Igantziko Udal Artxiboa, antzinetik aitzinera

XVIII. mendeko garbilekua, XVI. mendeko Piedadegainako baseliza, San Juan Xar ingurua, herrian barna sakabanatutako hainbat gisulabe,… Herriko ondarea dira, kultura, iragana, artearen eta ohituren eredu… Gaur egun ordea beren jatorrizko funtzioa galdu dute, edo lausotua dago. Dagoeneko ez dira guztiz beharrezkoak. Baina ezin dira inolaz ere erortzen utzi. Honengatik, Udalak planen bidez babestu eta zaharberritzeko proiektuak gauzatu ditu.

Orain arte, ez dira talde horretan dokumentuak sartu. Udalak, bere eguneroko jardunean mendeetan zehar sortu dituen espediente eta dokumentuak. Gorde dira eta babestuak egon dira, baina lanerako tresna izaten jarraitzen dutenez ez zaie bestelako baliorik eman. Urteak dira ordea, udal langileek egoera horretan hutsune bat somatzen dutela. Batetik praktikoa, edozeinek jakin behar du Igantziko Udal Artxiboa hemen dagoela eta kontsultatu dezakeela. Bestetik, erromantikoagoa, etorkizunera begira, zer utziko diegu herritar eta udal langileei?

Eta hala da. Udalak sortu duen eta sortzen duen dokumentazioa legearen ikuspegitik ondarea da. Eta gainontzeko ondareari ematen zaion trataera bera eman behar zaio. Igantziko artxiboan gordetzen diren azken bost mendeetako dokumentu guztiak herriko ondare dira, kultura, iragana, artearen eta ohituren eredu… Han gordetzen diren edukiek oraindik funtzio bat edo gehiago dute (informazioa, legezkoa, ikerketarako, administratiboa…).

Hausnarketa hau izan da hain zuzen azken bi urteetan udala egiten ari den lanaren jatorria. Lan honi esker udalak 2019 urtera arte sortutako edukiak artxiboan gordeak dauzka, ordenatuak eta deskribatuak, aplikazio baten bidez aurkitzeko prest. Duela 500 urtetik honako espediente eta dokumentuak babesteko eta suntsiketa eragozteko, kontserbazio arauak jarraituz egokitu ditu espediente guztiak.

Baina gainera, beste pausu garrantzitsu bat ere eman du. Artxiboaren kokapena aldatu du. Gela egokiago batera lekualdatuko ditu oraingoz ia 700 kutxa hartzen dituen funtsa. Teilatupean bereizketa bat egin eta guztiz modernizatu du artxiboa jasoko duen txokoa. Honetarako, armairu konpaktuak ere erosi ditu. Lekua probesteaz gain, dokumentuak giltzapetuta egongo dira teilatupean.

Azken urteetan udalak hartutako ardurari esker, esan daiteke Igantziko ondarea primeran babestuta dagoela!