
Udal
artxiboetan auziak iturri ikaragarri onak eta baliotsuak dira. Garai
bateko kultura, ohitura, jakinduriak, pentsamenduak, eguneroko
eginkizunak, liskarrak, jokoak, lanak,... inon baino hobeto irudikatzen
dira auzi hauetan.
Partikularren artean, edo partikular eta erakunde publikoen artean sortzen ziren gatazka edo tirabiren inguruan erabakitzeko auzietara jotzen zen. Honengatik, auzien gaiak oso anitzak dira. Edozein momentutan sortu zitezkeen liskarrak. Baina ez zuten zertan erasoak edo borrokak izan behar. Izan zitezkeen, lursail baten jabetzaren ingurukoa, azienda lapurretak, ezkon-hitzarmen bat bete-arazteko, hilburukoaren aurkakoa,...
Ziur behin baino gehiagotan aterako dugula Baztango Udal Artxiboko auziren bat gure artikuluetan. Gaurkoan lehenengo aldia izango da eta liskar bati buruz arituko gara. Liskarra ohikoa den arren baditu auzi honek hainbat datu eta ezaugarri bitxi bihurtzen dutena. Ikusi ditzagun.
Elizondoko Juan Bautista Iriartek Elbeteko Juan Bautista Zelaietaren aurka salaketa bat jartzen du. Borroka baten ondorioz laban batekin eragindako zauriengatik. Borroka 1827 urteko urtarrilaren 8an gertatu da. Elizondoko Ostatu Zaharrean karta jokoan aritu ondoren. "Truque y flor" jokoan aritu ziren arratsalde osoz. Joko hau karta joko arrunta zen orduan, 1443 urtean lehenengoz aipatua, gaur egun ere oraindik jolasten den jokoa da. 22 karta eta 4 lagun behar dira. Binakako taldeak egin behar dira. Guk aztertzen dugun kasuan Iriarte Jose Matias Etxandirekin aritu zen, eta Zelaieta Francisco Dendarietarekin. Jokoa dibertigarriagoa egiteko edo beraiek zioten bezala "...interesando en la diversión botellas de vino..." apostu txikiak egiten ziren.
Iriartek eta Etxandik partida guztiak galduta (eta ondorioz 6 pinta ardo ordainduta) gabeko bederatziak aldera jokoa amaiutzat eman zuten. Zelaietak Argiñenea etxerako bidea hartu zuen. Bi aurkariek susmo txarra hartu zioten eta zelatan jarri ziren. Etxeko atarian gelditu arazi eta boltsikoak miatu zizkioten. "...registradole el bolsillo le hallaron una carta, que es el as de oros...". Ostatuan zegoen testigu batek dio bi karta gorde zituela "...que las dos cartas que le faltaban del naipe eran el as de oros que se incluye en este auto y siete de espadas, que con todo disimulo había metido en el bolsillo...". Bai, karta hori, argazkian ikusten duguna. Fiskalak gordetzea erabaki zuen froga modura.
Zelaietak orduan, gezurretan ari zirela, berak tranparik ez zuela egin eta mehatsuka hasi zen. Karta jokoan aurkari izandakoak bizitzan ere aurkari bihurtuta. "...falsos, perros y matahombres..." iraintzen zituen. Labana eskuan hartu eta Iriarte sabelean larri zauritu zuen.
Zirujauak bere gastuen aitorpenean zehazten duenez, 2 hilabetetan 120 bisita egin zizkion Iriarteri zauria egoki sendatzeko. Bi odol-ateratze (garai batean hain erabiliak ziren "sangria" izeneko odol-ateratzeak) ere egin zizkion. Azkenean, sendatu zen. Zelaietak berriz 200 librako isuna eta "... y en la pena de medio homicidio aplicadas en la forma ordinaria..." kartzela zigorra jasan zuen.
Auzi guzti horren jarraipena gure artxiboan dugu eta bertan ikusi daiteke, hari zuriz josita, "Cataluña año de 1824" idatzia duen urreko bata.
Amagoia Piá
- Log in to post comments