Artxiboak Bloga

Ekainak 9, artxiboen nazioarteko eguna (eta astea)

Artxiboak ospatzen ditugu, artxibozainak ospatzea, baina, beste upel bateko sagardoa da.

Izan ere, eskuz eta tintaz idazten zen garaikoa omen ofizioa. Akaso ere mekanografiatzen zen garaietara arte, edo.

Nonbait, agiriak multinazionalen zerbitzarietan gordetzen direnez geroztik, artxiboa ez da artxibozainen lana. Prozesu administratiboak ezagutzea, erakundearen historia nahiz osatzearen ezagutza, indexazioak eta tesauroak, balorazioak, edukien gaineko kontrola eta loturak, bermea… aldatu ez badira ere eta indarrean bete-betean segitzen badute ere, artxibo eta artxibozainak gero eta berezituagoak daude gure erakundeetan.

Kontabilitate programak eta kontabilitatearen beraren ardura espezialistetatik bereiztea ez zitzaion inori bururatuko, nahiz eta eginbide horiek ordenagailu baten aurrean eman. Dokumentalisten lanak, ordea, bai. Dokumentalisten lanak, teknika eta praktika profesional zehatz bati lotu beharrean, lanabesari (ordenagailuari) lotzen zaizkio.

Ondorioa begi bistakoa da: gure udaletxeetan artxibo fisiko zenik ere ez zekiten operarioen esku geratzen dira. Horrela, esaterako, eraikin baten altxatzeko espedientea artxiboan dago, baina, demagun, eraikin horren fatxada konpontzea… ez. Hori “digitalizazioa” da. Holaxe. To! Ño!

Gure ogibidearekiko ezagutza falta horrek administrazioari buruzko ezagutza falta baino ez du ikusarazten. Bai eta “artxiboa berdin kultura” ekuazio faltsuaren emaitza eman ere.

Guk orain urrats bat, aurrera, ematen dugu. Gardentasuna, komunitatea, elkarlana… modaz modazko hitzak dira. Guk ere erabiltzen ditugu. Eta, tartean, praktikara eraman ere bai. Orain bezala.

Artxibo nahiz administrazio elektronikoa deitzen den horretarako artxiberoek darabilkigun labelizazio estandarizatua guztiz da beharrezkoa. Alegia, sailkapen kuadroa. Ohikoa da, baina, Madrilgoa, Kataluniakoa, auskalo nongo sailkapen kuadroa erabiltzea. Askotan, zaharkituta formetan edo, geografikoan ez ezik, izatez ere oso urrutikoa suertatzen da.

Hori dela eta, urteen poderioz zerbitzu publikoa hobetze aldera sortu dugun kuadroa partekatu nahi dugu. Ereiten-en kuadroa da, baina ez da. Ereitenek proposatzen duen kuadroa da: erabili, osatu, zuzendu, zuen aplikazioetara igo, komentarioak bidali… dakiguna eta ez dakiguna erakusten du. Baina, batez ere, gure eremu profesionalean gure ofizioa buru dela adierazten du.

Beraz, harro bagaude ere, proposamen apala da gurea, gaur, artxiboen nazioarteko egun honetan, aurreratzen duguna eta datorren astean zehar gauzatuko duguna.

Jakina, gure eremu profesionaleko autoritateari (Jaurlaritza, Aldundi, Idazkariei) dokumentalisten eta artxibozainen lana babesteko aldarria ere bada honako hau.

Artxiboen nazioarteko egun ona izan.

*Irudiaren iturria Wikimedia da