Ireki berri da Larrotxene Bideo Eskolak antolatutako OIHUA! lehiaketaren deialdia. Egitasmo honek euskarazko beldurrezko eta fantasiazko filmak sustatzea du helburu, eta horretarako, laburmetraietarako gidoiak aurkeztu ahalko dira, Larrotxeneren tutoretzapean aurrera eramateko.
Euskarazko fantasia eta beldurrezko filmen falta nabarmena zela eta proposatu zen egitasmo hau duela 6 urte, sortzaileei bultzada emateko asmoarekin. Bi urtez behin antolatzen da deialdia, proiektu irabazleak produkzioa burutzeko urte osoa izan dezan. Honako hau laugarren edizioa izango da, eta oraingoan ere, autoreak aholkularitza teknikoa eta kreatiboa jasoko du, mentore profesional baten eskutik. Mentore moduan parte hartu izan dutenak Paul Urkijo, Maider Oleaga eta Igor Legarretaren neurriko zuzendariak izan dira.
Deialdia sortzaile berriei zuzenduta dago eta gidoiak originalak izatea da eskatzen den baldintzetako bat, eta irabazleak erabaki dezake bere lana zuzendu nahi duen ala ez, antolakuntzak zuzendari bat bermatzen baitu. Taldea Larrotxeneko kideekin osatuko da, hau da, ikasleak, irakasleak, ikasle oihak eta langileak, beraz, gu ere egongo gara proiektuan parte hartzen.
Aurreko edizioko irabazleak, Eneko Muruzabalen Planetagatik laburmetraiak, arrakasta handia izan du hainbat jaialditan: zirkuito internazionaleko jaialdietan programatua izan da, Estatu Batuetan, Kolonbian eta Britainia Handian sariak jaso ditu, eta orain dela gutxi, Lekeitioko Zine Jaialdian Film Onenaren saria.
Oihua egitasmoan sortutako lanak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean estreinatzen dira, eta agian, aste horretan ikusitakoarekin inspirazioa eta motibazioa pizten zaie sortzaileei hurrengo ediziorako gidoiak aurkezteko. Epea abenduaren 30an bukatuko da eta otsailaren hasieran gidoi hautatua ezagutzera ematen denean, proiektua aurrera eramateko antolakuntza hasiko da.
Larrotxene Artekaritza