Bloga

Amasa, independiente: 1615?-1620

Amaitzear
gauden 2015 honek urteurren berezia ekarri du Gipuzkoako Lurralde
Historikoan eta bertako hamaika lekutan; izan ere, Probintziaren
egituraketa politikoan hautsak harrotu zituen ekintza bat duela lau
mende eman zen. Honela, eta aitzindariak 1607an koka baditzakegu ere,
1615 urtea izan zen Gipuzkoako hainbat herrixkek administratiboki, eta
bereziki justizia mailan, burujabetasuna lortu edo berreskuratu
zutenekoa. Besteak beste Tolosa, Ordizia eta Segurako barruti
politiko-administratiboetan zeuden hainbat eta hainbat herrik, erregeari
aurreko mendeetako buruengandik banantzeko eskaera egin, eta
negoziazioen ostean hiribildu titulua lortu zuten. Honen ildotik,
hainbat ekitaldi ezagutu ditu doakigun urteak: Zegaman, Andoainen,
Legorretan, Urnietan, Beasainen edo Zizurkilen, esaterako. Amasa ere,
urte hartan hiribildu titulua eskuratu zutenen herrien artean zegoen,
eta hau dela eta, gertakaria gurera ekarri dugu, horren inguruan zerbait
gehiago jakin nahian.

Aipamen
zalantzagarriak edo abizen moduan ditugun datuak alde batera utziz,
Amasa herri moduan aurkezten diguten lehen datuak Tolosari batu
zitzaionekoak dira. XIV. mende edo gizaldiaren amaieran jazo zen hori,
1385an; ordutik Amasa Tolosaren jurisdikzioan sartu zen, bi mende
t’erdiz.

Edonola
ere, menpekotasuna ez zen erabatekoa izan. Hitzarmenaren arabera,
Amasak bere udal-karguak izendatzen jarraituko zuen eta, halaber,
berezkoak zituen udal edota herri-ondasunek ordura arte izandako egoera
mantenduko zuen. Auzotartze hitzarmenak zekarren ezaugarririk nagusiena
alkatearen ingurukoa zen; hau da, ordutik Tolosako alkatea izango zen
amasarren arteko liskarrak eta auziak epaituko zituena.

XIV.
mende amaieran eman ziren halako auzotartze gehienak. Testuinguru jakin
baten aurrean emandako erantzuna ziren, baina hala ere, behin baino
gehiagotan, unean uneko edo lekuan lekuko erabakiak adostu ziren; hau
da, sinatu ziren eskritura guztiek ez zituzten beti ezaugarri berdinak.
Halaber, denboraren poderioz lorpen batzuk eskuratu zituzten.
Tolosaldeko herrie dagokienez, XVI. mende erdialderako herri-alkatea
izendatzeko ahalmena lortu zuten, eskumen judizial hauek oso urriak
baziren ere.

Horrez
gain, Amasaren kasuak beste berezitasun edo bitxikeria batzuk ditu,
sakonkiago aztertu beharko liratekeenak. Izan ere, herri ondasun ugari
eta eliz patronatua Villabonarekin partekatzen zituen, zehazki noiztik
jakin ez badezakegu ere, momentuz bederen. Batzuen ustetan, eliza
Amasako lurretan egoteak herri hau Villabona hiribildu moduan sortu
baino lehenagokoa dela adieraziko luke; Gorosabelek, adibidez, Villabona
Amasaren menpeko zela adierazten du bere “Hiztegi” famatuan. Villabona
abizena 1346an egin zen Tolosako aitonseme diren auzoen erroldan topa
dezakegu: orduan, Santxo Villabonakoaren seme diren Pero Santxez eta
Martin Santxez azaltzen zaizkigu hiribilduko auzo moduan. Hori dela eta,
Jose Antonio Munita eta Jose Ángel Lemak, hiribilduaren sorrera XIII.
mende amaieran kokatzen dute. Bitxikeria moduan, erroldan Villabona
aipatzen da, baina ez, ordea, Amasa. Edonola ere, 1385etik aurrera biek
beraien Historiako beste garai bat hasi zuten: ordutik bi udal-barruti
ezberdinetan kokatuak geratuko ziren: Villabonak, bere hiribildu
tituluari esker berezko barrutia izango zuen; Amasa aldiz, Tolosakoan
sartu zen.

Hainbat
esparru partekatzen bazituzten ere, Amasak zein Villabonak, bakoitzak
bere udal-ondasunak zituen. Honen lekuko 1618ko agiri bat dugu (GAO-AGG,
PT 2509, 108 au.-109at.). Adibide berantiarra, ezbairik gabe, baina
XIV. mende amaierako hitzarmenak Amasarenak ziren ondasunak beren
horretan mantentzen zituenez, pentsa daiteke XVII. mende hasiera hartan
aipatzen direnak aspaldidanik jabetza egoera horretan egotea; hau da,
XIV. menderako Amasaren ondare zirela.

Independentzia
eskuratzeak, auziek eta beste hainbat beharrek zekarzkieten gastuak
direla eta, 1618 hartan Amasako udalbatzak baso ustiapenaren inguruan
irizpide berriak hartu zituen. Oihana zen aberastasun iturri
nagusienetako bat, nagusiena ez bazen: “la dicha su villa no tiene
otra renta de consideraçion sino es de los xarales para poder acudir al
remedio de la paga de las dichas deudas y corridos
”. Baina
txaradietan aziendak noiznahi, nonahi eta nolanahi sartzen ziren,
zuhaitzetako kimu eta aldaxkak janez. Honela, abelgorri zein bestelako
animalien bazkatzeak sortzen zituen arazoak ekiditeko, ikuskatze eta
mugarritze bat burutu zen. Sail haietako egurra oso baliotsua zen
Amasaola eta inguruko burdinolen egur-ikatz eskaerari aurre egiteko.
Agidanez burdinarekin lotutako industria Amasaren ardatz ekonomikoetako
bat zen. Ondorioz, lursail horien ustiaketa mugatu edo arautzeak,
Amasari diru premia larriari aurre egiteko aukera eman ziezaiokeen.

Dokumentuetan
jasotako mugarritze ekintza horrek, Amasaren lurrak zeintzuk ziren
izatearekin batera, hamaika izen ematen dizkigu, horregatik, jorratzen
dugun independentziaren gaiari zeharka lotua badago ere, transkribaketa
plazaratzea egokia dela deritzogu. Ikuskatu ziren eta animaliei itxi
zitzaien sailaren mugak honakoak ziren:

“desde
el mojón de Belauriate, que confina con los términos de Berastegui y
Elduayen y por dende ella por el arroyo llamado ‘Ybiaingo erreca’, abajo
Aniçinçerrieta, y dende al puerto llamado Arbiribilla y dende al puesto
llamado ‘Mapilleta-barrenera’, y dende al puesto llamado
‘Gaztaña-bacarra’, que es en el puesto llamado Azpildi. Y dende al
puesto llamado ‘Asquiaco-garayco-sarobearen-goyenera’, y dende al puesto
llamado Abeyeguneaga; y dende allí al puesto llamado
‘Aindico-ayçaren-ganera’, y dende al puesto llamado
‘Aguerdieguico-bunoa’; y dende allí a donde están çinco robles en el
campo llamado ‘Errexil-soroa’, y dende allí al puesto llamado
‘Lasturreta-çabalera’, y dende allí por el puesto llamado Apaciegui
Abajo a Yruerrequeta y dende allí, por abajo, al puesto donde está la
puente de madera de Huegon”.

Beste
herrietan bezala, Amasan ere 1615ko gertakariak ekarritako ondorio
ekonomikoak agerikoak izan ziren. Banantze prozesuari Koroak emandako
baiezkoa ez zen doakoa izan. Guztiaren atzetik monarkiaren diru behar
larria zegoen eta, ondorioz, herriek sosen truke independentzia eskuratu
zuten. Gehienetan diru kopuru altuak izan ziren eta hauei aurre egiteko
udal-lurrak saldu edota dirua zentsotan hartu zen, udalen zortasun
maila ikaragarri igoz. Batzuetan gastu horiek banantze eskaerak egin
zituzten herrien artean elkarbanatu egin ziren; beste batzuetan,
independentzia eskuratu eta gutxira, herriek Elkarte edo Batasunak sortu
zituzten, bereziki Batzar Nagusietako ordezkaritza eta gastuak
partekatzeko. Amasa bera, adibidez, 1631 Anoetak eta Zizurkilek osatzen
zuten Zubiberriako Batasunean sartu zen.

Baina
agidanez, Amasan, independentziaren ordainetan erregeari eman beharreko
dirutza beste kasuetan baino premia handiagoak ekarri zituen. Gastu
horiez gain, aurreko urteetatik abian ziren hainbat auzik beren horretan
zerraiten, eta zentsotan diru andana ere zorpetu zuten. Villabonarekin
ondasun zein eliza mailan zuten jabetza edo administrazio egoera zela
eta, guzien hobebeharrez bi herrien batasun politiko-jurisdikzionala
adostu zen; hau da, udal-gobernu edo udalbatza bateratu bat sortzea.

Asmo
hauek independentzia eskuratu eta gutxira hasi ziren, 1617ko abuztuan;
baina bitarte horretan Amasak bere udala izan zuen. Urte hartako
irailaren 24an, Villabonarekin elkartzeko eginbideak burutzeko
ordezkariak izendatzerakoan, honakoa zen adierazitakoa:

“conzejo,
justizia y regimiento y vezinos d’esta villa de Amasa, oy, día Domingo
que se quentan veinte y quatro días del mes de septiembre de mil y
seiscientos y diez y siete años, estando como estamos juntos y
congregados en nuestro Ayuntamiento y ‘bazarre’ general para tratar y
conferir de las cosas que tocan al seruicio de Dios, nuestro señor, y de
su Magestad y bien vnibersal d’esta dicha villa en el puesto y lugar
acostumbrado, expecial y nombradamente Juanes de Marrubiza y
Legarbarrena, alcalde hordinario de ella y su término y jurisdición por
el rey nuestro señor, y Juanes de Mutio, alcalde de la Hermandad, y
Seuastián de Aguirre y Juan Miguel de Licoluma y Lizarraga, rexidores,
Juan Martínez de Legarra, escriuano del rey, nuestro señor, y del número
del Alcaldía de Aiztondo, Juanes de Legarra de Juanperezena, Domingo de
Osandola, Juanes de Garmendia, Christóual de Ybarguen, Juanes de
Legargoyena, Juan Martínez de Osandola, Juanes de Aranguren ‘de el [sic]
Alcayde’, Domingo de Aranzalde, Juanes de Larrea, Miguel de
Aransastroqui, Juanes de Lizarraga de Arraisti, Lorenzo de Yguerategui,
Miguel de Vgalde, Miguel de Umeeta de Larrañaga, Fermin de Yriberri,
Juan López de Echaondo y Miguel de Muñoqui, todos vecinos d’esta dicha
villa…”
(Villabonako Udal Artxiboa, 116-02)

Era
berean, 1618ko martxoan Juanes Larrea alkate moduan aipatzen da; Juanes
Musturia eta Osandolakoa errejidore kargua betetzen du eta hamabi
betearazle moduan Lorenz Ierategi dugu. Ondorioz, datu hauek galdera
interesgarria dakarte burura: zein izan zen Amasak Tolosatik aldendu eta
Villabonarekin bat egin zuen unea? Amasa zein epetan izan zen guziz
burujabe?

Kontutan
hartu behar dugu 1615 ekintzak ez zuela bat-batekotasunik izan; hau da,
erregeak eskaerak onartu, hiribildu tituluak luzatu, Tolosak helegiteak
jarri eta eginbide guztiak egin bitartean, denbora jakin bat igaro zen.
1620ko abuztuan adibidez, Amasak independiente moduan hiru urte inguru
zeramala adierazten zen; hau da, 1617tik; azken urte honetako abuztuan
aldiz, independentzia urte t’erdi lehenago eskuratu zuela zioten: “por
quanto como es público y notorio, la villa de Amasa hauía sido hasta
agora año y medio sumisa y sometida a la jurisdición de la villa de
Tolosa quanto al conozimiento de las causas ziuiles y criminales de los
vecinos y moradores que hauía hauido
”. Ondorioz, 1615-16 bitartean Tolosaren pean mantendu zela dirudi.

1619an
Villabonak eta Amasak, nork bere aldetik, ordezkariak izendatu
zituzten, ordenantza koaderno berri bat egiteko. Helburua, adostutako
batasun politiko horri esparru teoriko bat ematea zen, gerora praktikan
jartzeko. Legedi berriak udal hauteskundeen nondik-norakoak,
udal-karguak, kartzela edota bilerak egiteko lekua zehaztu zituen. Beste
arloei dagokienez, apenas hartu behar zen erabakirik; izan ere,
amankomunean zituzten esparru horiek urteen poderioz pilatutako
eskarmentuagatik zein usadioengatik arautuak zituzten.

Hurrengo
pausoa bi herrietako ordezkariek izenpetutakoa herri-batzar batean
adostea zen. Hau 1619ko urriaren 3an ospatu zen (GAO-AGG PT 84, 340
au.). Ez zen ordea, ahobatez onartu: bi auzotarrek, Migel Munokikoak eta
Juanes Lizarraga Urreztikoak, ez zuten aurkeztu zitzaizkien
ordenantzekin bat egin. Edonola ere gehiengoak bai, legediari baiezkoa
eman zion. Baina oraindik, egoera berri hau egia bihurtzeko erregearen
eta bere kontseilari eta epaitegien ebazpena falta zen.

Tramite
edo izapideak burutu bitartean bi herriek politikoki bananduta mantendu
ziren, 1620an argi dakusgun bezala. Orduko abuztuaren 6an bi udalbatzek
Juan Martinez Legarrakoa eta Joan Ierategikoaren aldeko ahalordea
ematen zuten eta bertan, Juanes Legarra Joanloperenakoa eta Juanes
Arteagakoa alkateak zeuden; Migel Lakuntzakoa eta Domingo Asuragakoa (?)
hamabiak, eta Domingo Ugaldekoa eta Migel Munoki errejidoreak. Ahalorde
honek islatzen duenaren arabera, bi herriek oraindik bat egin bage
zirauten. Honela dio erregeak hitzartutakoa onartzeko asmoz luzatutako
idatziak:

“para
que acudan a la villa de Madrid y a la Real Audiencia y Chancillería de
Valladolid y a los demás; recogan los recaudos que en razón de la dicha
unión y concordia se hubiesen fecho en el Real Consejo Supremo de
Justicia (…) y pedir la confirmación de los dichos capítulos y unión y
hazer cerca de ello en qualesquier tribunales los pedimientos
nesçesarios y los demás autos y diligencias que se deban hasta que lo
susodicho llebe efecto”
.

Agindutakoa
Felipe III.a erregeak baieztatu zuen, 1620ko abenduaren 9an; duela ia
395 urte. Aste gutxiren buruan, 1621eko Urte Berri egunean,
udal-hauteskundeak ospatu ziren. Ordutik Villabonak eta Amasak udalbatza
bakarra izango zuten, eta orduan hasi zen bien arteko elkarbizitzaren
beste pauso bat.

Iago Irixoa