1743 urtean euskara hutsez idatzitako gutun bat, Oiartzungo udal…

Gutuna 1743ko urrian idatzitako eskutitz pribatu bat da. Oiartzungo zirujaua zenak, Auger Greciet (Oier Gerezieta) hazpandarrak, herriko bikarioari, Jose Fagoagari, Fontainebleutik (Frantzia) bidalia.

Hezkuntza jasotako pertsonak dira dira bai bidaltzailea eta bai hartzailea. Gutunean Gerezietak “mesedea” eskatzen dio bikarioari, “Oiartzungo bailaratik kanpo joateko udalbatzak aurretik emana zion baimena luzatzeko kudeaketa” egin zezan. Garaiko harreman sozialetan tratamenduak zuen garrantziaren lekukotasuna ere bada gutun hau: begirunez eta mintzaira jasoan idatzia dago eta etengabeak dira laudorioak, goraipamenak, esaldi jantziak…

Auger Greciet (edo Oier Gerezieta) 1742ko otsailean kontratatu zuen Oiartzungo udalbatzak herriko zirujau izateko. Bere egitekoak odolusteak egitea, bisitaldiak burutzea eta ospitaleko txiroak artatzea ziren, besteak beste. Gerezietak jardun hori burutzeko ezagutza bermatzen zuten tituluak aurkeztu, azterketa gainditu eta Frantziako titulazioa baliozkotu behar izan zituen.

Prozesu horiek egiteko, baimenak eskatu behar izan zizkion udalbatzarrari; horien artean, 1743ko abuztuan hiru hilabetez kanpora joatekoa. Baimen horren luzamendua eskatzeko bidali zuen orain topatu den gutuna.

Momentuz, ez dakigu Fagoagak erantzun zuenik eta, egin bazuen, zein hizkuntzatan erantzun zuen (nahiz eta badakigun baimena luzatu ziotela Gerezietari), ez delako topatu dokumentu hori.

 

Hauxe da gutunaren edukia (gaurko grafiara egokituta):

 

Jauna

Justuki nindake akusatua indiferen batentzat zure partez, zuk niri hainbertzetan ezagutzera emanez geroz zure amodioa nik merezitu gabe, ez banauzu berritzen nire oroitzea zureganat. Hartzen dut, bada, ausartzia zuri eskribitzeko lerro hauek, eta informatzeko hauen medioz zure osasunaren estaduaz eta zure familiarenaz, zoinen komendamenduan aurkitzen bainaiz.

Ezin kunplitu nuen nire obligazionearekin zureganat, ez nire adiskideenganat, borondatearen konforme eta nire obligazioneak galdegiten zuen bezala, Oiartzundik partitzean. Egia errateko ez nuen uste honat beharko nintzela eta ausentzia hain luzearentzat partitzen nintzela. Otoitzen zaitut, bada, Jauna, barkatzeaz nire falta ordukoa.

Grazia bera galdegiten dut nire bertze adiskide guztiez, suplikatzen zaitudalarik, junto beste guztiekila, kontinuatzeaz nireganat zure amodioa, eta obligatzeaz instante urgente honetan, zoinetan aurkitzen bainaiz zure behar handian, obtenitzeko grazia gobernuko jaunenganik, permisionea orain zonbait denborarentzat nire egitekoak galdegiten duten bezala, esperantza osoarekin nago obtenitukoren derautazula grazia hori, segurtatzen derautzudalarik korrespondentzia justu batez zureganat eta herriko jaunenganat. Nire ausentzia hain luzea da okasionatua, korte guztia kanpoan aurkitzeaz, baina esperantza osoarekin aurkitzen naiz erreuseaz nire egitekoan denbora laburrean eta, Jaungoikoarekin baitan, nire adiskide guztien ikusteaz eta infernu bizi honetatik galitiaz begibi[…]taraino, zeren naizen hasia fazoin guztiez.

Finitzen dut, Jauna, galdegiten dauzudalarik zure amodioaren kontinuazionea Orobat egiten dut gobernuko jaun guztiei eta bertze nire adiskidide guztiei, ahantzi gabe mediku jauna.

Barkatu nire ausardia, segurtatzen zaitudalarik nitzala, eta izanen, bizi naizeno, amodio eta humilitate osoarekin, afekzione eta errespetu osoarekin.

 Zure zerbitzari fidela,

Auger Greciet

Fontebleaun, octobre, 21, 1743. Parisetic 14 lekobidetan urrunago.”

 

**Artikulua osorik Oiartzungo Udaleko Komunikazio Arduraduna den Goiatz Labandibarrena da eta hemen irakur daiteke