Artxiboak

Basoaren arriskuak: otsoen aurkako ekimenak

“Handia” filma bolo-bolo dabil azkeneko asteotan. Filmak lortutako arrakastak euskarazko euskal zinemari ekarpen itzela egin dio. Hamaika esparrutan lortu zituen Goya sariak, ondo mereziak. Pelikularen girotzea sekulakoa da, baserriko bizitza miserablea (gaur egun batek baino gehiagok irudikatzen duen bukolikotasunetik aldenduta), ohiturak, gerraren gogorra… Ildo honetatik, filma hasieran azaltzen den eszena bati erreparatu genion: Martin anaiak otsokumea hartzen duen horri, hain zuzen ere. Atentzio handia eman zigun, izan ere, garaiko giroaren adierazle bikaina iruditu zitzaigun. Bati baino gehiagori arrotza irudituko zaio, baina duela ez asko, gure basoak halako animalien bizileku ziren.

Hilabete hauetan plazaratu ditugun artikuluen artean, basoarekin zerikusia zuten hainbat aditzera eman ditugu; besteak beste, gizakiaren jardunaren ondorioz sortutako suteek eragiten zituzten kalteak hizpide izan dira. Ez ziren, ordea, arrisku bakarrak. Pentsa daitekeenez, baso eta oihanak hamaika motako piztien bizitoki ziren, eta gizakiaren presioa geroz eta gertuago pairatzen zuten heinean, abere eta aziendei kalte nabarmenak eragin zizkieten. Horregatik, “Handia”-ren otsokumea aintzat hartuz, Oiartzungo kasua ere jorratzen duten azken ikerkuntzetan oinarrituz (1) eta akten hustuketa ardatz izanik, Bailaran, XVII. mende eta XVIII. mende hasieran bizi zen egoerari buruz galdetu diogu geure buruari.

Otsoak XV. mende amaieran

Datuak eskutan, basapiztien artean otsoek izan zuten protagonismorik nabarmenena. Azeri, azkonar, basakatu, erbiñude, hartz, katamotz, lepahori edo bestelako basa-haragijaleen inguruko berririk apenas dugun. Egia da, ordea, berri horiek denbora tarte jakin batera mugatzen direla. Etorkizunean burutuko diren akten hustuketa lanek ikuspegi zabalago bat izaten lagunduko digute, baina orain dugun informazioarekin, otsoen arriskua XVIII. mende hasieran, 1700tik aurrera, bereziki larria izan zela ematen du. Hori azalduko lukeen faktoreetako bat gerra egoera litzateke, Ondorengotza Gerrarekin, hain zuzen ere. Halako garaiek, basoetan ematen zen giza-jarduna apalduko dute eta beraz, bizitza basatiak aurretik galdutako lekua berreskuratuko zukeen. Hainbat egilek prozesu hori bera XIX. mendean eman zela aipatzen dute, baita Oiartzunen bertan ere. Dena den, ohartu beharra dago penintsulan izan ziren arazoak otsoen inguruan ditugun berriak baino beranduago hasi zirela eta beraz, otsoen gaineko kezkek beste faktore batzutan izango zuten oinarria.

Arrazoia edozein delarik ere, bizitza basatiak gure gizartean beti izan zuen lekua duela gutxi arte; gizakia, zibilizazioa eta hiri mundua landa, mendi eta basoen ondoan zeuden. Harreman horretan talkak sortzen ziren. Hasiera batean, gizakiak begiz jo zuen animalia hartza izan zen; handiena eta indartsuena izaki, kalterik ikusgarrienak berak sortzen zituen. Haren aurkako ekimenak XVIII. mendean apaltzen joan ziren, kopurua gutxitu ahala, eta azkena XIX. mende erdialdean ehizatu zen. Hartzaren ondoren, otsoa izan zen gizakiaren jo-puntu nagusia. Oraindik XX. mende hasierako hamarkadetan gure mendietako animalia genuen, ordurako Aizkorri, Aralar eta Iparralde eta Hegoaldeko mugan zebilelarik (2).

Udal-aktez gaindi, Oiartzungo bestelako dokumentazioak ere hainbat datu eskaintzen dizkigu. XV. mende amaierako Errenteria eta Bailararen arteko mugarritzean, adibidez, Olaberriaga inguruetatik gertu zeuden mugarrien artean, bat otso-zulo baten ondoan zegoen: “’d’este dicho mojón a otro mojón qu’está entre dos caminos, junto a vna cueba de lobos…”. Askoz adierazgarriagoak dira, ordea, 1501eko ordenantzek dakarzkiguten berriak. Bertako 55. tituluak otso eta azeriei leku egiten die, haiek ehizatzeagatik sariak adostuz: otso heldu bakoitzeko, dukat erdia; harrapatzen zen otsokume bakoitzeko, dukat erdia; azeriko, aldiz, 3 txanfoi t’erdi. Ez hori bakarrik. Adierazgarriena ondoren ezarritako neurria da, animalia horiek oso ugariak zirela islatzen baitu. Ordenantzek urtean hiru egunez ehizaldi bana egingo zirela xedatu zuten, goizetik gauera arte iraungo zutenak. Ez zen nolanahiko ekimena, gainera. Ordenantzaren arabera, jarduna 80-100 lagun inguruk burutuko zuen, lau taldetan banatuak. Ordurako otsoak eta azeriak oiartzuarren helburua baziren ere, bazegoen bestelako piztien arriskurik, hartzak kasu. Egia da, hauen erasoaldiak urriagoak zirela, baina LXVI. ordenantzak horien inguruan aipamena egitea (otso, hartz eta “antzeko animaliek” egindako erasoak), noizean behin begiztatzen zirenaren isla dakar.

Gorenaldia XVIII. mende hasieran

Aipatutako datuez gain, udal aktetan azaltzen zaizkigun lehenengo berriak Lesakako udalbatzak Oiartzungoari bidalitako gutunei esker dakizkigu. 1696ko urtarrilaren 14an (A-1-9-1, 42 au.) herri nafarrak, egindako ehizatzearen berri eman zion Bailarari.

Handik ia urtebetera, 1696ko abendu eta 1697ko urtarrila bitartean, bi herriek hainbat gutun bidali zioten elkarri (A-1-9-2, 11 au.-11at.). Agidanez, Lesakak laguntza eske idatzi zion Oiartzuni, Anizlarrea inguruetan otsoek sortutako arazoak zirela eta. Zehazki, animalia horien aurkako uxaldian laguntza eman ziezaioetla eskatzen zuen. Oiartzunek proposamena ez zuen gaizki ikusi, eta gaia jorratzeko alkateak eta hainbat auzo bidaliko zituela adierazi zion.

Egoera bertsua azaltzen zaigu urte gutxiren buruan. Esan bezala, 1700 urtetik aurrera izan zen otsoen jardunaren gorenaldia. Udalbatzak orduko urtarrilean idatzitako hitzak, behintzat, ezin argiagoak dira:

“hauiendo reconocido los muchos y continuos daños que haçen los lobos en juridiçión de este dicho Valle y su contorno a los ganado de sus vecinos que ha llegado el aumento y rabia de aquel género de animales que aun de día ban acossando a los reuaños a vista de los pastores y raro es la cría de la yegua que dejan de comer” (A-1-10-2, 22 au.)

Horretarako ordura arte erabilitako prozedurak erabili ziren, otsoak hiltzeagatik sariak ematea, horretarako, abeltzainei eta eliz-kabildoari diru-laguntza eskatuz. Ez ziren, ordea, neurri bakarrak izan; bestelakoak abian jartzeko asmoak ere agertu ziren. Eta hauetan, egoera oso samurra ez zenaren zantzuak ageri dira.

Ordurako, urte batzuk lehenago Lesaka eta Oiartzunen artean ikusten genuen laguntza hura, hedatzeko bidean zen. 1700ko urtarrilean, Bailarak ehiza lanetan aritzeko laguntza eskatzea adostu zuen, oraingoan deialdia hainbat herritara zabalduz: Lesakaz gain, Arantza, Igantzi, Astigarraga, Irun, Errenteria eta Goizuetari asmoen berri eman zitzaien. Guztiei gutunak zuzendu zitzaizkien eta ordainetan, jakinaren berri emateagatik, horiek esker-ona azaldu zioten Bailarari, ahal zuten horretan lagunduko zutela adieraziz. Salbuespena Errenteria izan zen: otsailaren 3an bidalitako gutunean parte hartzeari uko egin zion, pairatzen zuen diru eskasia zela eta.

Goizuetak, aldiz, erantzun interesgarria eman zion. Otsoak eta bestelako piztiak ehizatu zituztenei saria emateko asmoari baiezkoa emateaz gain, eta halako lanak hobeto antolatze aldera, Lesaka, Arantza eta Aranorekin elkarte edo batasun bat sortzeko proposamena luzatu zuen:

“y porque padecen el mismo daño que V. M. y yo las villas de Lessaca, Aranaz [hau da, Arantza] y Arano, sería bien participarles esta noticia para que entre todo estos pueblos circunvecinos se otorgue vna escritura de Unión para este efecto”.

Asmoek aurrera egin zuten, eta ekimena abian jartzeko Artikutzan hainbat bilera egin ziren. Horietan adierazgarriena otsailaren 15ean ospatutakoa dugu (A-1-10-2, 36 au.), otsoak ehizatzen zituztenei eman beharreko sariaren inguruan aritzeko burututakoa. Astebete lehenago, Oiartzunek eta Lesakak batzarra ospatu zuten leku berean, baina bigarren honetan partaidetza nabarmen hazi zen: bi herri horiez gain, Arantza, Igantzi, Astigarraga, Goizueta, Arano eta Orreagako Kolegio-etxeetako ordezkariak joan ziren. Iruni ere proposamena luzati zitzaion baina ez zuen ageriko asmorik agertu, bertako abeltzainek otsoek eragindako kalterik aspaldidanik pairatu ez zutelako (A-1-10-2, 50 au.). Helburua, otsoak ehizatzeko Elkarte bat sortzea zen.

Irunek esandakoek, dena den, salbuespena ematen dute. Bestelako datuekin alderatzen baditugu, Gipuzkoan bizi zen egoera guztia lasaia ez zela ikusiko dugu. Nafarrak ez ziren izan kezka nabarmenak plazaratu zituzten herri bakarrak; gipuzkoarrek ere, beste horrenbeste egin zuten. Otsoak ia nonahi ikus zitezkeen. 1701eko apirilaren 8an, larunbat goizean, adibidez, Lezoko auzo batzuek Jaizkibelen animalia bat ehizatu zutenaren berria ere badugu (A-1-11-1, 90 au.-at.):

“…que algunos vezinos de Lezo, ayer, día sáuado, a cossa de las nuebe horas e la manana, han muerto vn lobo en el partido que llaman Gaizquibel…”

Halaber, badakigu Gipuzkoako herrien artean ere, otsoak ehizatzeko elkarteak sortzeko asmoak zeudela. Astigarragak martxoaren 5ean Oiartzuni zuzendutako gutunean, Altza, Amasa, Andoain, Errenteria, Hernani eta Irunen artean halako ekimena bultzatzeko asmoak agerian uzten zituen (A-1-10-2, 60 au.).

Oiartzun eta Nafarroako herrien arteko Elkartea (1700)

Herri gipuzkoar horien asmoak zertan gelditu zen ez dakigu, baina Oiartzun eta herri nafarren artekoak, esan bezala, aurrera jarraitu zuen. Elkartea, 1700 urteko martxoaren 9an Artikutzan ospatu zen batzarrean sortu zen (A-1-10-2, 62 au.-64 au.). Oiartzunez gain, batasun horretan Lesaka, Goizueta, Arantza, Arano, Zubieta herriak eta Anizlarrea barrutiko abeltzainak zeuden. Helburu nagusia otso eta bestelako piztiak ehizatu eta harrapatzeko kontuak arautzea zen, egoera ez baitzen bat ere samurra: “hauer esperimentado los considerables daños que hazen los louos y otras fieras en los ganados de las juriziciones de las dichas repúblicas y partes circunvecinas (…) para matar y espeler las fieras y en particular para que los cazadores se esfuercen a hacer salidas…”.

Zazpi kapituluz osatutako hitzarmenak, ehiza-sarien inguruko kontuak biltzen zituen bereziki. Elkartea zortzi urteko epeaz egongo zen indarrean, 1708 urte amaiera arte (7. kapitulua) eta sei herriz eta eskualdeko abeltzainez osatua bazegoen ere, aurreikusitako epean kide gehiago sartzeko aukera adostu zen (6. kapitulua).

Ia kapituluen erdia, hiru, sarien ingurukoak ziren. Hauen arabera, otso edo hartzen bat ehizatu edo hiltzen zuenari 28 pisu nafar emango zitzaizkion (1. kapitulua); ehizatu edo harrapatzen zen otsoko edo hartz-kume bakoitzeko, berriz, 3’5 pisu jasoko zituen. Azken kapitulu horrek hainbat zehaztapen zituen: hiru kume baino gehiago harrapatuko zituenari bikoitza emango zitzaion, 7 pisu alegia. Kopuru hau finkoa zen; hau da, ez zen gehiago ordainduko lautik gora kume atxikitzen bazituen (2. kapitulua).

Hitzarmenaren hirugarren kapituluak, aldiz, tigreak ehizatu edo akabatzen zuenaren saria xedatzen zuen. Lan hori egiteagatik, 7 pisu jasoko zituen. Azken eskupeko horren eta otso edo hartzak harrapatzeagatik ematen zirenen arteko desberdintasun nabarmena, animaliek eragindako kalteekin zerikusia izan zuelakoan gaude; ustezko “tigre” horien erasoen ondorioak, beste bi animaliekin alderatuta, askoz txikiagoak zirela islatuko luke. Eragina horren larria ez izateko arrazoiak hainbat izan zitezkeen. Batetik, “tigreak” urriagoak zirelako; bestetik, eta gure ustetan aintzat hartu behar dena, animalia horiek besteak baino tamaina txikiagoa zutelako. Izan ere, “tigre” izenaren atzetik ez dugu Asia aldeko felido handi eta marraduna ikusi behar; aitzitik, kontzeptuaren atzetik basakatu edo katamotzei erreferentzia egiten zitzaien.

Dirua jasotzearen kontua oso arautua gelditu zen hitzarmenaren 4 eta 5. kapituluetan. Ehiztariak, egindako harrapatzearen berri eman behar zuen eta horretarako, burututako ehiza edo atxikitzea 24 orduko epean jakinarazteko betebeharra zuen, bere jarduna gauzatu zuen jurisdikzioko alkatearen aurrean. Udal-epaileak lekukotza edo frogaketa egingo zuen ehiztariak jakinarazpena egin eta zortzi eguneko epean, azken horrek azaldutakoa egia zen ala ez jakiteko asmoz. Bestalde, ehiztariei beste betebehar bat jarri zitzaien: eskupekoa jasotzen zuen azken udalerrian ehiztariak larrua eta kumeak utzi beharko zituen.

Hainbat herri biltzen zituen elkarteez haratago, herri bakoitzak berezko neurriak hartu zituen. Oiartzun eta herri nafarrek sinatutako agiri horretako zazpigarren kapituluak, adibidez, otso ehizarako ehizaldiak errepublika bakoitzaren esku uzten zuen. Horrez gain, bestelako ekimenak izan ziren eta herri batek ingurukoei horien jakinaren berri ematen zien, bereziki jarduna mugakide ziren eremuetan eman behar bazen. Lesakak, adibidez, 1704ko apirilean bere eta Oiartzunekin muga egiten zuten lurretan lau ehiztari eta bi artzakur jarriko zituela jakinarazi zion Bailarari, otsoek eragindako kalteak saiheste aldera (A-1-12-1, 156 au.).

Ehiztarientzako lan-sariak

Bailarako abeltzainek edota aziendak zituen orok ehiza-sariaren ordainketan parte hartu behar zuen, udalbatzak adosten zuen diru-kopurua emanez. Sistema hori aitzindari moduan jarri dezakegu, mende luze beranduago iraun ez ezik, zabaldu egin baitzen. Horren arabera, ehiza-saria ordainduko zutenak abeltzainak izango ziren (3). 1704ko martxoan, adibiez, (A-1-12-1, 78 au.-at.), pertsona bakoitzak jarri beharreko dirua ezkutu laurden bat izan zen, aurreko bi hilabeteetan harrapatutako lau otsoengatik ehiztariei zor zitzaiena ordaintzeko 1705ean, berriz, abeltzain bakoitzari erreal-zilar bat ordaintzea egokitu zitzaion (A-1-12-2, 156 au.).

Hori bideratzeko, Oiartzunek biltzaileak izendatu zituen. 1704ko martxoan hamazazpi izan ziren hautatutakoak, Arkotz, Ergoien, Bidasorogarrika, Torresaran, Elbarren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden jarduteko. Adostutakoaren arabera, hamabortz eguneko epean, bildutako dirua udaletxean entregatu beharko zuten. Baina sariak kobratzearen antolaketa ez zen horietara mugatzen. Urte hartako apirilean Bailarak 1700eko elkarteari lotutako bi diru-biltzaile izendatu zituen (ald. A-1-12-1, 133 at.-134 at.), hautatuak Sebastian eta Erramus Lekuna izan zirelarik. Hauen lana, ehiza-saria bilketaren ikuskatzean zetzan eta horrez gain, auzuneetako arduradunak, dirua bi biltzaile horiei entregatu behar zieten. Ondoren, Lekunatarrek bilketaren nondiknorakoa azaldu behar zuten, zordunak dirua ordaintzera behartuz (A-1-12-1, 143 au.-144 at., 208 au.-209 at.).

Agidanez, sari-bilketa egitea ez zen beti gauza erraza izan, eta kontrol zorrotza mantendu nahi izan zen. Bikarioari 1700. urteko apirilean idatzi bat zuzendu zitzaion, abeltzainek, otsoen ehiza-sariagatik zegokien ekarpena egin zezatela jakinarazi zezan (A-1-10-2, 89 au.-89 at.). Antzeko kontuak ageri zaizkigu 1705 urtean ere eta akta-liburuetan 1704-1706 arteko zerrenda edo erroldak biltzen dira, otso ehiztariei eskupekoa ordaindu zuten eta ez zutenen abeltzain edo jendeari buruzkoak (A-1-13-1, 184 au.-190 at.; A-1-12-2, 371 au.-374 au.).

Iago Irixoa

(1) Hauen artean, zalantzarik gabe, azpimarragarrienak Alvaro Aragonek burutu dituenak ditugu. Ikus bere La ganadería guipuzcoana durante el Antiguo Régimen. Bilbo: EHU, 2009, 259-267 orr. eta Abeltzaintza Oiartzunen XX. mendearen hasiera arte. Oiartzun: Oiartzungo Udala, 2013, 100-104 orr. Bitxia bada ere, egileak ez zituen aurkeztuko ditugun hainbat datu aipatu.

(2) Ald. MÚGICA, S.: “La caza del lobo en nuestras montañas”. In: Euskal-Erria, XXXII (1895) bereziki 233-243 orr., bereziki azken hori.

(3) ARAG�”N RUANO, A.: La ganadería…, aip. lan., 263-264 orr.; ARAG�”N RUANO, A.: Abeltzaintza Oiartzunen…, aip. lan., 101-102 orr.