Artxiboak

Antzekotasunak

Segurako Udal Artxiboan argazki bilduma bateratu bat sortzen ari gara. Duela urte batzuk herritarrei etxean gordeta zituzten irudiak udaletxera ekartzeko gonbita egin zitzaien; gero, banan bana digitalizatu, eta kopia erakundean gorde asmoz.

Artxibozaintzak arkeologiarekin duen antzekotasunak nabariak dira: objektuak bere sorrera –edo sedimentazio- testuingurua beharrezkoa da interpretazio ziurrak egiteko. Testuinguru hori, gure kasuan, egitura organiko edo funtzionalen baitan sailkatzea dakar; eta erakundeetan errazagoa da mantentzea, funts pertsonal edo familiarretan baino. Dena dela, argazki bakan hauek Segurako herriaren inguruko informazio oso aberatsa helarazten digute.

Segurako eliza atarian Fernando Baviera Borbon ageri zaigu. Ondoan, Maria Teresa Borboikoarekin – Alfonso XIII erregearen arrebarekin- izandako hiru seme-alabak: Eugenio, Jose eta Mercedes. Azken honek tosferina izeneko eritasuna zeukan. Bordetella pertussis bakterioak eragindako gaixotasun hori oso kutsagarria zen. Pertsona batetik bestera listu tanta txikien bidez pasatzen da: eta leku itxi bat konpartitzerakoan kutsatze probabilitateak nabarmen egiten du gora. Arnas aparatuaren goialdean du eragin nabarmenena, eta XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran umeen heriotza kausa garrantzitsu bat izan zen. Ume bat gaixo zegoela atzematean, berau bakandu egin behar izaten zen. Kasu honetan, Mercedes, bere aitaren bigarren emaztearen – Luisa Silva – ahizparen – Pepita Silva- eta honen gizonaren – Jose Maria Lardizabal – etxera eraman zuten, bertan osa zedin. Lardizabal jauregian, egungo Segurako udaletxean, sendatzen ari zela lehenengo jaunartzea egin zuen, bertako elizan 1920ko irailaren 24an.

Ez dakigu argazkian ageri diren beste pertsonak nortzuk diren; orain eta beti, errazagoa baita goi mailako nobleen berri izan, eta berauen historia ikertu, herritar arruntenak baino.

Klara Gorosabel