Artxiboak

Euskararen alfabetizazioa Getarian

Gaurkoan,
urrian aipatutako alfabetizazioaren gaia, denboran salto bat emanda,
eta euskara erlazionatuko ditugu 1970eko hamarkadan. Abenduan euskararen
gaia jorratzearen zergatia argia dela esan daiteke, hil honetako 3.
egunean ospatzen baitugu Euskararen Nazioarteko Eguna.

Jakina
den moduan, XX. mendean gure hizkuntzaren osasuna oso aldakorra izan da
arrazoi ezberdinak direla medio. Urrian esan bezala, XIX. mendearen
amaieran euskara ia hezkuntzatik at zegoen, ekimen pribatuaren bidezko
eskola planteamenduak agertzen joan arren. 1857etik 1970era bitartean
indarrean egon zen Moyanoren legeak gaztelaniazko gramatikaren
derrigorrezko irakaskuntza ezarri zuen espainiar lurralde osoan.

1917an,
Hego Euskal Herriko hiru probintziek Euskal Herriko Mankomunitatea
sortzeko bideari ekin zioten, eta horren isla dira Gipuzkoa eta Bizkaiko
Diputazioetako administrazioan euskararen erabilera dokumentatu izana.
1918an Eusko Ikaskuntza, 1919an Euskaltzaindia eta 1927an Euskaltzaleak
elkartea sortu ziren. Bigarren errepublika izango da erabilerari
dagokionez ordura arteko aro garrantzitsuena.

Gerra
Zibilaren ondoriozko Francoren agintaldiaren garaiak atzerapauso
nabarmena suposatu zuen. Guda Zibilean eroritako azken euskal
lurraldearekin batera, euskarak hilabete gutxi batzuetan gozatutako
ofizialtasuna ere galdu zuen. Ofizialtasuna galtzeaz gain, hizkuntza
bera erabiltzeko mugak handituz joan ziren. Gerra ondoreneko urteetan,
euskara irakasten jarraitu zuten gutxi batzuk, oso baldintza zail eta
arriskutsuetan.

Euskaltzaindiak
bultzatuta, 1966an euskaraz alfabetatzeko lehen kanpaina jarri zen
martxan, eta urte honetan jarri ziren AEK-ren (Alfabetatze eta
Euskalduntze Kordinakundea) eraikuntzaren lehen harriak.

Francoren
heriotzak eta diktaduraren erorketak euskarari bideak ireki zizkiola
esan daiteke, pixkanaka, erakunde publikoen aldetik euskararen
alfabetatze prozesuan erraztasunak eskaini baitziren. 1976ko otsailaren
26ko 573/1976 Errege Dekrektuaren bidez gobernuaren onarpena lortu zuen
Euskaltzaindiak. Hortik aurrera, aipatutako erakundeak bere eragina
handitu egin zuen nabarmen. Horren erakusgarri dugu Getarian jazotakoa.
Udal akten arabera, 1976ko azaroaren 30ean Ignacio Zulaicak , “profesor
titulado por la Academia de la Lengua Vasca”, baimena jaso zuen Eskola
Nazionalen lehendakariaren eskutik, Hezkuntza eta Zientzien
Delegazioaren bidez, euskarazko alfabetizazio klaseak eman ahal izateko
zehazki aipatzen ez den Elkano kaleko lokal batean. Baldintza bakarra
jarri zitzaion, erabili beharreko materialaren gastuak berak ordaintzea.

Xabier Etxeberria Lasa