Bloga

Arrainentzako Saskien Enkantea

Lehenengo
Karlistaldiak Getariako egunerokotasuna eten zuen. Herriko ohiko
dinamika geldiarazi zuen, dinamika berri batzuei bidea zabalduz. Gerrak
aldaketak ekarri zituen; batzuetan aurreko bizimoduarekin eta ohiturekin
erlazionatuak zeudenak. Gerra osteko urteetan egindako zenbait
aldaketek, ordea, ez zuten harrera ona izan biztanleen artean. Aldaketa
txiki batek izan dezakeen eragin handiaren adibide bat izango dugu
gaurkoan hizpide.

Getarian
portuak eta arrantzak garrantzia handia izan dute. Itsasontziek
arrantzatutako arraina portuan deskargatzen zuten, salmentarako
saskietan antolatuz. Getarian, Gipuzkoako gainontzeko portuetan bezala,
ohikoa zen Udalak saski hauen ekoizpena urtero enkantean ateratzea. Hau
horrela, eskaintza honena egiten zuen saskigilearen ardura zen portuko
saski eskariari erantzuna ematea.

Itsasontziek
ekartzen zuten arraina merkaturatzeko eta garraiatzeko ezinbestekoak
ziren saskiak. Berebiziko garrantzia zuen itsasontzia lehorreratzen
zenean portuan behar adina saski prest egotea. 1848ko Azaroaren 10eko
Udalbatzarreko aktak jakinarazten duenez ordea, saski enkantearen
ohitura gerraren ondorengo urteetan eten zela dirudi. 1846, 1847 eta
1848 urteetan Udalak ez zuen zerbitzu hau enkantean atera, salmenta
librea sustatzen zuten lege berrien eraginez.

Saskigileen
arteko konpetentzia medio, hasiera batean, salmenta libreak saski
ekoizpenean onurak ekar zitzazkeela pentsatu zen: saskien kalitatea
hobetzea, prezioen merketzea, beharrezko saski produkzioa bermatzea…
Gauzak, baina, ez ziren horrela izan. Salmenta libreak ekarri behar
zituen onurak ez ziren Getariako saski produkziora iritsi. Etziren pozik
ez arrantzale eta ez mandazain. Salmenta libreak ez zituen prezioak
merketu, ez zuen saskien kalitatea hobetu eta, okerrena zena, ez zuen
portuko saski eskaera asetzea bermatzen.

Portuan
eta arrantzan oinarritutako ekonomia zuen herri batentzat egoera hori
jasangaitza zen. Horretaz jakitun, Getariako Alkateak ohiko saski
enkantera bueltatzeko baimen eskaera luzatu zion Gipuzkoako Agintari
Nagusiari. Erantzuna baikorra izan zen, beti ere, Getariako
Udalbatzarrak erabakiari babes osoa ematen bazion. Inolako zalantzarik
gabe eman zioten baietzkoa Getariarrek eta 1849an portuko beharrak
asetuko zituen saski produkzioa enkantera ateratzen hasi ziren berriro.
Ohitura zaharrera bueltatu ziren eta horrela jarraitu zuten 1856 urtera
arte.

Oihana Artetxe

Irudia: Imanol Urkizu (Artzape aldizkarian argitaratua)