Artxiboak

Emakume aitzindari bat Asteasun

Emakumearen eguna heldu dela eta hona hemen gai honen inguruko gure blogeko berria. Udal arielen administrari karguaren izendapen interesgarria da topatu duguna. Kargu hau, beti bezala, gizon batek betetzen zuen (edo batek baina gehiago herriaren neurriaren arabera). Baina, 1937 urtearen hasieran, Alejandro Uzkudunek jakinarazten du Udalak ordezko bat bilatzen duenean udal administrari eta telefono zaindari karguak utziko dituela. 15 egun beranduago, Concepción Esnaolak hutsune hori betetzea erabakitzen du eta eskaera bidaltzen dio udalari. Baina izendapena mahai gainean lagatzea erabakitzen da, emakumea izanda karguak eskatzen dituen lanak betetzeko gai izango den zalantzak bait ditu Udalbatzak (“acordó dejar sobre la mesa para su estudio por encontrar alguna dificultad en que no sea hombre quien haya de desempeñar dicho cargo”). Baina hilabeteak aurrera joan ahala inork gehiagok ez du beste eskaintzarik egiten kargua betetzeko eta honengatik, apirilean, Concepción udal arielen administrari izendatzea erabakitzen dute.

Ziur gaude Asteasun hau izan dela hain kargu garrantzitsua bete duen lehenengo emakumea. Kontutan hartzeko da administrari honen lana zela herrian sartzen zen merkantzia (ardoa, barazkiak, oihalak,…) guztia kontrolpean izan, pisatu eta zegokion ariela eskatzea. Argi dago ere emakume hau oso adoretsua izan zela gizonezko mundu itxi batean zulotxo bat irekitzea lortu bait zuen. Gehiago ez dakigu emakume honen bizitzari buruz, bakarrik, bere lanaren berri txukun eta zuzen ematen zuela udalbatzaren aurrean hilabetero hilabetero.

Amagoia Piá