Submitted by iab on

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, Oñatin, Gipuzkoako Ogasunaren bilakaera historikoa aztertzen ari gara. Lan horretan klase pasiboekin egin dugu topo. Belaunaldi berrientzat kontzeptu hori ezezaguna bada ere, funtsezkoa da egungo langile publikoen pentsioen jatorria eta bilakaera ulertzeko.

Klase pasiboa edo biztanleria pasiboa pentsioa jasotzen duten pertsonen multzoari deritzo. Klase aktiboen kontrara, gizarteko ekoizpen-sektoretik kanpo dauden edo bizitza ekonomikoan parte-hartze txikia duten gizarte-taldeak izendatzeko erabiltzen da. Era berean, klase pasiboen erregimena dugu. Pentsio-sistema honek Estatuko funtzionario zibil eta militarrak babesten ditu Altxor Publikoaren prestazioen bidez (erretiroa, alarguntasuna, zurztasuna, etab.). Gizarte-talde honen barruan, ondorengo tipologia zabala dugu: montepio militarra, montepio zibila (administrazioko langileak, adib.), irakasle erretiratuak, gurutze militarrak (gaztelaniaz, “cruces militares”) edo kondekoratu militarrak, gerratik erretiratuak, kleroa, postariak eta abar.

Bilakaera historikoari erreparatzen badiogu, klase pasiboen jatorria Karlos III. aren erregealdian sortutako italiar jatorriko Montepio erakundean dago. 1761eko apirilaren 20ko Errege Zedularen bidez, montepio militarra sortu zen alarguntasun- eta zurztasun-pentsioak emateko mutualitate-funts gisa, militarrei aplikatutako soldata-deskontuekin finantzatuta. Hasiera batean, sistema hori eremu militarrean ezarri zen, eta ondoren eremu zibilera zabaldu zen, Estatuko funtzionario zibilak barne hartuz.

Hasiera batean, montepioak bazkideen hileroko kuotekin finantzatzen ziren eta erakunde pribatu gisa funtzionatzen zuten. 1831ko abenduaren 26ko Instrukzioak egoera hori aldatu zuen, Estatuak bere funtsak konfiska zitzala agindu baitzuen; hala, Altxor Publikoa kuotak zuzenean jasotzen eta prestazioen erantzule egiten hasi zen. Geroago, 1835eko martxoaren 26ko Aurrekontuen Legeak sistema hori finkatu zuen, pentsioak Estatuko Aurrekontu Orokorraren kargura ordainduko zirela ezarri baitzuen, eta funtzionarioen erretiroak arautu zituen lehen aldiz, klase pasiboen erregimena sortuz.

Aurretik hainbat saiakera egin baziren ere, 1926ra arte ez zen onartu Estatuko Klase Pasiboen lehen Estatutua. Primo de Riveraren gobernupean, José Corral eskubide pasiboen sistema desordenatua berrantolatzeaz arduratu zen, bateratzeko eta funtzionario guztiei, zibilei eta militarrei berdin aplikatzeko. Lehen urrats gisa, montepio-sistema zaharra deuseztatu zen.

Ministerioarteko batzorde bat sortu zen Ogasuneko, Aurreikuspen Institutu Nazionaleko eta Altxorreko adituekin, eta bi urtez berrikusi zituen aurreko proiektu ugariak (hamabi 1889tik), sistema bidezkoago bat sortzeko, eskubide berriak mugatzeko Estatuaren kontura eta kudeaketa Administrazio Orokorretik kanpo transferitzeko helburuarekin.

1924ko Errege Lege Dekretua izan zen abiapuntua montepio zaharren eskubideak ezabatu baitzituen. Segidan, 1926ko urriaren 22ko Errege Lege Dekretuak Klase Pasiboen Estatutua ezarri zuen, 1927tik indarrean zegoena, eta 1927ko Arautegiak haren aplikazioa osatu zuen, ia bi mendetan metatutako lege-nahasmenduari amaiera emanez.

1963an, Gizarte Segurantzaren Oinarrien Legeak gizarte-aseguruak sistema bakar batean bateratu zituen, nahiz eta funtzionarioek 1926ko Klase Pasiboen Estatutuaren pean jarraitu zuten. Azkenik, 13/2010 Errege Lege Dekretuak xedatu zuen 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera sartutako funtzionarioak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrera pasatzea, eta, horrela, klase pasiboen sistema pixkanaka desagertzen hastea.

Sara Ubeda

artxiboak Artxiboak