Artxiboak

Getariako emakume abertzale batza

Orain dela zenbait hilabete euskal abertzaletasunarekin loturiko nekazal elkarteen inguruko zenbait datu plazaratu modura, oraingo honetan, euskal abertzaletasunarekin loturiko emakume elkarteen inguruko informazio zantzu batzuk zuenganatzeko asmotan gatoz. Aipaturiko idatzian bezala, XIX. mendeko lehen herenera egingo dugu salto, zehatzagoak izanda, Bigarren Errepublikaren garaira. Aztergai daukagun elkartearen zimenduak 1922. urteko apirilean finkatzeari ekin zitzaion arren, 1923ko Primo de Riveraren diktaduraren hasierak hegoak moztu zizkion jaio berri zen elkartearen lehen hegaldiari.

Lehen hegaldiko dinamikari Bigarren Errepublikaren garaian eman zitzaion jarraipena, oraingoan bai, EAJ/PNV alderdiaren zati zen elkarte modura. Esan daiteke, jarraipena baina gehiago, garai honetan joan zela Emakume Abertzaleen Batza euskal gizartean garrantzia irabazi eta barneratzen. Besteak beste, elkarteak euskara, takigrafia, mekanografia, katekesi, geografia, historia, kontabilitate eta solfeo klaseak eskaintzen zituen, antolaketa sindikalean erabat murgilduta zebilen, arazo sozialei aurre egiteko lanean eragina geroz eta handiagoa zuen, etab.

Elkartearen sorkuntzaren araudian argitzen zen moduan, helburu nagusia jaungoikoa eta lege-zaharraren emakumeen elkargunea izan eta euren doktrina hedatzea zen, betiere, euskal alderdi sozial, kultural eta ongintzara bideratuta. Honez gain, guztiaren oinarrian euskara ezartzen zuten. Era berean, emakumeen elkartea izan arren, gizonezkoen menpeko zirela berresten zuten uneoro.

Hego Euskal Herriko herri eta hirietan oso arin zabaldu ziren elkarte hauek -guztiak goi organismo batean federatuak-, eta nola ez, Getariara ere iritsi zen elkarte hau. Eusko Ikaskuntzaren arabera, 1932. urterako Getariako Emakume Abertzaleen Batza indarrean zegoen arren1, Getariako Udalbatzarreko aktek informazio hau ezeztatzera eramaten gaituzte. 1936ko maiatzaren 31ko udalbatzarreko aktaren arabera: “. . . el diputado sr. Urquijo vendrá a esta (villa) el próximo domingo dia siete de junio con motivo de la inauguración de Emakume Abertzale Batza . . .”.

Gauzak honela, argi dagoena da Getarian sortutako elkarteak ez zuela ezer askorik egiteko denborarik izan. 1936ko uztailean hasi zen gudan zaurituak zaindu eta bestelako laguntza lanetan aritu ahal izan zela pentsa daiteke, baina gerra ondoreneko zapalkuntzarekin segurua da elkartea deuseztatua izan zela.

Xabier Etxeberria Lasa

(1) http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/emakume-abertzale-batza/ar-47346-26562/

Irudia: Emakume Abertzaleen Batzako lehen banderaduna, 1922ko ekainaren 25a. Iturria: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/argazkia/mu-15064/