Bloga

Merkatu Plaza eta Eskola berriak

Negua
iritsi dela ematen du. Aurtengoan kostatu zaio, baina azkenean iritsi
dira euria, haizea eta hotza. Barru giro egiten du. Liburu bat dugula
sofan edo butakan eseritzeko plana egokia izaten da horrelakoetan.

Getariak
badu liburu interesgarriz beteriko liburutegia. Etxean gustuko ezer
topatzen ez duenak, bertara gerturatu eta izenburuen artean kuxkuxean
ibiltzeko aukera paregabea du. Guk ordea, gaurkoan, liburutegian
sakondu beharrean, liburutegia bere baitan hartzen duen eraikinari
erreparatu diogu.

Getariako
sarreran aurkitzen den eraikin honek, Udaletxearekin eta Elkanoren
monumentuarekin batera, alde zaharrera gerturatzen den orori ongi
etorria ematen dio. Itxura bitxia aurkezten du, herriak duen
orografiara eta kale diseinura egokituz. Hasiera batean, orube horretan
kokatu zena herriko merkatu plaza izan zen. Denborarekin ordea,
herriko umeei eskolak emateko gune egokiago baten bila, merkatu
plazaren gainean bi ikasgela jasoko zituen eraikin bat egitea erabaki
zen.

Marcelo
Guibert arkitektoari eskatu zitzaion eraikin berriaren proposamena eta
planoak garatzea. Arkitekto hau garaiko arkitekturaren adar
klasikoenean kokatzen da. Bere eraikinak erregionalismoak bustita
daudela esan daiteke, Euskal Herriko arkitektura klasikoaren elementuz
josiak. Getariako Udaletxe berria bere beste lanetako bat da. Zarautzen
Guadalupe etxea eta Villa Maddalen
diseinatu zituen. Baina bere lanak ez dira Gipuzkoara mugatzen, izan
ere, Iruñean Redón abizena zuen beste arkitekto batekin “Guibert-Redón”
estudioa muntatu zuen. Hori horrela, Nafarroako hiriburuan zenbait
proiektu gauzatu zituen.

Getariako
eskola berrietarako aurkeztu zuen egitasmoa 1920ko otsailaren 1eko
udalbatzarrean aztertu eta onartu zen. Hala ere, dokumentazioak aditzera
ematen duenez, eraikitze lanak denboran luzatu ziren. Getariako
artxiboan egitasmo honen inguruko espedientea jasotzen da. Bertan
gordetzen dira, baita ere, Guibert arkitektoak eginiko planoak. Hauek
aztertzen baditugu, eskolek bertan izan zuten tokia ikus dezakegu.

Oihana Artetxe