Bloga

Lafayette

Pasaian eman diren gertakizun harrigarrien artean Lafayetteren bidaia dugu. Villaviciosa jauregian plaka bat eta han eta hemen errepikatzen den grabatu moduko bat. Bi lekukotasun horiek gogoan hartzen dute… zer demontre da gogoan hartzen dutena?

Izan ere, zein zen Lafayette? Zer egiten zuen Pasaian? Nora zihoan? Benetan adierazgarria da hori gure herriarentzat?

Alabaina, Lafayette izena ezaguna egiten zaigu denoi. Galeria komertzial ospetsuak dira. Ordea, La Fayetteko markes Gilbert du Motier nor izan zen eta zergatik ezagutu beharko genuke, hori garbi ez dugula uste dugu.

Horregatik, ea hura benetan ezagutzeko beharra edo derrigorra dagoen da galdetu behar duguna. Horri erantzuteko, baina, pertsonaia, gertakizuna,… aztertu eta baloratu beharko dugu. Izan ere, ez gaude behartuta iraganean gure inguruan eman zen guztia ontzat ematen; gure hautua da hori. Ezagutu ondoren erabakiko dugu gure tokiko komunitateak osatu nahi duen imajinariorako hartzen dugun ala ez. Ez gara juzkatzen ari zer egin zuten gure arbasoek. “Han” bizi ziren, toki arrotz batean, gurekin ia ingurunea ere komunean ez duen toki batean, eta ez-denbora batean.

Baina, era berean, iraganaren gainean egiten dugun irakurketak eta jabetzeak gutaz hitz egiten dute, gu islatzen gaituzte.

Hortaz, ez gaude behartuta. Alta, zilegi zaigu galdera eta interesa. Hortaz, zein zen bere izena bera eraldatzeko ausardia izan zuen Lafayette horrek? Izen aldatze horrek ez al du bere borondatea azaltzen? Hark ere iragana aztertu eta bere denborara eraman zuela? Egokitua, doitua, interpretatua, forma berri bat sortuta?

Esan bezala, Markes jaio zen Lafayette. Eta nerabea zenerako Erresumako ondasun handienetako jabe. Gaztaroan tertulia filosofiko eta politikoetan ohiko partaide. Jarrera politikoa sendotzen, lantzen eta tenkatzen hasi bezain pronto, Ameriketan ingelesek zuten kolonien aldeko jarrera hartu zuen. Are, Ipar Amerikako armadako kide bihurtu zen… Frantzian.

Etsaia ezagutzera joana zen ere, Ingalaterrako gortea ezagutzera hain zuzen ere, libertimendu puntu batekin. Frantzian bere asmoak zabaldu ziren, baita erregeak Lafayette xaxatu ere, buruan zuena ekiditzeko: Ameriketara joan Ingalaterra borrokatu eta koloniak askatzera laguntzea. Ez soilik abenturagatik, ez nagusiki abenturagatik, koherentziaz, sinistuta, elite gisa, talde txikian, lagunekin, logiakideekin izandako eztabaida partikularrak maila unibertsalera eraman nahian.

19 urte baino ez. Trikimailuz trikimailu Pasaian dugu Lafayette, bigarrengoz, apirilaren 26an, Ameriketara. Harriduraz hasieran, eta harrituak gerrak aurrera egin ahala, Lafayettek amerikanuen miresmena irabazi zuen. Su zelaian irabazitako ospeari gaitasun politikoak erantsita, Lafayette sortzear diren Estatu Batuen heroia izango da, hauen enbaxadore Frantzian. Bi munduetako heroia, berriz, ideia politikoak barneratu eta kontinente zaharrera ekarri zituen.

Bide berriari ekin zion Frantzian. Iraultzan parte aktiboa izan zuen, erregezalea izanda, progresoaren ideiak landu zituen. Iraultza, kontrairaultza, Napoleon, errestaurazioa, gerrak, intrigak… Lafayetteren meriturik txikiena ez zen izan, ez, bizirik ateratzea. Tarteka baztertuta, ekintzaile politikoa izaten segitu zuen luzaroan.

Frantziak itota, Ameriketara egin zuen berriro saltoa, esker onez hartu zuten beste behin ere. Are, Bolibarrekin harremanetan jarri zen, bi Ameriken arteko zubi lanak esanguratsuak burutuz.

Zein da, baina, Lafayettengandik oraindik liluratzen gaituena? Pasaian egonaldi laburra eta Pasaiarik gabekoa izan zen berea. Gune estrategikoa zen portua, ozeanoa zeharkatzeko tokirik aproposena. Hori baino ez zion erakarri gurera. Akaso badian Ameriketatik ekarritako eta bertan inbertitutakoak haren arreta bereganatuko zuen. Akaso Bolibarri idatzi zionean, Caracaseko Elkargoaren egoitzaren ondoan ontziratu zela gogoratuko zuen Lafayettek: Pasaian hasi zela bere patua betetzen.

Gaztea zela, horrek ere erakargarria egiten du markesa. Eta hainbat ideia, abolizionismoarena esate baterako, Pasaian horren errotua dugun Hugorekin gogorazten digu.

Ororen gainetik, baina, ideien etengabeko debatea, ideien talka, teoria eta praktika, debate eta praxi politikoa, kontraesanak, borroka sutsuak (odoltsuak ere bai)… Lafayettek gure munduaren sortzaileetariko bat izan zen. Horregatik ikusten dugu sinbolo bat harengan, Pasaia berria irudikatzen eta munduan kokatzen lagun dugun sinboloa.

David Zapirain