Artxiboak

Elektrizitatearen iritsiera

Urtarrileko
idatzian desagertua dagoen ogibide bat izan genuen hizpide. Farolari
eta gauzainek, gurera elektrizitatea iritsi baino lehen, kale
argiztapena bermatzeko betebeharra izan zutela ezagutu genuen.
Argindarraren iritsierak, ordea, lanbide hauek desagerrarazi zituen
pixkanaka. Aurreko idatziaren ildoari jarraituta, Zumaiara
elektrizitatea noiz iritsi zen jakitea izan da oraingo helburua.

Zumaiako
artxibategian gorderik dauden dokumentuetan, kale argiteria ezartzeko
lehen interesa 1892koa dela irakur daiteke. Urte horretako abenduan,
Zumaian kaleetan argiteria elektrikoa jartzearen onurak aztertzea
egokitu zitzaion Lan Batzordeari. Honek Jorge Anlemeyer elektrizitate
ingeniariari eskatu zizkion herrian kale argiteria elektrikoa jartzeko
ikerketa eta aurrekontua. Bitartean, kale argiztapena hobetu nahian,
Udalak petrolioz funtzionatzen zuten argiontziak jartzen jarraitu zuen
herrigunean eta portuan.

Ia
bi urte geroago, Anlemeyer ingeniariak bere ikerketarekin jarraitzen
zuen. Zumaia elektrifikatzeak kostu bat zekarren herriarentzat, ez zen
nolanahikoa izango, gainera. Hori pentsarazten du Anlemeyerrek herriko
kapitalistek elektrifikazioan interesa duten galdetzen duen eskutitzak.
Aurrekontuarekin izan zitezkeen arazoak medio, ikerketak aurrera
jarraitu zuen eta 1894an Zumaia eta Zarautz elektrizitatez hornitzeko ur
saltoen bila aritu ziren.

Hasieran
Oikian Urola ibaiaren erriberan kokatzen zen Mantzisidor errotako ur
saltoa egokia izan zitekeela pentsatu zen. Hala ere, azterketak erakutsi
zuenez, neguan bi herriak argiztatzeko nahikoa indar izan arren, udan
ez zuen nahikoa. Bi herrien elektrifikazioa ezin zen, beraz, ur salto
bakar horren indarretik lortu. Honen aurrean, ingeniariek Narrondoko ur
saltoaren indarrean jarri zuten arreta. Urolan eta Narrondon kokatutako
bi ur salto horiek bertako errota zaharrei lotuak zeuden.
Elektrizitatearen iritsierarekin errota zaharren azpiegiturak baliatu
ziren zentral elektriko bihurtzeko. Euskal Herriko ibai eta errekatan
egun erabilerarik ez duten zentral elektriko ugari topa daitezke.

Narrondoko
eta Mantzisidorko ur saltoen indarra batuz Zarautz eta Zumaia
elektrizitatez hornitzeko nahikoa zela ondorioztatu zuen azterketa
egiten ari zen ingeniari taldea. Hori horrela, Udalak Narrondoko errota
eta haren ur saltoa erosteko kudeaketa abian jarri zuen 1894ko
maiatzean. Ia aldi berean, herria argiteria elektrikoz hornitzeko lanak
enkantera atera zituen. 1895eko azaroan, ordea, Udalaren eta Narrondoko
errotaren jabearen artean desadostasunak sortu ziren. Dirudienez, errota
eta ur saltoa ez zitzaizkion Udalari saldu, errentan eman baizik.
Errotaren jabeak, ordea, atzera egin eta kontratua bertan behera uzteko
nahia erakutsi zuen. Zenbait balorazioren ondoren, Zumaia
elektrifikatzeko ur salto horren beharrik ez zegoela ikusi zuten eta
Narrondoko errota eta haren ur saltoa alboratu egin zituzten. Hortik
aurrera, egitasmoak Urola ibaian kokatzen zen Mantzisidor errotarekin
eta bertako ur saltoarekin bakarrik jarraitu zuen aurrera. Ur salto
horren indarraz Zumaia bakarrik baliatu zela ondoriozta daiteke eta ez,
hasieran pentsatu bezala, Zumaia eta Zarautz.

1896
bitartean Zumaia argindarrez hornitzeko lanak egin zituzten.
Mantzisidorko errota zentral elektriko bihurtu, elektrizitatea
Zumaiaraino garraiatzeko kable eta posteak jarri, argiteria berrirako
beharrezkoak ziren bujia eta bonbilak jarri eta abar. Urte horretan
iritsi zen argindarra Zumaiara eta gauetan kaleak argiteria
elektrikoaren argitasunez bete ziren. Ondoren iritsiko ziren bertako
lantegien elektrifikazioa lehenik, eta etxeena ondoren. Baina guretzat
etxeetan hain arrunta eta beharrezkoa zaigun elektrizitatea lortzeko
zenbait urte pasa behar izan ziren.

Oihana Artetxe

Argazkiaren egilea: Imanol Azkue