Erakusketak

Erakusketa barnetik

Erakusketak antolatu eta koordinatzen ditugunontzat, erakusketa ziklo bat, bizitzan bezalaxe, emozioz betetako zikloa izan ohi da. Erakusketa bakoitza, bizitza bakoitza bezala, ezberdina da. Pertsona ezberdinak inplikatzen ditu, helburu anitzak jarraitzen ditu, baina besteekin konpartituz, bapatekotasuna aintzat hartuz, puntu dramatikoak landuz, sorpresak, sentimenduak eta pentsamenduak sortzen ditu bere baitan. Prestatu, zaindu, eta amaitzean, erakusketa jaso eta dolua ere egiten dugu tokatzen denean.

Kanpotik ikusita ziklo edo prozesu mekaniko sinplea dela irudi lezake. Eta egia da, jendartean zabaldua dagoen mezua ere bada, erakusketak bigarren mailakoak edo gauza txikiak bezala hartzen baitira orohar, espazio bat norberaren arabera dekoratzea balitz bezala, konplikazio askorik gabeko lan sinplea. Baina ez, hau ez da horrelako ziklo bat, erakusketa bat prozesu konplexua da. Agian ez da izango bizitza bera bezain konplexua…. Baina bai, badu bere konplexutasuna inongo zalantzarik gabe.

Erakusketak zertarako diren pentsatzen badugu… Zein da erakusketaren helburua? Zertarako hainbeste esfortzu efimeroa baldin bada? Nik oso garbi daukat. Erakusketa bat espazio-denboran ematen den burbuila bat da. Eremu horretan , publikoak erakusketari aurre egingo dio AUKERA bat bailitzan. Eremu magiko honetatik ikusiko du jendeak lehen aldiz (edo hainbat aldiz) arte lan bat, argazki bat, objektu bat eta gozatu, aztertu eta baloratu egingo du gainera; eta batez ere, eremu hau izango da gure jakintza mezu berrien bidez kontrajarriko duen espazioa, mezu jakin horiek dira xehetu eta hainbat buelta eman ostean “norbaitek” mimo handiz jarri dituenak.

Erakusketaren bisitak ez du beti utziko aztarna bat gure barruan, batzuetan espero ez genuena izango da, arreta handirik jarri gabe pasako da oharkabean gure bizitzatik. Baina gerta liteke, erakusketa gure bihotzetaraino ere iristea, eta betirako gordeko dugun esperientzia izatea, momentu horretan zein gustura egon ginen gogoratzeko gakoa izatea, berriz itzultzeko gogoa piztea, behin eta berriz itzultzea ere bai. Eta gainera, ezin itzuli izateak are baliotsuagoa bihurtuko du esperientzia hori.

Erakusketa batean sartzen garenean, itxoiteko emozioarekin egin behar dugun esperientzia gisa sentitu behar dugu, ezezagunarekiko dugun ezjakintasun eta ziurgabetasun puntua aintzat hartuz edo baita ezagutu eta pentsatzen genuena ikusteko eta gozatzeko ziurtasunarekin ere. Azken finean, esperientzia hau, opari bat da, opari  oso berezi bat.  

Larraitz Arretxea

Kutxa Fundazioaren Kubo eta Artegunea aretoetako erakusketen koordinatzailea