Bloga

Euskal Errepublikaren aldarria

Aurten Bigarren Errepublikaren ezarpenaren 85. urteurrena ospatzen
da. Apirilaren 12an egindako hauteskundeek Alfontso XIII. erregea
boteretik kentzea lortu zuten, monarkiarik gabeko estatua defendatzen
zuen alderdiak irabazi baitzuen. Bigarren Errepublika 1931ko
apirilaren 14ean aldarrikatu zen, baina ezaguna da Eibarren aurreko
egunean altxatu zutela hiru koloretako bandera. Eta Zumaian? Noiz eta
nola izan zen Errepublikaren aldarria?

Udal-aktak dokumentazio egokia izaten dira horrelako informazioa
aurkitzeko, bertan jasotzen baitira udalbatzar berrien osaketak eta
bileretan jorratutakoaren inguruko berriak. Horrela, 1931ko apirileko
udal-aktak aztertu ditugu Errepublikaren aldarriari buruzko berrien
bila.

“Acta de constitución del Ayuntamiento Republicano” da 1931ko
apirilaren 15eko aktaren izenburua. Egun horretan osatu zen,
apirilaren 12ko hauteskundetan garaile ateratako Udalbatzar
Errepublikanoa. Hauteskunde horien ondoren Victoriano Arrate Loiola,
Juan Arratibel Larrañaga, Benigno Arrieta Larrañaga, Leon Esnal
Alberdi, Martin Elorriaga Gomez, Gabriel Betondo Ostetxe, Zacarias
Arrizabalaga Urdanpileta, Sotero Azpeitia Orbegozo, Eduardo Zubia
Egaña, Alejandro Lartige Larrañaga eta Manuel Urruzuno
Agirrezabalaga izan ziren Zumaiako Udalbatzarreko 11 zinegotzien
eserlekuak bete zituztenak. Bilera berean, Victoriano Arrate Loiola
alkate, Juan Arratibel Larrañaga lehen alkateorde eta Benigno
Arrieta Larrañaga bigarren alkateorde izendatu ziren, zinegotzien
artean egindako bozketaren ondorioz.

Euskal Herriko herri askotan gertatu zen bezala, Zumaiako udalbatzar
berriak monarkiarik gabeko estatu baten eskaera gainditzen zuen
Euskal Errepublika defendatzen zuen. Juan Arratibel Larrañaga eta
Victoriano Arrate Loiolak, Zumaiako Euskal Alderdi Errepublikanoaren
eta Euskal Alderdi Jeltzalearen ordezkari gisa, aurkezten duten
mozioan argi azaltzen da udalbatzar berriaren nahia: Euskal
Errepublikaren aldarrikapena eta gainontzeko lurraldeetan osatuko
diren errepublikekin batera konfederazio bat osatzea. Hau da,
subiranotasuna mantentzen duten zenbait estaturen arteko gobernu bat.
Donostiako itunean sinatutakoa ardatz hartuz (non Kataluniako
estatutua defendatu zen), Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehen
pauso bezala ikusten zen eskaera hau. Horrela, 1931ko apirilaren
15ean Zumaian Euskal Errepublika aldarrikatzea eta erabakiaren berri
Errepublikako behin-behineko gobernuburuari jakinaraztea adostu
zuten.

Udalbatzar errepublikano abertzalea izanik, batzar aretoan zintzilik
zegoen Alfontso XIII. erregearen erretratua eta honen azpian
“Inmensamente vascos-totalmente españoles” aldarrikatzen zuen
plaka ere kentzea erabaki zen.

Lau egun beranduago beste udalbatzar bat egin zen, behin betiko
udalbatzar errepublikanoa aldarrikatuz eta apirilaren 15ean
erabakitakoa berretsiz. Egun horretan gainera, ordura arte Alfontso
XIII. etorbidea izenez ezagutzen zena Errepublikaren etorbidea
izendatzea eta Primo de Rivera Eskola Taldeari Arrangoleta Eskola
Taldea izena jartzea erabaki zen.

Abertzaleentzat aro berri baten esperantza ekarri zuen II.
Errepublikaren aldarriak; estatua egituratzeko modu berri baten
esperantza eta honekin euskal nazioa eraikitzeko bidearena.
Errepublika aldarrikatu eta gutxira, bide hori aldarrikatzen zuen
alkate mugimendua hasi zen Euskal Herrian.

Oihana Artetxe