Bloga

Kapitalismoa bizitzaren amarru

Moore, Jason W.
Capitalism in the web of life: ecology an the accumulation of capital
Verso, 2015

El capitalismo en la trama de la vida: ecología y acumulación de capital
Traficantes de sueños, 2020

Le capitalisme dans la toile de la vie : écologie et accumulation du capital
Les editions de la asymetrie, 2020

Egokia eta argigarria dugu izenburua. Izan ere, Mooreren proposamena da balore-legearen inguruko definizioa eta haren ezaugarriak eguneratzea. Beraz, kapitala metatzeko beharrezkoak diren besteratzeak argitzea. Besteratze horien baitan, kapitalak debalde lortzen duen natura ez gizatiarrari ematen dio zentralitatea. Langileen esku lan merketua ez ezik, (hura ere natura dela irizten dio autoreak) naturaren eraldaketa eta debaldeko ustiaketa guztiz beharrezkoa da sistema ekonomikoa bideragarria izango bada.

Zer gertatzen da, ostera, naturaren muga guztiak zeharkatu direnean?

Berez, ikuspuntu berritzailea da oso, eta, esaterako, Covid bera hobeto ulertzeko bide ematen du, nahiz eta orain dela 5 urte argitaratutako lana izan.

Bestalde, modernitatearen hastapenetara jotzen du Moorek. Natura ez gizatiarraren eraldatze sistemiko eta mugagabea, kapitalaren metaketa bideratu zuena, hobeki ulertu eta azaldu ahal izateko. Pentsamolde kartesiarra ezerk baino hobeto azaltzen du gizakia eta naturaren arteko banaketa kontzeptuala. Alegia “ni naiz” haren gainean, gizakiak bere burua naturarengandik ateratzen du, hura “gauza” hutsa bihurtuz. Berdin beste “natura” batzuekin, arrak eta zuriak ez direnak, hain zuzen ere.

Azkenik, hirugarren zutabe bat eraikitzen du Moorek, eraldaketarako ezinbestekoa dena. Antropozenoa deritzan kontzeptuaren aurrean, Kapitalazoneoa daproposa. Horrela, apokalipsia denon ardura izan beharrean, kapitalaren errua eta ardura dela argudiatzen du. Horrek, eraldaketa klimatikoa eta beste desastre “naturalak” historikoak bihurtzen ditu. Eta historikoa denak bere legeak ditu. Norabide batean ala bestean joateak gizartean elkarren aurka borrokatzen duten indarren baitan dago.

Horrekin batera, Aro moderno-garaikidearen periodizazio berritua ekartzen du Moorek, beti ere ekosistemen eraldaketa masiboen haritik.

Beraz, tokikotasuna eta oinarrizkoa beharren desmerkantilizazioa aldarrikatzen ditu Moorek, kapitalaren apetak antolatzen ez duen ekosistema berritu batean. Horrela, iturria duen mundu-ekonomia wallersteindarrari mundu-ekologiarekin ematen dio berak segida.

Marvin Harrisek ekologia/ekosistema eta tabuak/gizarte antolaketaren arteko harremana biziki ongi argitu zituen; Polanyik, Thompsonek, Hespanhak, Frigok, Dumont, Marx, Braudelek…kapitalozenoaren aurreko arauak azaldu zituzten gainera. Kate horretan egungo mundua ulertzeko ezinbestekoa bihurtu da Moore. Lan gehiago, hizkuntza ugaritara: Jason W. Mooreren webgunean.