondoren (1853-1863),
1863tik 1876ra Saran eta 1877an Donibane Lohizunen izan ziren zitak.
Ondoren Euskal Herri guztira zabaldu ziren. 1893an Azpeitian ospatu
zirenean arrakasta handia izan zuten eta hori ikusirik, 1896tik aurrera,
Gipuzkoako Foru Aldundiak “Fiesta Euskaras” antolatzeko ardura bere
egin zuen. Urte horretan bertan, uztailaren 5ean, Arrasaten ospatu ziren
eta urte bereko azaroan, jai hauek urtero Gipuzkoako herri desberdin
batean egitea erabaki zen.

Zumaian
1900 urtean ospatu ziren gaur egungo Euskal Jaien aitzindari izan ziren
“Fiestas Euskaras”. Hauen antolaketaren ardura Gipuzkoako Foru
Aldundiak hartu ondorengo bostgarren herria izan zen. Irailaren 22tik
25era luzatu ziren ospakizun hauek, zenbait prestaketa lan eskatzen
zituzten Udalaren aldetik. Artxiboko Akta liburuetan ikusi dugunez, urte
bereko apirilean hasi ziren jai honen inguruan lanean eta maiatzaren
19an festa hauen ardura izango zuen batzordea osatu zen. Lurreko
ekitaldien ardura Esteban Aranguren Alkateak eta Estanislao Etxabe, Juan
Olaizola, Ramon Erkizia eta Manuel Zubia zinegotziek hartu zuten.
Itsasoko ekitaldietarako ardura berriz, Agustin Arrizabalaga, Pedro
Olaizola eta Jose Antonio Iraundegi zinegotziek.

Jai
egun horietan herria lirain agertzea garrantzitsua zen agintarientzat.
Horrela izan zedin, erabaki eta neurri desberdinak hartu ziren iraila
aurreko hilabeteetan: herriko etxeak zuritzea, Odieta pilotalekuan
zenbait konponketa eta hobetze lan, festa egunetan herriko zenbait txoko
(Plaza Nagusia, Odieta pasealekua eta portuko moila) argiztatzeko 120
bonbilla gehiago jartzea eta Bilbotik paperezko 300 faroltxo ekartzea…
Festen aitzakian, herriaren ikurrina egitea ere erabaki zen. Jai
egunetan, herriko sarreran, oihal zintzilikari eta ikurrina ikusgarriak
jarri ziren eta hiribilduan erramuz eginiko arku eder batek ematen zuen
ongi etorria ondorengo hitzekin:

Bizi bedi euskera.

Gipuzkoako ekautari jaunai

eta Euskal-itz-jostaldien Batzarreari

Zumayako erriyak.

Erbestetako anaiak:

Ongi etorriak izan zaiteztela

Zumayako euskal-festetara.1

Euskal
giroko jai hauek gozatzeko asmoarekin Zumaiara gerturatu zirenek
egitarau oparoa izan zuten: abere eta baserriko produktuen lehiaketa,
Elizkisun desberdinak (San Pedro parrokian 17 urte zituen Jose María
Beobide gazteak espreski konposatutako Salbea, prozesioak, mezak…),
Ordiziako auzo zen Lorenzo Pujanak zuzendutako euskal dantza
ikuskizunak, karmeldar oinutsek zuzentzen zuten nesken eskolan
joste-lanen erakusketa, Udal Musika Bandaren kontzertuak, topaz beteriko
oturuntzak, agintarien aurresku eta atzeskua, Pello Errota, Olegario,
Txintxua eta Urkia bertsolariak, irrintzi lehiaketa, su artifizialak,
korrika lasterketa, musika eta literatur lehiaketa, euskarazko
irakurketak, danbolin-joleen lehiaketa, kukaña, estropada, aizkolari
lehiaketa, gaita eta dultzaina lehiaketa…

Arrakasta
handiko jai egunak izan ziren. Aurreikusita zegoena baino bisitari
gehiago jaso zituen herriak eta ostatu gisara ezarri ziren bi barrakoiez
gain, itsasontzien masta eta haize-oihalez inprobisatutako zenbait
kanpin denda altsa behar izan ziren. Euskal Herri guztiko txokoetatik
etorritako euskaldunak elkartu ziren eta Zumaian sentimendu abertzalea
bultzatu eta pizteko jai garrantzitsuak izan ziren.

Oihana Artetxe