Submitted by iab on

Eleberrigintzan eta batez ere zinematografian, arras ezagunak dira presondegietatik ihes egitea helburu daukaten kontakizunak. Gogoan izango dituzue Alcatrazeko Ihesa, Papillon edo Ihes Handia bezalako film goraipatuak. Hauetan kontatzen diren ekintzak ikusgarriak izanik ere, batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen du. 
Baztango Bailarako Artxibo Historikoan, espediente kriminal interesgarri bat dago, tankerako pasadizu baten berri ematen diguna. Ihesaldi hontako protagonista ez zen Steve McQueen izan, Martin Etxeberria baizik, Bidarraiko Bordaberriko etxekoa, gaizkile baxenafartarra. 
Kontutan izan, Elizondon aurkitzen den Baztango bailarako udaletxearen behe solairuak kartzela funtzioak betetzen zituela garai batetan. Hemen kokatzen da kontakizunaren hasiera. 
1795ko abenduaren 19ko gauean, iluntzeko bederatziak aldera, Juan Cruz Agara zurgin maisua eta bere bi langileak, Francisco Vertiz sunbildarra eta Antonio Tellechea lesakarra, lotara joan ziren udaletxean zeukaten logeletara, egun guztia konponketa lanetan eman ostean. Udaletxea arras kaltetua geratua zen Konbentzio Gerraren ondorioz (1793-1795), urte hartako uztailean amaitu zena eta aurreko udaran, frantses tropek bailara guztia sarraskitu zuten, tartean udaletxearen eraikina egoera larrian utziz.
Gauerdiko hamabi terdiak aldera, iluntasunaren babesean, gizon talde bat udaletxean sartu zen, sukaldeko leihoa bortxatuz. Horretarako, Elizondoko plazan konponketa lanetarako aurkitzen ziren egurrezko bi tabloien laguntzaz baliatu ziren, sei metroko altueran zegoen leihora heltzeko. Behin barruan, Pedro Irigoien kartzelako alkaidearen logelara abiatu ziren, atea mailukada batekin zabalduz. 
Alkaidea egundoko sustoarekin iratzarri zen, gizon talde batek bere ohea inguratzen zuen bitartean, eskuetan trabukoak, ezpatak eta baionetak zeuzkatela. Aurpegiak zapi eta maskarekin estaliak zituzten eta kartzelako giltzak hartzeko agindu zioten, oihuka eta heriotz mehatxuekin. Lo egiteko arroparekin jaitsiarazi zuten kartzelara, bertan preso zegoen Martin Etxeberria askatzeko. Hain zegoen urduri alkaide jauna, ezin zuela ziegako atea ireki, eskuak daldaraka baitzituen. Honek erasotzaileak asaldatzen zituen, nahita egiten zuela uste baitzuten eta heriotzarekin mehatxatzen zuten etengabe.
Iskanbila aparta piztu zen udaletxean eta bertan lotan zeuden hiru zurginez gain, Irigoien alkaidearen koinata, Maria Ignazia Urrutia, eta bere alaba gaztetxoak ere ernatu ziren. Mariak logelako atea itxi zuen eta hiru gizon bultzaka hasi ziren, bera garrasika ateari eusten saiatzen zen bizkitartean. Azkenean, bere koinataren ahotsa entzun ondoren, Maria lasaitu egin zen eta atea ireki zien gizon ezezagun haiei. 
Askatzaileek jende guztia leku bakarrean elkartzea erabaki zuten eta eraikineko gela guztiak arakatu zituzten, denak beren adiskidea aurkitzen zen ziega parera eramanez. Guztira hamasei bat lagun zeuden harat eta hona, kriseilu eta poxpolo bakar batzuekin argituz amesgaizto hura. 
Bizkitartean, Pedro Irigoien geroz eta urduriago zegoen, ezin asmatuz presoaren grilloak (oinak batzen zituen kateak, Lucky Luke-ko Dalton anaien antzera) zeuzkan iltzeak mailukada batez kentzera. Zortzi gizonek inguratzen zuten alkaide gizajoa eta denbora igarotzen zijoala ikusirik, erasotzaileak geroz eta haserreago eta presoaren iltzeak estuago kolpe txarrak emateagatik, Martin Etxeberriak berak hartu zuen hitza beren askatzaileei zuzenduaz. Denboran gehiegi ez luzatzeko, kateak eta guzti alkaidearen zaldian igotzeko eskatu zien bere adiskideei. Zaldian igota, udaletxeko ate nagusitik trostan atera zen goizeko ordu batean. 
Gizon altu batek eraikin barruan egoteko agindu zien alkaidearen senide eta zurginei, bai eta heriotzarekin mehatxatu eraikina uzten bazuten abisua pasatzeko asmoz. Gau hartan, goizeko hirurak arte iñor ez zen guztiz lasaitu, ordura arte ahotsak entzuten baizituzten udaletxe ondoko baratzan eta eraikinaren inguruetan. Zelatariak ziren, alarma abisua emango zuen edonor tirokatzeko zain. Azkenik, hondar erasotzaileak joandakoan, Juan Bautista Etxeberria alkateari berri ematera joan ziren, alkatea izateaz gain, Bailarako Gerra Kapitaina eta Epaile nagusia ere baitzen, eta berari zegokion ikerketa abiaraztea. 
Biharamunean, bailarako alkatearen eta eskribauaren aurrera deitu zituzten Pedro Irigoien, Maria Ignazia Urrutia eta hiru zurginak, beren testigantzak entzuteko. Aldi berean, Baigorri eta Ortzaize bailaretako herriko etxeetara mezulariak bidali zituzten, Martin Etxeberria preso hartzeko beharrezko neurriak har zitzaten. 
Testigantzek sekulako xehetasunak ematen dituzte, baina iñork ez zekien zenbat gizonek erasotu zieten guztira, kanpoan zeudenak ez baizituzten ikusi. Beraien artean frantsesez eta euskaraz hitz egiten zutela ohartu ziren eta den-denek argi zeukaten Iparraldekoak zirela. Beraien ahotik berrogeitahamar zirela jakin zuten, baina ziurrenik beldurra sartzeko izanen zen. Pista bakarra Maria Ignaziaren testigantzak ematen du, mozorratuen artean aginduak ematen zizkien gizon altua presoaren anaitzat hartu baizuen, izan ere ihesa baino egun batzuk lehenago bere anaia bisitatzen egon zen ziegan. 
Tamalez ez dakigu zergatik sartu zuten preso Martin Etxeberria, ezta berriro atxilotu ote zuten edo zein izanen zen bere zortea edo askatzaileena. Litekeena da gerra garaian preso hartu izana eta beren lagunek gerra garaiko armak baliatuz, laguna askatzera ausartu izana. Urte hartan, famatuak bilakatu ziren Lurbinttoko Ohoinak bezala ezagunak ziren legez kanpokoak, gerra garaian deportatu eta ondasunak desjabetu izanagatik Frantziako gobernu berriaren kontra altxatu zirenak. Horien pasadizoa izango ote da Elizondon gertatutakoa?


Signatura: 0363-03
Mieltxo Sobrino

Baztan Artxiboak