Bloga

Musika eskolaren sorrera

Zumaiako
Musika Eskolaren sorrerak lotura estua du Udal Bandaren sorrerarekin.
Tarte honetan, aurreko urteko azaroan kaleratuta artikuluan, bandaren
sorreraren inguruan idatzi genuen. Artxiboan aurkitutako 1885. urteko
dokumentazioak Udal Bandaren eta Udal Orkestraren sorreraren berri eman
zigun. Musika banda osatzeko, ordea, musika heziketa jasotako
pertsonak behar ziren. Hau izan zen Musika Eskola sortzearen arrazoi
nagusiena.

Udal
artxiboan 1887an idatzitako Musika Eskolaren araudia gordetzen da.
Dokumentu honek eskolaren funtzionamenduaren inguruko informazio ugari
eskaintzen du. Udal Musika Eskola publikoa izaki, Zumaiako gazteen
arten musika hezkuntza suspertzea zuen helburu. Hasierako urteetan
idazten eta irakurtzen zekien 9 urtez gorako herriko edozein haur edo
herriko gaztek emaz zezakeen izena.

Eskolaren
gaineko erabakiak eta honek sortutako gastuak Udalaren esku zeuden.
Udalarena zen, baita ere, eskolako maisu eta zuzendaria izendatzeko
oposaketak burutzeko ardura. Eskolaren
sorreratik aurrera, Musika Eskolako zuzendaria eta Udal Bandaren
zuzendaria pertsona bera izatea adostu zen. Datu honek argi uzten du bi
erakundeen arteko erlazio estua. Beraz, zuzendariak, eskola eta
bandaren araudia zorrotz betetzeko beharra zuen. Eskolako maisu eta
zuzendari eta Udal Bandaren zuzendari, kargu guztiak pertsona berdin
batean. Honek, beraz, solfeoko eta musika tresnen klaseak emateko,
bandaren entseguak egiteko, Musika Eskola zuzentzeko eta Udal Bandak
eskainitako emanaldiak zuzentzeko beharra zuen; abesbatza ere aipatzen
da tartean. Guzti honetaz gain, ikasi eta jo beharreko musika pieza eta
kantak konpondu eta konposatzeko, Musika Eskolak eta Bandak zituen
instrumentu eta partituren kontua eramateko eta ikasleen bilakaeraren
inguruko txostenak udalari aurkezteko ardura zuen. Guztia urteko 3000
errealen truke.

Musika
Eskolako ikasketak doakoak ziren eta bi arlotan banatzen ziren: solfeo
eta musika tresna. Lehen ikasketak solfeokoak izaten ziren eta, behin
horiek gaindituta, ikasleari maisuak egokien zeritzon musika tresna
jotzeko aukera ematen zitzaion. Musika tresnaren hautaketa Udal
Bandaren beharren arabera egiten zen, ezin bait dugu ahaztu musika
heziketaren helburuetako bat banda osatzeko gazteak prestatzea zela.
Ikasketak urrian hasi eta ekainarekin batera amaitzen ziren. Arlo
bakoitzeko bi ordu eskaintzen ziren egunean eta urtean lau azterketa
pribatu eta azken azterketa publiko bat egiten ziren. Azterketa
publikoan gailentzen ziren ikasleak sarituak izaten ziren.

1921.
urtean Musika Eskolako araudian zenbait berrikuntza txiki gehitu
ziren, baina funtsean 1887an ezarritako artikuluak betetzen jarraitu
ziren. Aldaketak albo batera utziz, eskolaren helburua berdina izaten
jarraitu zuen eta, onartu beharra dago, erakunde honi esker Zumaiako
haur eta gazteek kalitatezko musika heziketa jasotzeko aukera izan
zutela eta Zumaiak duen musika aniztasun eta aberastasunaren hazia izan
zela.

Oihana Artetxe