Aurten komunitatean ‘korapilatuko’ da Getariako Liburutegia

Liburu eta material ezberdinen erabilera publikoaz haratago, herri liburutegiak erabiltzaile ezberdinen topagunerako, ezagutzak elkar-trukatzeko, elkarren arteko sorkuntzarako edota jendarte eredu hobe eta juxtuago bat ernaltzen joateko espazio gisa ulertzen dituzten ikuspuntuak gero eta gehiago finkatzen ari dira egun. Gero eta jakinagoa da liburutegiak liburuz beteriko eta isiltasunean ikasteko espazio itxiak izatetik urrun, denontzako kultur espazio biziak ditugula.

Bada, ikuspuntu honen bueltan, nazioarteko data garrantzitsu batzuk probestu eta ekimen txiki eta sinbolikoak egin izan ditugu Getariako Liburutegian pasa berri dugun 2021 urtean zehar. Datek jorratutako gaiekin liburutegian dugun materiala ikustarazteaz gain, kontzientziak astindu eta piztuta mantentzeko asmoz, batetik. Liburutegiek jendarteetan duten funtzio bizi eta ezinbestekoa azpimarratu nahian, bestetik. Aurtengoarekin hasi aurretik, hementxe eta oraintxe egingo dugu errepaso txiki bat.

Ospatutako lehendabizikoa martxoko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen eta honen harira “Itsaso Morea” deitu genuena ipini genuen. Liburutegiko sarreran itsas sare handi bat zintzilikatu eta ahalik eta aldarrikapen eta literatur gomendio feminista gehien arrantzatzeko asmoa izan genuen. Ondoren, udaberriaren etorrerarekin  Liburuaren Eguna etorri zen, Sant Jordi,  apirilak 23a. Honekin bat egiteko eta Sant Jordik larrosa eta liburuekin duen tradizioa kontuan ere izanik, liburutegia denon artean mezudun loreekin betetzeko deialdia egin genuen. Oraindik hor daude guztion ale kuttunen, literatur gomendioen eta irakurtzeari buruzko abenturari buruzko mezutxoekin liburutegiari bizia ematen. Mundu osoko liburutegien jardun kultural eta komunitario anitza omentzeko eguna ere ospatu nahi izan genuen,  Liburutegien Nazioarteko Eguna. Urrian izan zen eta itsasoko ekosistemei buruzko denontzako jolas saio batekin ospatu genuen. Azaroan, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren txanda izan zen eta Itziar Prats eta Isabel Gallardoren proiektuarekin bat egin nahi izan genuen. Honetarako, liburutegia indarkeria matxistaren kontrako tximeleta more aldarrikatzaile berezi batzuez betetzeko deialdia egin genuen. Baita lortu ere, parte hartutako guztiei esker. Eta hauxe izan genuen urteko azken ekimen txikitxo eta jabekuntzakoa.

Aurten, goian aipatuko ikuspuntuari berriro heldu eta beraz, Getariako herri liburutegia komunitatearen topagune eta elkarrekin ikasteko gune izan dadin nahiko dugu berriro ere.  Hainbat gauza nagusitan jarri nahiko dugu fokua. Batetik, komunitatearekin loturak sendotzean. Bestetik, belaunaldi eta kultur izaera ezberdinen artekoen ezagutzak trukatzeko eremu bat izatean. Azkenik, Getaria berarekin eta mundubirarekin lotuta dauden (eta liburutegian gai ardatz gisa ditugun) ezaugarri edo gai batzuetan: hala nola, itsas munduan, bidaietan, abenturetan eta migrazio eta kultur aniztasunean.“Korapiloa”-ren figura eta metafora baliatuta (komunitatearekiko lotura sendotzeko jarduna islatu nahiko duena) eta Getariako herritarrekin, elementu nagusi hauek guztiak uztartu eta landu nahiko dituzten ekintza eta jardunak burutzea izango dugu asmo.

Honela, hauexek topatu ahal izango ditugu aurten liburutegirako denontzat proposatutakoen artean: “korapiloaren” bueltan  aritu eta Getariako itsas nortasunarekin lotuta egongo diren ekintza interesgarri eta aberasgarri batzuk, Getarian dagoen kultur aniztasuna ezagutzeko aukera emango diguten ipuin eta istorio kontaldi komunitarioak, migrazio eta itsas bidaiei buruzko abenturak ezagutzeko aukera emango diguten ekintzak eta itsas gaiekin lotutako beste hainbat jolas eta saio. Lehen hitzordua  martxoan bertan izango dugu, hain justu ere. Itsas munduko gaiak lantzeko asmoaren barruan, Koldo Almandoz kazetari eta zinemagilea etorriko da berak argitaratutako “Igeri edo ito” itsas eleberri bitxi eta infinitu bezain interesgarriarekin denontzat eta denokin tailer bat egitera. Martxoak 16an izango da hau  arratsaldeko 17.30etan. Beraz, zuen zain izango gara beste behin.

Bidaia honetan abiatzeko prest?