Bloga

Emeterio Sorazu Ugartemendia, jatorrizkotik jatorrira

Liburutegiak eta artxiboak bereizteko zailtasunak izaten dituzte askok. Amankomunean asko duten arren, desberdintasunak ere nabariak dira; bietan informazioa gorde eta kudeatzen da, baina artxiboetan, liburutegietan ez bezala, originalak bakarrik kontserbatzen dira. Autore batek liburu bat argitaratzen duenean, bere obraren kopia ugari ekoizten du. Hauek liburu-dendetara edota liburutegietara heltzen direnean, irakurleak kopia hauetariko bat eskuratu eta irakur dezake. Horrela hedatzen da igorlearen mezua. Artxiboetan berriz, ekoizle batek bere zereginak betetzerakoan sortutako dokumentazioak kudeatzen dira. Ebidentzia hauek originalak dira, ez daude beste inon.

Baina askotan errealitatea teoria baino anitzagoa izaten da. Horren isla, Getariako Udal Artxiboan egin genuen aurkikuntza. Emeterio Sorazu Ugartemendia apaiz eta ikertzaileak idatzitako Askizuren kondaira eta bertako familien jatorria izeneko argitaratu gabeko lana topatu genuen.

Emeterio Sorazu Ugartemendia Askizuko Serorategi etxean jaio zen 1937ko urtarrilaren 27an. Nahiz fisikoki Ibarran bizi, 2008ko apirilaren 14an, sorlekura itzuliko da lan honen bidez. Eskarmentu handiko ikertzaile roletik, ondoen ezagutzen zuen lurraldea eta bertako eraikuntza eta familiak aztertu zituen. Idazlanak, beraz, kutsu profesional eta pertsonala uztartzen ditu. Ikuspuntu pribilegiatu honen bidez, Askizuko kultura materiala zein ez-materiala biltzen da aipatu dokumentuan.

Ondorioz, gaur egun, ingurumari horiek ezagutzeko iturri aberatsa da liburu hau. Askizuko jatorria duen edozeinek, bere familiaren eta baserriaren nondik norakoak ezagutu ditzake. Gainera, artxiboko dokumentuetan ez-ohikoak diren datuen berri ere izan dezake irakurleak; Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako informazio galkorra baita askotan ikertzailearen informazio iturria.

Originala zer den bi hitzetan adierazi beharko bagenu, bakar eta jatorrizko kontzeptuak aukera genitzake. Askizuren kondaira eta bertako familien jatorria liburua bakarra da. Ez zen argitaratua izan, beraz, dakigunez behintzat, ez dago lan honen beste kopiarik. Emeterio Sorazu, gainera, jatorriz Askizukoa zen. Bere guraso eta aitona-amonengandik jaso zuen kultura eta jakinduria partekatzen du irakurlearekin idatzi honen bidez. Dokumentu hau, hortaz, zentzu guztietan originala da.

Emeterio Sorazu Ugartemendiaren heriotzetik bederatzi urte beteko dira abenduan. Urteurren honen testuinguruan eta bere lana nabarmenduz, artikulu honetako hitzak bera omentzeko erabil bitez.

*Argazkiaren iturria: https://www.diariovasco.com/v/20101218/tolosa-goierri/emeterio-sorazu-fallecio-tras-20101218.html

Klara Gorosabel Zaldibia
Getariako Udal Artxibotik