Artxiboak

Asteasuko ogibide zaharrak

Lehenagoko berri batean Asteasuko kaleak duela 150 urte aztertu genituen. Artxiboan bertan honen inguruan topatu genuen dokumentazio berezi baten arira. Gaurkoan berriz, dokumentazioa ez da oso bitxia, oraindik gaur egun sortzen den biztanleen errolda hartu bait dugu oinarri gisa. Askotan ikusi ditugu herritarren datuak jasotzen dituzten zerrenda luze horiek. Eta batek baino gehiagok gogoratzen dugu etxera etortzen zirenean orri berde handi batzuetan bertan bizi zirenen datuak betetzera. Baina errolda hau ez da berria, 1872 urtean egindakoa baizik.

Errolda hau (signatura: AUA, 23-05) aztertuta datu eta ondorio asko atera ditzakegu Asteasuko herritarren, bizimoduaren, populazioaren, ogibideen,… inguruan. Gehiegi ez luzatzearren oraingoan azken honi buruz hitz egingo dugu. Ogibideak. Argi dago, horretarako erroldak begiratu beharrik ez dago, duela 146 urte Asteasuk nekazaritza zuela ekonomiaren ardatz nagusi modura. Ehuneko gehiengo handienak nekazal eta abeltzain lanak egiten zituen.

Garbi dago ere ogibide hauetan egin behar den lehenengo bereizketa, noski, gizon eta emakumezkoen artekoa dela. Badaude ogibide batzuek emakumezkoek bakarrik egiten dituztenak (hilandera, costurera, cocinera, tendera,…). Beste batzuek berriz, gizonezkoenak esklusiboak dirudite (herrero, cantero, carpintero, alpargatero, serrador,…).

Azkenik, zalantzarik ez dugu ezta ere lehengaia lantzeko (artisautza deritzoguna) ogibideak (panadero, confitero, alpargatero, albaƱil, trencero, ojalatero…) eta beste motako zerbitzuak eskaintzen zituztenak (maestro, maestra, cartero, organista, tamborilero, posadero…) gutxienekoak zirela.

Baina gure ikerketan pausu bat haratago sakondu nahi dugu gure ausnarketa. Honela, familiak ogibidean bertan duen eragina eta indarra ikusi dugu. Bai artisautzan edo zerbitzuetan aritzen direnen artean eta baita nekazal lanetan aritzen direnen artean ere. Gurasoek egiten duten lan berdina egiten jarraituko dute seme-alabek ein handi batean (salbuespenak dauden arren gutxienekoak dirudite).

Beste bereizitasun bat ere topatu dugu. Badaude ogibide batzuek, sendi kontzeptu horretan oinarritzeagatik edo, naiz emakume edo gizon izan berdin betetzen direla. Beti familiaren barruan: nekazaria (senarra nekazari bada, baita emaztea eta seme-alaba guztiak ere hala azaltzen dira erroldan), jabea (errentetatik bizi diren gizon eta beren emazteek kontzeptu bera dute ere), errota zaindaria, posadero (hauek ere familia osoaren ardurapean hartzen dira),…

Ez da berdina gertatzen gainontzeko ogibideekin. Hau da, aurreko paragrafoan zehaztu ez ditugun ogibideen inguruan emakume (bai ama eta alabak) eta gizonezkoen (bai aita eta semeak) arteko proportzioa oso desberdina da. Gizonezkoak orduan gizonentzako bakarrik onartutako ogibidea badu (herrero, carpintero, confitero, alpargatero, panadero, tamborilero, carretero,…), bere emazte eta alabak jostunak (costurera e hilandera) izango dira eta semeak aitaren lana izango du.

Ikusten da beraz, Asteasuko lanen banaketak ez duela garai hartako ereduarekin desberdintasun berezirik. Baina benetan esanguratsua iruditzen zaigu erroldak ikerketa hau egiteko aukera eman izana. Beste artxibo batzuetan ikusi ditugn urte horietako erroldek, gizonezkoen ogibideak jasotzeko ohitura bakarrik bait zuten eta emakumezkoen zereginak “quehaceres de su sexo” bait ziren, hauen nondik norakoak zehaztu gabe. 1872 urtean Asteasuko errolda bete zuenak ziur etzekien zenbateraino zen baliogarria berak egindako lana eta horregatik gaur artxibotik hau kaleratzea erabaki dugu.

Amagoia Pia