Artxiboak

Komunalak Ondazilegiak zirenekoa

Joseba Garmendia irakaslearen gaurko artikuluak zer pentsa eman digu. “Publikoa / Pribatua”. Gara (2018-02-18).

Komunalen
gainbeherari buruz hausnartzen du Garmendiak, Ostrom-ek ireki ildoa
segituz. Erabiltzen dituen kontzeptuek EH-ko Historia berirakurri,
berinterpretatu eta berridazteko aukera edo beharra ez ote duten
irekitzen galdetzen diogu gure buruari.

Izan
ere, “publiko, pribatua, komuna” ez da izan ikerketen ardatza, nahiz
eta hirukotea maiz agertu ikerketetan. Esate baterako, tokiko historia
jorratzean edo udal administrazio tradizionala azaltzean, udalaren
ondasun propioak eta udal-auzokoen jabetza komunak soberan ongi daude
deskribatuta gurean.

Aldiro,
ostera, ikerkelariak zuzen ekin dio gai honi. Hala egin zuen Mikel Mari
Karrerak Ondazilegi lanean, adibidez. (Gipuzkoako Aldundia, 2002).
Alabaina, ondo gogoan dugu, Altzo herriko Historia laburtzean
“ondazilegiak” aipatu eta hitza zein kontzeptua herrian zeharo
desagertuta zeudela ikusteak gugan sortu harridura.

Era
berean, XIX. mendeko gerrak sortutako zorra ordaintzeko modua behin eta
berriz errepikatu zela egiaztatuta dago: lur komunak saldu ziren zorra
kitatzeko. Desamortizazioa ez ezik, gerra gastuak izan ziren herri
lurrak esku pribatuetara pasatzeko biderik arruntena. Arlo honetan ere,
gaiari modu gordin eta zuzen heldu diona badago, esate baterako Arantza
Otaegi Gerra eta hazienda lokalaren krisia: udal ondasunen eta propioen salmentak Gipuzkoan, 1764-1814 (Gipuzkoako Aldundia, 1991) lanaren bidez.

Deigarria
da, gainera, Otaegi zein Karreraren lanak Nekazaritza foru sailak
argitaratu izana. Eskerrak departamendu horri! Baina gai honen eragina
ez da nekazaritza hutsean amaitzen. Gizartea ulertzeko eta antolatzeko
modua hartzen du bere baitan honek guztiak.

Horregatik, Patxi Juaristik Euskaldunak eta ondasunak
lan bikainean (Pamiela, 2001) landutako ikuspegi propioa, hizkuntza
hizpide, ezinbestekoa dugu afera borobiltzeko. Azken batean, mundu
ikuskera bat dago komunalaren kudeaketaren atzean (eta gainean). Hara
zer zioten Amezkoetako alkateek 1996. urtean, Urbasa-Andia Parkea
kudeatzeko Nafarroako gobernuak kaleratutako planak errefusatzerakoan.
Hauek herri-lurren balio ekonomiko eta oekonomikoa aldarrikatzen zuten,
horrela: Sres. de Medio Ambiente, no se concibe amescoanos sin Monte
Limitaciones, ni Monte Limitaciones sin amescoanos: éste es mucho más
que un monte, es para nosotros como un precioso recuerdo de familia
gracias al cual todavía subsiste es te pueblo, y aunque la economía de
estos valles no depende hoy tanto como antes de él, la inmensa mayoría
de los amescoanos lo queremos y mimamos, y como buenos hijos no
consentiremos que lo lleven al asilo, aunque nos digan que allí lo van a
cuidar mejor…
“Monte Limitaciones y parques naturales”. Egin
(1996-IX-13). Alegia, mendia ez da baliabide ekonomiko hutsala;
nortasun sorrera da, Etxekoen osagai bat gehiago. Baliabidea izatekotan,
Gizarteak ahalduntzeko baliabidea da, auzo edo bailara batek burujabe
egiten duena.

Horren
ildotik, lurraren pribatizazioa eta ondorioz pribatitazioa defendatzeko
garatu legeak eta ideologiak gizarte disziplinamendu berria ekarri
zuen. Halabeharrez, jabego pribatua ez baitzen gertakizun naturala,
soziala baizik. Kasu honetan, gure tesiaren hipotesia berformulatu liteke: pribatizazioak gizartea kontrolatzeko molde berriak sortu zituen, Estatu garaikidea eraiki ahala.

Gatazka
sozialaren adierazpen asko ere modu honetan multzokatu eta ulertu
daitekeela pentsatzen dugu. Horrela, krimen odoltsu ugarik (Hiru Behien
Zergaren oinarrian dagoena bezalakoa edo Gipuzkoan herri lurren erosle nagusiak pairatu zuena), sustrai komuna duten ala ez ” herri lurren aprobetxamendua eta galera, hain zuzen ere- argituko genuke, esate baterako.

Era
labur batean, hau ere modu orokorrean, pribatizazioak hainbat mugarri
izan du gure historian. Hauek ere modu isolatuan jorratu dira. Hau da,
bere baitan ikertu dira, hasi eta buka. Mugarri hauetako batzuk,
gainera, artxiboetan segitzen dute, ikerlariaren zai. Pribatizazioak,
ondasun komuna besteratzeak, kate luzea osatzen du. Horren begikate
posible batzuk:


XVI. mendean Gipuzkoan hainbat Jauntxo (Olazabal, Berastegi…) udal
propioak bereganatzeko saioa. Herritarren erantzuna: epailearengana jo
eta jauntxoa hil, adibidez.

– XVIII. mendeko matxinada.

– XIX. mendeetako gerrak: gerra gastuak ordaintzeko herri lurrak saldu.

– XX. mendean: Nafarroako “corralizas” delakoen gatazkak. Gerra osteko errepresioakin zer ikusia izango zuelakoan.


XX. Mendean EH kontinentalean: auzokoren batek ondasunak galdu eta
hauek enkantean jartzean, auzokoek enkantean parte hartu eta hura
blokatzen zuten, auzokoaren mesederako.

Honengatik
guztiagatik, ondazilegien desagertzea eta pribatizazioak eraikitakoa
biak uztartu eta herrenkadan berriz ikertzeari eta idazteari
interesgarri deritzogu. Honen interesa bikoitza da, gure ustez. Batetik,
gure gizartearen, ekoizpen-sistemaren eta mundua ikusteko gure
moldearen genealogia egitea; bestetik, XX. mendearen amaierako zerbitzu
publikoen pribatizazioaren ondoren, Europako udal frankok zerbitzuak
berreskuratzeko urratsak ematen ari dira, eta ikerketa berriak mugimendu
horiek zilegitzen lagunduko duelakoan gaude.

David Zapirain

Irudia: William R. Shepherd, Historical Atlas, New York, Henry Holt and Company, 1923