Artxiboak Bloga Getaria

Objektua kontserbatzen ez denean, dokumentua kontsulta dadila

Bizitzan aurrera doazen heinean, atzera begiratzeko beta eta gogoa izaten dute askok; horretarako, informazio paregabea aurkitzen da artxiboetan. Horrela egin zuen Argentinan jaioa zen baina Getarian sustraiak zituen erabiltzaile batek 1980. urtean. Udalari eskutitz bat zuzendu zion jakin-min asetu nahian. Egun, korrespondentzia hau eta bere erantzuna, paradoxikoki, artxiboan aurkitzen dira; oso interesgarria da bertan kontatzen den auzia eta hil honetan gertaera hauei buruz hitz egitera gatozkizue.

Gizonezko honen arbasoa Manuel Agote Bonaetxea zen. 1755ean jaiotako Getariako seme honek Atlantikoan eta Pazifikoan egindako bidaiak aski ezagunak dira. Marinela izan aurretik, ordea, letra-gizona izan zen; hau horrela, itsasoko abenturak alde batera utzi eta Getariako alkate ere izan zen. Jardun honetan zela, bere herrikide izan zen Juan Sebastian Elkanori oroigarri bat eraiki nahi izan zion; eskultura bat ordaintzeko Udalak diru nahikorik ez zuenez, bere poltsikotik jarritako diruarekin bete zuen bere nahia. Alfonso Giraldo Bergaz artista kontratatu zuen lan hau egiteko. 1800. urteko abenduaren 25ean, Gabon Egunean, inauguratu zuten eta oinarrian latinez, gazteleraz eta euskaraz Elkanori gorazarre egiteko hitz batzuk gehitu zitzaizkion. Manuel Agote Bonaetxea 1803. urtean hil zen.

Lehenengo Karlistaldian, 1836. urtean konkretuki, monumentua apurtu egin zuten; beso eta aurpegiko atal batzuk galdu omen zituen. Honen aurrean, estatua alkate ohiak ordaindua izan zenez, beren hurrengoek marmolezko irudia Getariatik hartu eta Zestoan zuten etxera eraman zuten.

1906an Isabel Muñoz Agotek, oinordekoak, eskutitz bat luzatu zion Getariako Udalari. Zestoan zituzten ondasunak saldu egin bazituzten ere, bere ama zenak Juan Sebastian Elkanoren estatuaren zaintza beregain utzi zuela jakinarazten zion. Bera Madrilen bizi zenez, ezin zuen ondasun honen kargu egin; ondorioz, Getariako Udalari oparitzea erabaki zuen. Benito Aranburu Zestoako auzotar eta alkatea, era berean, Agote familiak saldutako eta eskultura aurkitzen den etxearen jabe zen. Honen aburuz, Isabel Muñoz Agotek ez zuen ondasun honen gaineko erabakitze ahalmenik, mementu horretan bere jabetzakoa baitzen. 1909ko otsailaren 6an, bere nahia lortu gabe, Isabel Muñoz Agote Madrilen hil zen.

Istorio honek gogoeta batera garamatza: artxiboen laguntzaz gaur egun ikusi eta sentitu ezin dugun historia berregin daitekeela. Gure arbasoek sortu zuten informazioa zaindu eta gu sortzen ari garena kontserbagarri bihurtu.

Klara Gorosabel Zaldibia, Getariako artxibotik
Irudia: Pintoresco Español (147 or., 19 zk., 1864)