Artxiboak

Lesakako plano zaharrenetako bat aztertuz

Lesakako Udal Artxiboan gordetzen den plano zaharrenetako bat 1807 urtekoa da. Plano hau Udalaren eta herritar baten artean izandako liskar baten ingurukoa ebazteko marraztu zen.

Antza, 10 bat urte lehenago Udalari baimena eman zitzaion 24 herri-lur zati zozketan saltzeko eta bertan bordak egin ahal izateko. Honen ondorioz María Lucía Otxotekoren senarrari bi lursail egokitu zitzaizkion, gertu elkarren artean, baina ez ondoan. Ordea, ez udalak ez eta Otxotekok ere, ez batak eta ez besteak saldutako lurrak ez zituzten mugatu. Akats larria izan zen hori. Ondorioz, urte batzuk beranduago lursail horien mugekin arazoak eta auziak sortu ziren. Ohiko arazoak, egia errateko.

Alabaina, arreta ez dugu horretan jarri nahi. Arreta planoan bertan jarriko dugu. Eskuz egindako plano bat da, erregelarik eta neurketak egiteko tresna berezirik erabili gabe. Gutxi gora beherakoa, zalantzarik gabe. Lursailen kokapena eta María Luciaren senarrak, antza, baimenik gabe eta saladutakoa baino metro gehiago hartzeko asmoz egindako itxitura berrien inguruko informazioa jasotzeko egina dago. Honengatik, kokapena ahalik eta zehatzena izan dadin, plano hauek toponimia eta informazio interesgarri ugari bildu behar izaten zuten. Horrela, gaur esku artean dugun plano honetan biltzen dira besteak beste: Itureder iturria, “Herrería vieja” deitzen duten burdinola eta bere ubidea, Bidasoa ibaia, Alkaiaga auzoa eta Erramoegi parajea.

Plano hauek informazio baliotsua ematen dute bai iraganeko Lesakaren inguruan eta baita bere bilakaerarena ere. 200 urte beranduago, erraza da zein lursailei buruz ari diren jakitea eta kuriosoa izen batzuen aldaerak ezagutzea. Baita gaur egun ikusten ez diren estrukturak (ubideak, adibidez) nondik igarotzen ziren ikusi ahal izatea ere.

Hortaz, planoaren helburua ez zen artistikoa; planoak funtzio periziala betetzen zuen. Egin zutenean ez zioten inolako asmo historikorik eman. Honek azken galdera sortarazten digu: zer balio ematen diegu gaur administratiboak diren baina etorkizunean historikoak izango diren agiriei? Nola egin kutsu administratibo izaeratik gaindi irauteko? Azken batean, administratiboa baino iruditzen ez zaigun dokumentazioak gure aroaren lekukotza emango du, bai gizartean, bai herrian bertan, ematen diren aldaketen berri emanez.