Bloga

Informazioa galtzen denean…

Argazkiak,
dokumentuak, liburuak, CDak, diska gogorrak, web orriak eta abar, guztiek
datuak gorde eta eskaintzen dituzte. Momentu berezi baten isla, eraikin baten
planoa, udaletxeko aktak, frentean borrokatu zuen gudari batek bere maitaleari
bidalitako eskutitza, Erdi Aroko eskuizkribuak, unibertsitateko notak,
partitura bat, talde baten diskoa… lehenagokoak edo geroagokoak, formatu batean
edo bestean, baina guztiak informazio iturri.

Ikuspegi
historiko batetik begiratzen badugu iragana argitzen eta berreraikitzen
laguntzen duen informazioa jaso dezakete. Egunerokotasunera ekartzen badugu,
berriz, egiten ditugun gestioetan lagungarri edo gure oroimenen gordailu izan
daitezke. Guztiak informazio iturri, guztiak zergati batengatik gordeak eta
guztiak baliotsuak… ongi daki hori sute edo uholde batean guztia galdu duenak,
edota ordenagailua bapatean izorratu eta disko gogorrean gordea zuena errekuperatu ezin izan duenak. Orduan
konturatzen gara zein garrantzitsua den interesatzen zaizkigun kontuak ondo eta
modu egokian gordetzea, artxibatzea… Izan ere, guztia galdu duena hutsetik
hastera behartuta aurkitzen da.

Eta galdutako
informazioa herri batek bere historian zehar gordetako dokumentuak balira? Zer
egin galtzen dena herriaren informazioa eta memoria denean?

Lehen
Karlistaldiaren ondorioz, Getariak galdera horiei erantzuna eman beharrean
aurkitu zen. Herria guztiz suntsituta geratu zen eta horrekin batera herriko
artxiboa erre zen. Bertan gordetzen zen informazio historikoa galtzeaz gain,
udalaren eta herriaren kudeaketarako beharrezkoa zen informazioa galdu zen.
Izan ere, artxibo batek dokumentazio historikoa baino gehiago gordetzen du.

Getaria
artxiborik gabe aurkitu zen. 1838ko azaroaren 23an ospatutako udalbatzak argi
islatzen du galera honek sortutako egoera. Udal karguak etsita, zer egin eta
zer pauso eman ez dakitela. Herriaren iragana guztiz ilunduta eta orainari
itsu-itsuan aurre egin beharrean. Artxiboko dokumentuak, kontu liburuak,
hipoteka liburuak… denak suak irentsiak. Ardura gehien bizilagunen ondasunen
gaineko dokumentazioarengatik erakusten da “cuya
falta, irremediable, no podía menos de hacer sentir sus funestas consecuencias
a la riqueza territorial y vecinos propietarios, cuyos bienes radican en esta
jurisdicción”
.

Getariarrak
berriro hutsetik hasi behar izan zuten. Herriaren kudeaketa egokirako
dokumentuen garrantziaz ohartuta bizkor jarri ziren lanean. “Que semejante estado de orfandad exige que
se establezca una base sobre la que se funde una regla que aunque no remedie el
mal ya consumado, evite o minore a lo menos sus efectos.”
Lehenik udal
akten liburua hasi ziren osatzen (liburu horrek eman digu orrialde hau idazteko
informazioa) eta ondoren hipoteka liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren
baimenarekin. Hemen hasi zen osatzen berriro Udal Artxiboa. Gaur bertan
gordetzen den informazioa ondorengo mendeetan egindako lanaren isla da.
Getariak bere memoriaren zati bat berreskuratzeko aukera du 1838tik aurrera
sortu, gorde eta artxibatutako dokumentuei esker.

Oihana Artetxe