Artxiboak Bloga

Iputza eta Gipuzkoa: Elena Barrenari gorazarre

Iputza eta Gipuzkoa: mila urteko historia. Elena Barrena Osorori gorazarre. #G1025 eta #GI35

Laster 1000 urte beteko ditu Gipuzkoak. Edo, hobeki esanda, hari buruz ezagutzen dugun lehen aipamen historikoak.

Elena Barrena Osororen tesiak ere urteurrena du aurten: 35 egingo ditu. Tesi horretan Iputzaren esanahia jorratu eta ulergarri bihurtu zuen Barrenak, eta Gipuzkoa deitzen dugun izaki politikoaren izaera, izanak eta osagaiak ere xehatu zituen.

Hain zuzen ere, bi ideia horiei baina batez ere bigarrenari eskainia da hemen aurkezten ari garen ekimena.

Izan ere, ezin baita milurtekoa gogora ekarri hori posible egin zuen pertsona eta haren lana behar bezala balioetsi eta loriatu gabe. Izugarrizko erronka izan zen hura. Oparoa, zentzu askotan. Gipuzkoako historiografia ere berritzerainokoa.

Alabaina, jakin badakigu 1000 urte ospatzea hainbat pertsonaren ekarria ospatzea baino errazagoa dela; eta, ondorioz, gure eredu izan direnak Historiaren bazterrean geratzen direla maiz, arrazoiak ia inoiz ez diren arren neutroak.

Badira bi urte ideia horri bueltaka hasi ginenetik. Iaz, asmoa gorpuzten hasi, eta lagunek berehalakoan baietz, batak bestearen atzetik gainera. Ez gintuen harritu. Gure proposamena, honako hau: Iputza-Gipuzkoaren 1000 urteak gogoan, eta Elena Barrenaren tesiaren 35 urteurrenaren aitzakian, Elena bera eta haren lan eskerga oroitzea. Horretarako, aurten, artikulu bana argitaratuko dugu hilean behin online, eta urte amaieran liburu batean batuko ditugu guztiak. Artikuluak era askotakoak izango dira: Elena Barrenaren eta bere obraren ingurukoak, edo, Elenaren ikasgaiak oinarritzat hartuta, Erdi Aroko Gipuzkoaren berri emango dutenak. Hainbeste merezi du eta.

Hasiera bateko ordena hauxe izango da: David Zapirain, Eider Landaberea, Amaia Mendizabal, Leyre Arrieta, Iago Irixoa, Josu Narbarte, Alfredo Moraza, Borja de Aguinagalde, José Antonio Marín, José Ángel Achón.

Ez dugu ezkutatuko ondo pasatzeko ekimena denik, laguntasunaren izenean arituko ez garenik. Horixe bera baita irakasle eta lagunari zor geniona.

Juan Carlos Mora eta David Zapirain