Hitzarmen kolektiboaren lehen urratsak

Logika kapitalista, gure egunerokoa goitik behera gidatzen duen bat eta bakarra, kaleko pertsona xumeenetik gutako bakoitzaren eskubide eta ongizateaz arduratzen direla dioten erakunde publikoetaraino. Eskubideak. Ongizatea. Ahoa betetzen duten hitzak poltsikora begiratu bitartean noski, nola bestela?

Artxibo, liburutegi eta museoetan mugitzen gara ereitendarrak, nahiz eta bestelako zenbait txangurrotan aurkitzea arraroa ez izan. Gure lan mundu txiki honetako baso zakar eta ilunetan urte dezente daramatza Ereitenek argi pixka baten bila. Arautu gabeko iluntasunean argiaren bila. Urteetan zehar bila ibilita, azkenean konturatu gara argia bilatzerik ez zegoela, argia bera existitzen ez zelako. Argia eskaini behar zutenak ustelduta zeudelako.

Egoera honen aurrean, argia sortzeko erabakia hartu dugu langileok, gure lurraldean lan baldintza duin batzuen alde, gure eskubideak eta ongizatea bermatuko dituen sektoreko hitzarmen kolektibo baten alde.

Aste honetan sortu dira lehen argi izpiak, sektoreko hitzarmen kolektibora bidean Ereiteneko hauteskunde sindikalak ospatu baititugu. Bertan LABeko hiru ordezkari aukeratu eta argi izpi gehiagoren bila pausoak emateari ekin diogu. Bilaketa Ereiteneko lankideok antolatu dugu, lankideok baikara protagonistak eta gurea baita iniziatiba. Hauteskundeetan izandako parte hartze altuak erakusten du lankide guztion atxikipena ekimen honekiko, guztion elkarlanerako grina eta konpromisoa agerian utziz.